Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Berdintasun ikuspegia duen sexu-heziketa beharrezkoa da nerabeek tresnak izan ditzaten indarkeria matxista atzeman, gaitzetsi eta salatzeko

Berdintasun ikuspegia duen sexu-heziketa beharrezkoa da nerabeek tresnak izan ditzaten indarkeria matxista atzeman, gaitzetsi eta salatzeko

Berdintasunerako Organoak eremu digitaleko indarkeria matxista prebenitzeko antolatu duen lanketa saio berezian hartu du parte Eider Mendoza diputatu nagusiak.

2023/11/24
Berdintasuna

Sarean eta aplikazioetan ematen diren emakumeen aurkako erasoei buruzko Gipuzkoako lehen ikerketa abiaraziko du Foru Aldundiak programa bereziak martxan jartzeko.

Haur eta nerabeen esku-eskura, sarean aurki daitekeen bortxazko eduki matxista eta horrek gaztetxoen garapenean dituen ondorioak aztertu dituen lan-saio batean hartu du parte Eider Mendoza diputatu nagusiak gaur, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan, hain zuzen. Eguna bera testuinguru gisa hartuta eta adingabeei zuzendutako eduki pornografikoa partekatzen zuten txat taldeek piztutako alarma aintzat hartuta, Mendozak berdintasun ikuspegia duen sexu-heziketaren beharraz ohartarazi du, honela, “nerabeek tresnak izan ditzaten indarkeria matxista atzeman, gaitzetsi eta salatzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoak antolatutako saio honen bidez, eremu digitaleko jazarpen matxista landu eta gazteen artean ikuspegi kritikoa sustatu nahi da, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eragile aktibo bihur daitezen. Hala, Berdintasunerako Organoak 2024an Gipuzkoa mailan sare sozialetako jazarpen mota honi buruzko lehen ikerketa egingo dela aurreratu du diputatu nagusiak, prebentzio programa osatu eta aholkullaritza eta formazio saioak bideratu ahal izateko.

 

Azaroaren 25eko urteroko hitzorduaren bueltan Aldundian antolatutako topaketa batean partekatu du diputatu nagusiak hausnarketa, Elgoibarko Meka L.H. ikastetxeko Genero Berdintasunaren Sustapena goi-mailako zikloko ikasleekin batera egindako topaketa batean. Bertan, Berdintasun Organoko zuzendariarekin eta teknikariekin batera eta Eider Goiburu pedagogo eta psikologoak gidatuta, eremu digital berrietan emakumeei egiten zaien jazarpena eta sare sozialetan eta on-line pornografian eszenifikatzen eta partekatzen den indarkeria matxista aztertu dituzte, berdintasunaren ikuspegitik abiatuta hezkidetzarako eta gizarte-sentsibilizaziorako gakoak partekatuz.

 

Hain zuzen, Donostian eta Irunen adingabeen artean gorroto eta indarkeriazko mezuak eta eduki pornografikoak zabaltzen zituzten ‘WhatsApp’ taldeen harira, aktualitateak gai hori “arretaz eta sakonki” heltzeko behar larria berretsi duela azaldu du diputatu nagusiak. “Berdintasun perspektiba da gakoetako bat, gazteei errealitate honen aurrean baliabideak eta ikuspegi kritikoa emateko”.

Lanketa abiarazita

Aldundiaren Berdintasunerako Organoak, lehen saio honekin, eremu digital berrietan ematen den jazarpena aztertzeko eta sentsibilizazioa areagotzeko lan-ildo berri bati ekin dio. Eider Goiburu adituaren eskutik, hala, Elgoibarko LHko zentroko ikasle taldeak formazio saio berezia egin du Aldundiko arduradunekin foru jauregian. Halaber, Berdintasunerako Organoak eremu digitaleko jazarpen matxista jorratuko duen Gipuzkoako lehen ikerketa jarriko du abian datozen asteetan. Hala, azterketa egin eta gero, lurraldeko errealitateari egokitutako prebentzio eta aholkularitza programa berezi bat diseinatuko da. Halaber, diputatu nagusiak azpimarratu du hezkuntza ez formaleko baliabideak dituela eskura Aldundiak hezkuntza zentroentzat eta guraso taldeentzat, Gazteria zuzendaritzak bultzatutako TREBA Gurasoak programa, esate baterako. Gurasoei ere baliabideak eskaintzen dizkie baliabide honek. “Ama eta aita askorentzat gai deserosoa izan daitekeen arren, eta kasu askotan kosta egiten bada ere, konfiantza sortu eta gaiari elkarrizketaren bidez heltzea, gazteen garapen afektibo eta sexual ona izateko bidea da”.

Pornografia eta sexu-hezkuntza

Aurtengo azaroaren 25eko sentsibilizazio kanpainari dagokionez, indarkeria matxista gertatzen den eremu berriak agerian jarri dira eta on-line pornografiari arreta eman zaio, Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da lemarekin. Hiru Aldundiek, Emakundek eta EUDELek elkarrekin bultzatutako kanpaina honen bidez, ohartarazi nahi da haur eta nerabeek eduki mota hori gero eta goizago eta modu orokortuan eskura dutela, eta horretaz jardungo du kanpaina zabal batek. Adierazpen instituzionalak eta informazio-kanpainak pornografiak adingabeen sexu-, afektibitate- eta gizarte-heziketan duen eraginaz kontzientziatzea dute helburu, bai eta gero eta gazteago eduki horiek kontsumitzeko ohituraz ere, inolako kontrolik eta mugarik gabe. Pornografia-eszenen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria erakusten dute; “‘Save the Children’ erakundeak Euskadin egindako azken ikerketak emandako datuei erreparatuz gero, haurrak 12 urtetik aurrera hasten dira pornoa online ikusten, eta lau nerabetik hiruk eduki hori hartzen dute erreferentzia gisa.

  

1378