Berdintasuna etxean hasten da
Berdintasuna etxean hasten da
Erantzunkidetasuna ikastetxeetako gurasoekin lantzeko ikastaroak abiaraziko dituzte Beasainen
Beasaingo 1.700 haurren gurasoek erantzunkidetasunean formatzeko aukera izango dute datozen asteotan, HerriLab egitasmoaren testuinguruan abiarazi berri den ‘Berdintasuna etxean hasten da’ proiektuaren bitartez. Lehen Hezkuntza eskaintzen duten herriko lau ikastetxeek –Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi ikastetxea– parte hartuko dute programa esperimental honetan, non ikasleen familiek, erantzunkidetasuna zer den eta zer nolako garrantzia duen ohartzeaz gain, balio erantzunkideak transmititzeko estrategiak landuko dituzten.
Hala jakinarazi dute gaur Beasaingo udal liburutegian eskainitako prentsaurrekoan Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak; Amets Arrospidek, Beasaingo Udaleko Berdintasuneko zinegotziak, eta aipatutako lau ikastetxeetako ordezkariek. Joan den hilean ezagutzera eman zuten Igartza jauregian HerriLab egitasmoaren ekintza plana, zeinen bitartez Goierriko herria kontziliazio erantzunkiderako laborategi bihurtuko den datozen lau urteotan. Behin bide orri hori aurkeztuta, abian jartzen den lehen ekimena izango da Berdintasuna etxean hasten da.
Aldi berean, programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017an martxan jarritako Kontziliazio Erantzunkiderako I. Foru Planean kokatzen da. Ekintza esperimentala izango da, beraz, jarduerak berak emango baitu aurrera jarraitzeko beharrezko pausoetarako pista. Izan ere, familiak ez dira diskurtso itxi bat entzutera joango, parte hartzera baizik, elkartrukerako gunea izanik. Horregatik, ekimena Beasaingo lau ikastetxeetako bakoitzean burutuko da abenduan eta urtarrilean, haien behar eta egunerokotasunari egokituta. Jasotzen diren ondorioak, ondoren, programan txertatuko dira eta formazio egitasmo hau lurralde osoan hedatzeko lan egingo du Aldundiak.
Sentsibilizazio saioak ikastetxe bakoitzean izango dira, zentroak berak adostutako egunean, formakuntza plana eta gainontzeko ekintzak kontuan hartuta. Parte hartzeko interesa duten gurasoek izena eman beharko dute ikastetxeak berak bidalitako mezuari erantzunez. Saioak abendua eta datorren urte hasieran zehar burutuko dira, eta edonola ere gurasoei datu zehatzen inguruko informazioa helaraziko zaie.
Berdintasuna etxean hasten dela ukaezina denez, bada elkarbizitza unitate eta familiei eskaini beharreko arreta bat, sentsibilizaziorako eta funtzio hezitzailean esku-hartzea izan dezaten. Nahi izatea garrantzitsua baita, hain zuzen ere, baina lan hori emankorra izan dadin tresnak ematea da programa honen helburua: erantzunkidetasuna zer den ikastetik haratago, gure bizitza personal zein kolektiborako ezinbesteko konpetentzia eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean oinarrizko urratsa dela barneratzea.
Ikastetxe bakoitzeko gurasoei bi saio eskainiko zaizkie. Esate baterako, erantzunkidetasunak berdintasunerako estrategia gisa erabiltzearen onurak, maskulinitate eta feminitate eredu tradizionalaren aurrean familiatik eredu berriak transmititzearen beharra, edota familiak genero sozializazioan duen eragina.
Horrenbestez, landuko diren helburuak hauetxek dira:
- Genero sozializazioan familiak edo elkarbizitza unitateak betetzen duen papera zein den aztertzea, eta honek emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean duen garrantzia barneratzea.
- Genero esterotipoen transmisioan eta sexuaren araberako lanaren banaketan familak edo elkarbizitza unitateak duen eragina aztertzea.
- Zaintza, lan eta etika gisa. Zaintzaren bitartez, bizitza erdigunean jarri eta horren iraupenerako ikuspegi funtzionala eta etikoa lantzea. Gure haurrak zaintzaren etikan eta izaera enpatikoan heztearen garrantzia barneratzea.
- Maskulinitateak. Erantzunkidetasunaren barne, gizonen arduraren inguruko azterketa. Aitatasun eredu berrien garapena eta bere onurak ikusaraztea.
Saio hauek burutzeko metodologiari dagokionez, parte-hartzaileek euren ibilbide propioa eraiki dezaten nahiko genuke, bakoitza bere esperientziatik abiatuta. Egunerokotasunari lotuak eta osatzen dugun taldeari egokituta, hizkuntza, adin tarte, ulermen maila eta honelakoak kontuan hartuta; eta ez bakarrik teorian oinarrituta, praktikoa baizik, ariketekin, hausnarketekin… Horretarako euskarri moduan koaderno bat presatu dugu parte-hartzaile bakoitzarentzat, aurkezpen bat, bideoak eta ariketak. Guztia hezkidetzan oinarrituta.
HerriLab proiektuaren bide-orria martxan
HerriLab proiektua 2018an abiarazi zen eta ordutik, herritarren bizitza pertsonal, familiar eta profesionalari buruzko ikerketa bat egin dute –350 lagunek parte hartu dute inkestan– eta ekintza plana osatu eta aberasteko hiru tailer garatu dituzte, 40 eragile eta ordezkariren partaidetzarekin. Lan horren guztiaren ondorioz, 2019-2023 tarterako egitasmoak definitu dituzte guztien artean. Plangintzaren garapenerako, gainera, talde eragile bat sortu da, herritarren inplikazioa sustatu eta ekintza zehatzak definitzen jarraitzeko.
Kontziliazio erantzunkidea terminoa bizitza pertsonala, zein familia eta lan bizitza kontziliatzeaz ari da, ezinbestekoak baitira bizitzari eusteko; gizonezkoek etxea eta familia zaintzeko duten erantzunkidetasunetik, bai eta erakundeek, komunitateak eta lan-munduak zaintza lanekin –ezinbestekoak baitira bizitzari eusteko– duten erantzukizun sozialetik eraiki beharreko kontziliazioaz.
Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, gizarte aurreratu eta modernoa izateko ezinbestekoa dugu "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitzeko” eta guztion bizitza “aukera-berdintasunean garatzeko” lana. Hori lortzeko “palanka nagusietako” bat da kontziliazio erantzunkidea, Elgarrestaren esanetan. Gehitu duenez, Beasaingo ikastetxeetako gurasoek erakutsi dute interesa kontziliazio erantzunkidean aurrera pausoak emateko. “Berdintasuna etxean hasten da ekimenaren bitartez aurrerabidean pausoak ematen jarraitzeko tresnak eskaini nahi dizkiegu”, amaitu du.
2512