Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bergarako Mariaren Lagundia ikastolak irabazi du fiskalitatea berritzeko gazteen ideia lehiaketa

Bergarako Mariaren Lagundia ikastolak irabazi du fiskalitatea berritzeko gazteen ideia lehiaketa

Azkenengo ikasturtean ia 100 ikastetxek eta 3.800 ikaslek hartu dute parte Gipuzkoako foru Ogasunak sustatzen duen zerga heziketako unitatean

Gipuzkoako Foru Aldundia

CPEIPS Mariaren Lagundia Bergarako HLBHIP Ikastolak Ogasun eta Finantza departamentuak antolatzen duen fiskalitatea berritzeko gazteen ideia lehiaketako lehen saria lortu du, departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen den zerga eta ekonomia heziketa unitatearen esparruan. Zerga Connect proiektu irabazleak zergadunek ordaindutako zergen xedea herritarrei erakustea planteatzen du. Horrela, osasun-zentroetan, autobusetan eta zergen bidez finantzatutako gainerako zerbitzuetan jarriko liratekeen pegatina identifikatzaile batzuk sortu eta jartzea proposatzen dute.

Bigarren saria Zarauzko IES Lizardi BHIren Gipuzkoa Gara! proiektuak irabazi du. Kasu honetan ikasleek bideo bat aurkeztu dute telebistako albistegi bat irudikatuz. Bertan, zerbitzu publikoak eta ongizate-estatua erantzukizunez mantentzearen garrantzia ikusarazi dute eta proposamen ezberdinak egin dituzte iruzurraren aurkako borrokari buruz, eta baita Ogasunaren webgunean zergadunei bere zerga-betebeharrak betetzen laguntzeko garatu litezkeen mekanismoak proposatuz.

Sari banaketa gaur arratsaldean egin da Ogasun eta Finantza departamentuaren bulego nagusietan, Errotaburu Dorrean, Donostian. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak parte hartu dute ekitaldian, lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariekin batera. Eider Mendozak, bere hitzaldian, zerbitzu publikoek gizarte-kohesioaren mailari eusteko duten funtsezko zeregina azpimarratu du. “Fiskalitatea bezalako mekanismoen bidez, gizarte-aberastasuna modu orekatuan birbana daiteke, eta, aldi berean, errepideen, gizarte-politiken edo suhiltzaileen zerbitzuaren mantentzean, adibide batzuk aipatzearren, inbertitzea posible egiten du, bai eta lurraldearen aurrerapen ekonomiko eta soziala modu jasangarrian eta epe luzera bermatzen duten proiektu estrategikoetan ere” esan du.

Ildo horretan, zerbitzu horien finantzaketa bermatzeaz arduratzen den Ogasun eta Finantza departamentuaren rola nabarmendu du. Mendozak adierazi du garrantzitsua dela zerga eta ekonomia hezkuntzako unitate didaktikoa bezalako ekimenak egitea, gazteek kontzientzia har dezaten zerga-sistemak lurraldeko gizarte-ongizate integralaren bermatzaile gisa duen garrantziaz.

 

Unitate didaktikoa

Bestalde, Jokin Peronak dei egin die Gipuzkoako ikastetxeei zerga eta ekonomia unitatean parte hartzen jarraitzeko. Perona pozik agertu da ekimen hori ekonomiaren eta zergen alorrean gazteen prestakuntzari dagokionez izaten ari den emaitzarekin. Azaldu duenez, “duela hamar urte abian jarri zenetik, atxikitako ikastetxeen kopurua handituz joan da urtez urte, eta, gaur egun, ia 100 ikastetxek parte hartzen dute ekimen horretan, bere arrakasta argi erakutsiz”. Unitate didaktikoa ikasleei ematen zaie DBHko 4. mailatik aurrera, eta ikasleen artean, besteak beste, kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzea du helburu. Bertan, euskal zerga-sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzen dira, administrazioak ematen dituen zerbitzu publikoak bildutako diruarekin identifikatzen dira eta zerga-iruzurrari aurre egitearen garrantziaren inguruko eztabaida bultzatzen da.

  

1426