Berrikuntzatik, gizarte eraldaketa bultzatuko dute Debagoienean
Berrikuntzatik, gizarte eraldaketa bultzatuko dute Debagoienean
Konpromisoa hartu dute gaur Debagoiena 2030 sarea osatzen duten erakundeek eta Aldundiak.
Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarearen Gobernu Batzordea osatzen duten eragileek etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko konpromisoa erakutsi dute gaur, Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako ekitaldian. Debagoieneko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko 13 erakundek sinatu dute hitzarmena. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa
Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak, Fagorreko presidente Joxean Alustizak, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek eta Gizabidea Fundazioko Elena Herrartek.
Gaurko sinatze ekitaldiarekin, XXI. mendeko erronka globalei erantzun propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko sortutako egitasmoa bultzatzeko asmoa erakutsi dute. Honela mintzatu da ekimenaren gidaritzaren ardura duen Gizabidea Fundazioko Elena Herrarte: “Klima aldaketa, digitalizazioa, jendartearen aniztasun hazkorra eta horren ondorioz inklusioak erakusten dizkigun erronka berriak esanguratsuak dira. Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasiera puntuan gaudela esan genezake, eta, iraganean bezala, orain ere eskualde gisa, etorkizunera begiratu eta beharrezkoa da erronka hauei erantzuteko modu proaktiboan lanean jartzea. Olatu eraldatzaile baten beharra dago”.
Sinaduran parte hartu duten erakundeak izaera askotarikoak dira, hala nola erakunde publikoak, pribatuak zein kooperatibak: Fagor, Arrasateko Udala, Oñatiko Udala, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center.
Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizarentzat, kooperatibak ekimenaren parte izatea zerbait naturala da. “DNAn daramagu erantzukizun sozialarekiko konpromisoa eta eraldaketa bultzatzeko nahia. Elkarrekin emaitzak biderkatu egiten dira”.
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, bestetik, ekimenarekiko konpromiso irmoa azaldu du, “instituzioak izan behar gara bidelagun”. Gainera, komunitatea duen garrantzia nabarmendu du: “Bailara honen bereizgarri da komunitatea; publikoa eta pribatua denaren arteko elkarlana”.
Elkarlanaren eta komunitatearen indarra nabarmendu ditu Goiena Komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek ere: “Uste dut horrelako ekimenek badutela fruituak garatuago eta eraginkorrago emateko aukera. Eraldaketa behar dugu bizitzeko, era neurtu eta egokiago batean”.
Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonen hitzetan, sarea eratzea da gakoa. “Sarea, norbanako, eragile, eta erakundeen artean. Debagoieneko Mankomunitatea bailara moduan elkartzen gaituen erakundea izanik, ezinbestean izan behar da D2030 ekimenaren bidelagun”.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak lurralde ikuspegitik ekimenak duen garrantzia ipini du indarra. “Gipuzkoako Foru Aldundiak loturak bilatuko ditu, Debagoiena eskualdean egiten denetik, gainerako lurraldera”. Eta gaineratu du, D2030 ekimenak bete-betean bat egiten duela aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin.
Debagoiena 2030 ekimena
XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Askotariko eragile eta norbanakoen lankidetzatik, metodologia, proiektu eta ekimenak bultzatu eta konektatuz, erronka horietan inpaktu esanguratsua izan nahi duen sarea sortzen ari da.
Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutrorantz, 2019. urtean egindako esplorazioan oinarrituta, honako hauek dira gaur-gaurkoz identifikatu diren eragin eremu edo arloak; hala, horietan eragiteko langintzak aktibatuko dira: Lanaren Etorkizuna, Energia, Mugikortasuna, Elikadura Sistemak, Hezkuntza, Ekonomia Zirkularra, Inklusioa eta Komunitatea.
Onartutako portfolioa
Eragin eremu horiek oinarri hartuta, ekimenak eskualdeko eraldaketa lortze bidean martxan jarritako proiektu sorta ere aurkeztu du gaurko ekitaldian. Proiektu sorta horrek portfolio deritzona osatzen du. 14 dira guztira aktibatuko diren proiektu edo prototipoak. Eraldaketan eragiteko begirada berri bat eskaintzen du portfolioak, proiektuak elkarrekintzan jartzea bilatzen duena. Modu honetan, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitu egingo dira.
