Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azpiegiturak eta euskara dira azkoitiarren kezka nagusiak

Azpiegiturak eta euskara dira azkoitiarren kezka nagusiak

Diputatu nagusia Azkoitiko alkatearekin bildu da, Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko, eta etorkizuneko tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko.

Azkoitiarren proposamen nagusiak, etorkizunari begira, udalerrirako behar diren azpiegiturei eta euskarari buruzkoak dira, hala islatzen baitute herritarren 85 ekarpenek, joan den urriaren 7an Azkoitian jasotakoek Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok datu horien berri eman du, Javier Zubizarreta alkatearekin gaur izandako bileran, hainbat udalerritan egiten ari diren bileren esparrukoan, horien helburua izanik, alde batetik, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzea, eta bestetik, herritarrek egindako ekarpenak elkarrekin aztertzea.

          Erakundeen arduradunek bilera batean partekatu dituzte tokiko proiektu nagusiak, eta jorratu dituzte joan den urriaren 7an Azkoitian kokatutako Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez lortutako ekarpenak eta iritziak. Azkoitiarrei galdetzen zitzaien ea Gipuzkoa 2040an nolakoa izatea nahi duten, eta 80 ekarpen baino gehiago jaso ziren, zeintzuen artean nabarmentzen baitira azpiegituren, euskararen eta gazteen arloekin lotutako proposamenak; ondoren, ekonomiarekin, ongizatearekin, gizarte politikekin eta kulturarekin zerikusia duten alderdiak. Besteak beste, herrian parke gehiago, skate zona bat edo euskara gehiago erabiltzea desio dute azkoitiarrek.

          Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak azpimarratu duenez, “bai Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez bai Herrilab+700 markapeko partaidetza-prozesuen bidez, entzute aktiboko ariketa bat egiten ari gara, zalantzarik gabe lagungarri zaiguna bai kudeaketan eta erabakiak hartzean, bai entzute aktibo eta etengabean, egunero gaudelako harremanetan gure bizilagunekin. Bitarteko horiei esker, herritarren aurrean irekitzen gara, haiengana hurbiltzen gara, eta elkarlaneko gobernantza bat sustatzen dugu, non denok sentitzen garen partaide”.

          Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, bi urtez luzatzen den pandemia baten testuinguruan, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea, eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkor bat izaten ari da, dagoeneko 21 udalerritan eta lau unibertsitate-campusetan egon baita, eta 3.000 ekarpen baino gehiago jaso baitira. Olanoren iritziz, Etorkizuna Eraikiz, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko 2016an proiektu hau abian jarri zenetik, dagoeneko herritarren 125 proiektu bultzatu ditugu; abian daude 32 proiektu esperimental; eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu, erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, adierazi du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren beren partaidetza bultzatzea. “Gainerako erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren partaidetzak indar handia ematen dio gobernantza-eredu berri honi. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko”, amaitu du.

         

Aurrea hartzeko bigarren tartea GI-631 errepidean

Zubizarretarekin egindako bileran, zeinean parte hartu baitu Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek ere, foru agintariek jakinarazi dute ondo doazela Foru Aldundia GI-631 errepidean egiten ari den obrak, eta aurreratu aste honetan adjudikatu dela errepide horren bigarren tartea egiteko proiektuaren idazketa. “Azkoitia eta Urretxu artean GI-631 errepidea berritu eta hobetzea da, gaur egun, proiektu estrategikoetako bat Foru Aldundiarentzat”, Olanok adierazi duenez, eta azpimarratu du proiektu horrek garrantzi handia duela Urola eskualderako. “Erritmo onean doaz aurrea hartzeko hiru tarteetako lehenengoaren obrak, eta espero dugu urtea amaitu baino lehen bukatzea; bien bitartean, aste honetan, bigarren tartearen idazketa adjudikatu dugu. Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarirentzat, bai Zumarragako erreferentziako ospitalera joateko, bai handik Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko. Lan horiei esker, hobetu egingo dira joan-etorri horien segurtasuna eta erosotasuna”, gogorarazi du diputatu nagusiak.

Era berean, nabarmendu duenez, obra hori egiteak berekin dakar apustu garbi bat egitea lurralde orekaren alde, halako moduan ezen, barrualdeko bi eskualdek, Urola Garaiak eta Urola Erdiak, beren konexioak hobetuko baitituzte, eta, horrela, eremu horretako sare ekonomikoaren lehiakortasuna indartuko da. ”Errepide sare eroso, moderno eta seguru bat izatea ere funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero beren lantokietara joaten diren langile guztientzat”, nabarmendu du, eta azpimarratu du azpiegituretan inbertitzea ere oso kontuan hartu beharreko faktore bat dela sustapen ekonomikoaren aldeko politikak bultzatzeko orduan.

          Aurrea hartzeko bigarren tarte hori Azkoitiko udal mugartean dago; 1.450 metro luze izango da; eta asmoa da errepide tarte hori zabaldu eta hobetzea. “Errepidearen plataforma zabalduko dugu, harik eta aurrea hartzeko balioko duen hirugarren errei bat eduki arte, aurrena Urretxuko noranzkoan, eta gero, kontrako noranzkoan. Baita ere hobetuko dira zenbait baserritarako sarbide baten segurtasun baldintzak”, azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gaineratu duenez, aurreikusitako jarduketaren ezaugarri nagusia da ahalik eta gehiena aprobetxatzea lehendik dagoen plataforma, “kontuan hartuta geologia motako zailtasun handiak daudela”.

          Bigarren tarte hori idazteko zitazioak 7 hilabeteko gauzatze epea dauka, eta 103.818 euroko aurrekontua.

GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak 45,5 milioi euroko aurrekontu osoa du, eta obrak 2020an hasi ziren, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Ez bakarrik bi noranzkoetan aurrea hartzeko erreiak izango dituzten hiru tarte egitea, non erradioak eta bihurguneen ikuspena handituko diren, baita ere planteatzen da Urretxuko sarreran zortzi bihurgune hobetzea eta laugarren tarte bat egitea, non trazadura ere hobetuko den. “Jarduketa horien bidez, nabarmen hobetuko dira errepide horretatik igarotzen den trafikoaren arintasuna eta segurtasuna”, adierazi du foru diputatuak.

 

 

  

3065