Gipuzkoak berreskuratu egin du Ruiz Balerdi pintorearen legatuaren zati garrantzitsu bat
Gipuzkoak berreskuratu egin du Ruiz Balerdi pintorearen legatuaren zati garrantzitsu bat
Bilboko Arte Ederren Museoan zeuden 217 pieza Gordailura eraman dira.
Aldundiak eta legatu-hartzaileek adostu dute Bilboko Arte Ederren Museoan zeuden 217 pieza Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora eramatea eta bertan zaintzea.
Paper gaineko obren katalogo arrazoitu bat egingo da pintorearen obra zabaltzeko, eta erakusketa bat antolatuko da Koldo Mitxelena Kulturunean. Zaintzaren ordainean Aldundiari pintura bat emango zaio dohaintzan.
Itxaso: «Gipuzkoako ondarearen esparruan izan daitekeen albisterik onenetakoa da; izan ere, Balerdiren obra berreskuratzeaz gain, obra hori sustatzen, zabaltzen eta kontserbatzen lagunduko dugu».
Denis Itxaso Kuturako diputatuak iragarri du Bilboko Arte Ederren Museoan gordailuan zeuden Rafael Ruiz Balerdiren pinturak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora eraman eta deposituan utzi direla. Gordailu hori lankidetza hitzarmen baten emaitza da, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arte Ederren Museoak, eta Balerdiren legatuaren oinordeko Hilde Koch andreak sinatutakoarena. Prentsaurrekoan parte hartu dute Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak eta Carlos Olaetxea Gordailua zentroko zuzendariak.
217 obra hauek egilearen bilakaera sortzailea erakusten dute.Lekualdaketa horren bidez, Aldundiak nahiz legatuaren jabeak Balerdiren obren balio artistikoen azterketan sakondu nahi dute eta, halaber, obra horiek kontserbatu eta zabaldu. Gordailuak hamar urteko iraupena izango du hasiera batean, baina epe hori luzatu ahal izango da; gainera, funtsak gehitu egin daiteke datozen urteetan, Koch andearen jabetzakoak diren Balerdiren zenbait obra grafikorekin.
Bilduma hori Gordailua zentroan zaindu eta kontserbatzearen ordainean, Aldundiak mihise gaineko pintura bat jasoko du dohaintzan. Pintura hori bi aldeak ados jarrita hautatuko da, Aldundiaren bilduma irizpideen arabera, eta bere bilduma osatzera igaroko da. Dohaintza hori bost urteko epean egingo da gehienez ere.
Rafael Ruiz Balerdi (1934-1992) margolari bikaina berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarraldietako euskal abstrakzioaren artista adierazgarrienetako bat izan zen. Marrazkilari handia eta berebiziko kolorista, mugimendu informalistako kide izan zen, eta, beste batzuekin batera, euskal panorama artistikoaren berrikuntzan eragin handikoa izan zen Gaur taldea sortu zuen. Bere obraren kalitate artistikoa behar adina egiaztatuta dago, hala nola Gordailuko instalazioetan obra hori jendeari erakusteko interesa ere.
«Gipuzkoako ondarearen esparruan izan daitekeen albisterik onenetakoa da. Legatu honi esker Balerdiren obra bikainaren zati garrantzitsu bat berreskuratzen dugu Gipuzkoarentzat eta, halaber, Aldundiaren eta, beraz, Gipuzkoaren ondare artistikoa handitzen dugu. Baina, obra berreskuratzeaz gain, obra hori sustatzen, zabaltzen eta kontserbatzen lagunduko dugu. Interesa duten herritarrek obra horiek ezagutzeko aukera izango dute, bai aurrez programatutako bisita gidatuen bidez, bai erakusketa puntualen bitartez edo hainbat museo edo arte aretori egingo diegun mailegu bitartez.
Aldundiak Balerdiren obra gizarteratzeko konpromisoa hartu du, bere lana ezagutarazteko hainbat ekimen gauzatuta. Horrela, artistaren obrari buruzko erakusketa bat antolatzea aurreikusten da (banakoa edo testuinguru zabalago batean) Koldo Mitxelena Kulturunean, eraikina zaharberritu ondoren, oraindik erabakitzeke dagoen datan. Gainera, Aldundiak piezen aldi baterako mailegua eta/edo lekualdaketa baimendu ahal izango du.
Objektuak dohainik entregatu zaizkio Aldundiari komodatu-kontratuaren figura juridikoa erabiliz.
Obraren kontserbazio egoerari buruzko txostenekin batera eta gordailuaren inguruan museoak sortutako informazio guztiarekin batera mugitu da bilduma Bilboko Arte Ederren Museotik eta Gordailua zentroko taldeari eman dio obra osoaren dokumentazio fotografikoa, Gordailua zentroaren datu basearekin bateragarria den formatu informatikoan.
Halaber, funtsaren gordailuari dagokionez, hiru alderdiek adostasun batera iritsi dira Balerdiren paper gaineko obren katalogo arrazoitu bat egiteko eta pintorearen obra ezagutarazteko eta zabaltzeko. Gaiaren inguruan ezagutza duen espezialista batek egingo du katalogo hori, gero argitaratzeko. Horren truke Aldundiak 65.000 euro jarriko ditu.
2081