Hemen onartutako 14 proiektuak:
1.- Prototipoaren izena: Debagoieneko Antzerki Plataforma (DAP)
Sustatzailea: Debagoieneko antzerki eragileak
Deskribapena: Debagoieneko arte-eszenikoen eta kultur arlotik egingo den herrigintzarako sostengu izango den plataforma sortzea da helburua, eraldaketa sozialera eta gizarte askotariko, enpatiko eta kohesionatua sortzera bideratua. Hori guztia, ikerketan, saretzean, ikusgarritasunean eta sormenean oinarrituko den eredu baten bidez.
2.- Prototipoaren izena: D2030HUB
Sustatzailea: Goiena
Deskribapena: Goienak komunitatearekin duen harremana indartu nahi du, elkar elikatze horretan jauzi bat eman, sorreratik gizartearekiko duen erantzukizuna indartze aldera. Horretarako, komunitateak eta Goienak berak nola elkar elikatuko duten definituko dugu, parte hartze kanalak irekiz eta sustatuz.
Prototipoak forma emango dio elkar eragiteko modu berri bati, sortzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko eta parte hartzeko proiektu baten bitartez.
3.- Prototipoaren izena: Arizmendi - Torrebaso
Sustatzailea: Arizmendi
Deskribapena: Prototipo honen helburua Almen guneko eskalan etorkizuneko gizarte iraunkorra nolakoa zan behar den irudikatu eta diseinatzea izango litzateke, erronka hauen soluzio berriak prototipatuz: jangela, espazio iraunkorrak, mugikortasuna...
4.- Prototipoaren izena: Jangelak hornitzeko Debagoieneko plataforma
Sustatzailea: Ereindajan Bergara
Deskribapena: Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzea da proiektuaren helburua. Elikadura-kateko katebegien arteko saretzea eta lankidetza handitzea, sinergia ezberdinen sorrera bermatuta. Osasunaren erronkari, elikadura eta kontsumo jasangarriaren sektoretik, kolektiboki erantzutea. Debagoieneko lehen sektoreko ekoizpen agroekologikoa indartzea du jomugan ekimenak.
5.- Prototipoaren izena: Tantai Baso Jabe Kooperatiba
Sustatzailea: Errez
Deskribapena: Proiektuaren helburua baso jabeen –pribatu eta publiko– kooperatiba sortzea da, ustiaketa eredu iraunkorragoa lortze bidean. Basoak egokitzapen ahalmena duten sistema konplexu bezala kudeatuz, ekosistema zerbitzu osoagoak bermatzea bilatuko da.
6.- Prototipoaren izena: Birgaitzen
Sustatzailea: H-enea
Deskribapena: Etxebizitzetako konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu daitezkeela frogatu gura da pilotu baten bidez. Isolamendu soluzioa era kolektiboan eta prezio eskuragarrietan eskainiko zaie errenta baxuko zein pobrezia energetikoa pairatu dezaketen pertsonei.
7.- Prototipoaren izena: Energia komunitatea CER
Sustatzailea: Goiener
Deskribapena: Energia Komunitate Berriztagarri bat edo batzuk definitu eta martxan jarri nahi dira.
Hauen erronka nagusiak hurrengoak dira: hasierako parte hartzaileak ikuspegi zabal eta pluralarekin identifikatzea –publikoa, pribatua, pertsonak, elkarteak, eta abar– eta une oro kide berriei irekita egotea;
komunitateen jarduna identifikatzea –proiektua edo zerbitzua–, autokontsumo kolektiboa hauen lehen jarduna izatea baloratuaz; funtzionamendu arauak definitzea komunitateen onura nagusiak bermatu ahal izateko –ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak–.
8.- Prototipoaren izena: FV Etxean. Kasua sortzen
Sustatzailea: H-enea, Ekitermik
Deskribapena: Etxebizitza komunitate batean autokontsumorako fotovoltaikoak ezartzeko prozesua abiatuko da prototipo honen bitartez. Ondoren, fotovoltaikoak etxebizitza komunitate batean ezarri eta sortuko dituen eraginak neurtuko dira. Kasua sortu eta beste etxebizitza komunitate batzuetan ezarri ahal izateko zabalkunde prozesua garatuko da ondoren.
