Gipuzkoak basoen kudeaketarako darabilen eredua kontrastatuko du Finlandiarekin
Gipuzkoak basoen kudeaketarako darabilen eredua kontrastatuko du Finlandiarekin
Aldundiko ordezkaritza bat, Imanol Lasa buru duela, herrialde eskandinaviarreko eragile eta erakundeekin bilduko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gertutik ezagutuko du Finlandiako baso kudeaketako eredua, Finlandia erreferentzia baita mundu mailan baso kudeaketari dagokionez, eta Gipuzkoako basogintza sustatzeko darabilen estrategia kontrastatuko du, herrialde eskandinaviarreko eragile instituzionalekin, ekonomikoekin nahiz hezkuntzakoekin. Horretarako, foru ordezkaritza, zeina osatuko baitute Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Ingurumeneko diputatu Imanol Lasak, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuñok eta Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Xabier Arrutik, hainbat bilera eta topaketa egingo dituzte datozen urriaren 2an, 3an eta 4an.
Finlandia eta Gipuzkoa bat datoz sektore honek duen garrantziari dagokionez, bai basoen hedaduragatik -lurraldearen % 65 eta % 62 hurrenez hurren-, bai jabetza ereduagatik. Herrialde eskandinaviarrean, basoen % 60 pribatuak dira, eta bost herritarretatik bat baso azalera baten jabe da. Gipuzkoan, jabetza pribatua % 80ra iristen da: guztira 9.000 basojabe daude. «Ikuspuntu bera dugu; izan ere, bai Gipuzkoan bai Finlandian basoen kudeaketa orekatuaren aldeko apustua egiten dugu, arlo guztietan lehiakortasuna eta jasangarritasuna uztartuz. Eta basogintzaren sektorea sustatzeko ahalegina egiten dugu, sektore honek balio ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa, aisialdikoa nahiz paisajistikoa sortzen baitu, eta, horregatik, gure etorkizunaren parte izan behar du», azpimarratu du Imanol Lasak.
Bisitaldian, ordezkaritza gipuzkoarrak xehetasunez ezagutu ahal izango du nola aurre egin dien Finlandiak hainbat erronkari, hala nola biodibertsitatea, belaunaldi aldaketa, garapen ekonomikoa, lankidetza publiko-pribatua eta sektoreak duen garrantziaren inguruko kontzientziazioa. Finlandiak 80 trilioi zuhaitz ditu, baso azalera hedatzen joan da urtez urte, eta 1995etik basogintzak 229.000.000 euroko ekarpena egin du esportazioei dagokienez. Basogintzaren inguruan benetako industria bat garatu da: egurraz eta paperaz gain, berrikuntzarekin lotutako gaiak landu dira baso baliabideetatik abiatuta, hala nola material eta erregai berriak.
«Aldundia, Gipuzkoako elkarteekin eta herritarrekin batera, etorkizuneko sektore ekonomikoak garatzen ari da: industria aurreratua, elektromugikortasuna edo biozientziak, besteak beste. Ikuspegi hori baso kudeaketara eraman nahi dugu, hartara, sektorearekin lankidetzan, bioekonomia zirkularrerantz igarotzeko. Ziur gaude bidaia hau probetxuzkoa izango dela zentzu honetan», adierazi du diputatuak. Gaineratu du Finlandia erreferentzia dela, halaber, «prestakuntza mailari» dagokionez. Bestalde, basoen kudeaketak duen garrantzia herritarrei helarazten jakin du, «kontzientziazio, sentsibilizazio eta heziketako neurriekin». Neurri horiek guztiak bertatik bertara ezagutuko dituzte, «Gipuzkoan zeregin handia baitugu oraindik arlo horretan».
Proiektu horien artean dago «EduPark education and business ecosystem». Gipuzkoako ordezkaritza proiektu horren arduradunekin bilduko da, basoen eta haien kudeaketaren balioaz jabetzeko gizarteari igortzen dizkieten mezuak ezagutzeko. Ikerlariak, hezkuntzaren arloko eragileak, basojabeen elkarteak eta abar biltzen dituen Landutako Basoen Europako Institutuko (IEFC) presidentearekin ere egongo da foru ordezkaritza, eta bertatik bertara ezagutuko du Joensuun egindako lana: Ipar Kareliako hiri hau Europako Baso Hiriburu izendatu zuten 2011n. Han, hainbat erakunde ezagutuko ditu, hala nola Forestry Center, zeinak eskualdeko baso programak koordinatzen baititu, eskualde mailako gobernua, nahiz Europako Baso Institutua (EFI), besteak beste.
3213