9.- Prototipoaren izena: BHR. Bero hondakinen errekuperazioa
Sustatzailea: Ekitermik
Deskribapena: Metalen tratamendura zuzentzen diren enpresa industrialetan, tratamendu, beroketa edo fusiorako erabiltzen diren labe industrialek kanporatzen duten beroa autokontsumorako energía elektrikoa sortzera bideratzean datza proiektua. Proiektu honekin, gaur egun alferrik galtzen den energía termikoa, energia elektrikoaren eskariaren zati bat estaltzeko baliatuko litzateke industrian bertan.
Proposatzen den teknologia Europan kontrastatu eta merkaturatuta dago, baina gure eremu geografikoan ezezaguna da.
10.- Prototipoaren izena: Hazi berriak
Sustatzailea: Guhaziakgara
Deskribapena: Guhaziakgara elkartea transformatu gura da, inklusio soziolaboralerako saltoa egin dezan. Elkartearen helburuak, misioa eta bisioa birpentsatuko dira, eskaintzen diren ikastaroen homologazioa lortzeko pausoak emango dira eta ehungintzara bideratutako enpresa-plana garatuko
da.
11.- Prototipoaren izena: Industria-inguruneetako ikaskuntza-soluzioak
Sustatzailea: Mondragon Taldea
Deskribapena: Industria berde eta digitalagoaren bidean, lanaren edukia etengabe aldatzen ari da, eta, honi erantzuteko, trantsizio profesional sakonak bizi eta biziko ditugu gure ibilbide profesional osoan.
Langileen Ikaste prozesuak malguagoak, azkarragoak eta eraginkorragoak egitera bideratzen da proiektua. Horretarako, unibertsitateak, Lanbide Heziketa zentroak, kooperatibak eta beste eragile batzuen ikaste ekosistema osoa inplikatuz.
12.- Prototipoaren izena: Platform coops
Sustatzaileak: Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Taldea
Deskribapena: Digitalizazioa oinarrizko abantaila lehiakorra da garai hauetan. Negozio eredu berri hauek, aldiz, errentagarriak dira jabeentzat bakarrik; esplotatzaileak, berriz, langileentzat, hornitzaileentzat eta ingurunearentzat. Hala, kooperatiben digitalizazio plataformaren bitartez tresna eta eredu berriak sortu gura dira, lan baldintza duin, ekonomiaren hazkunde orekatu eta ingurumenaren
alde egiten duten ekimenak bultzatzeko.
13.- Prototipoaren izena: Talent House
Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea
Deskribapena: Debagoienera talentua erakartzeko eta bertan mantentzeko azpiegitura, ekipamendu, kultur-jarduera eta zerbitzuen proiektu integrala sortuko da. Hiri handiek talentuaren zati handiena biltzen duten honetan, proiektu honekin lortu gura dena da ikasleek, ikerlariek zein profesionalek bizimodu profesional, sozial eta kulturala Debagoienean egitea. Prototipo honek Debagoienaren beharrak identifikatuko ditu, eragile publikoekin, unibertsitateekin, ikasle egoitzekin, zentro teknologikoekin eta enpresekin elkarlanean.
14.- Prototipoaren izena: E-labs
Sustatzailea: Mondragon Unibertsitatea
Deskribapena: E-Lab gizartera zabalik egongo den espazio bat izango da, non enpresekin eta beste agente batzuekin diziplinarteko ko-kreazioa, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuko den, trantsizio industrial jasangarri eta justuaren mesedetan. Hala, E-labs-ek eskualdeko industrialen eraldaketan lagunduko du, eta emisioen gutxitzearekin eta ingurumen-helburuekin lotutako helburuak lortzekoirtenbideak bilatzera bideratuko den espazioa izango da. Era berean, bailarako ongizate ekonomiko, sozial eta laborala hobetzera bideratutako dinamikak egingo dira. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola
Politeknikoa da sustatzaile nagusia.
Webgune berria
Ekimenaren sinadura ekitaldi honekin batera, webgunea ere argitaratu du D2030 ekimenak. Debagoiena2030.eus helbidean aurki daiteke ekimenari buruzko informazio guztia.
2212