Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bertako sagardoa ekoizteko sagarrondoen landaketa indartzeko plana adostu du Foru Aldundiak sagardogile elkarteekin

Bertako sagardoa ekoizteko sagarrondoen landaketa indartzeko plana adostu du Foru Aldundiak sagardogile elkarteekin

Gipuzkoako sagastiak bultzatzeko urtero 300.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Ekonomia Sustapena eta Landa Inguruneko departamentuak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Villabonako Otalarrea etxaldean eman dute gaur ezagutzera bertako sagardoa ekoizteko Sagarrondoen Landaketa Bultzatzeko Plan berria, lurraldeko sagardogileen ordezkari nagusiekin batera. Aldundiak kudeatzen duen etxalde honetara egindako bisitan izan dira, baita ere, Ibon Aburuza eta Oihana Gainzerain, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko eta Sagardoaren Mahaia Elkarteko lehendakariak, hurrenez hurren. Olano eta Aizpuruk eman dute egitasmoaren berri, zeinekin bilatzen den gure “sagardoaren kalitatean salto esanguratsua” ematea, sail berriak egokituz eta sagastiak landatu nahi dituzten ekoizleei lagunduz.

Ekimen hau lurraldeko sagardogileak batzen dituzten bi elkarteekin adostu da eta, akordio horren arabera, Foru Aldundiak sagastien zabalkundea bultzatzeko konpromisoa hartzen du. Batetik,  baserritarrek nahiz sagardogileek eurek egindako landaketa berriak diruz lagunduko dira. Bestetik, sagarra ekoizteko aproposak diren herri lurrak bilatuko ditu, ekoizleei utzi eta haiek landu ditzaten. Aldi berean, lur-sail horietan lortutako fruitua bertako sagarrarekin egindako sagardoa ekoizteko erabiliko dute sagardogileek, zeinek kalitate marka publikoen araudira egokitzeko konpromisoa hartzen duten.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duen moduan, sektoreak bizi duen “arazo endemiko” baten inguruan egindako gogoeta konpartitu batetik abiatzen da aurkeztutako plana. Hau da, kalitate handiko sagar gabezia dago bere jatorrian. Izan ere, azken urteotan asko geldotu da sagasti berrien landatzea, besteak beste, sagardotarako sagarraren erretabilitate baxua tarteko.

“Errealitate honen aurreak diagnosia partekatu dugu eta lan-ildo bat adostu dugu, sektoreari bere osotasunean irtenbide konpartitu bat eskaini nahian. Erantzuna ematen diogu, gainera, lurralderako oso garrantzitsua eta enblematikoa den sektore bati. Horrela, alde batetik, landa inguruetako ekonomia aktibitatearen balioa azpimarratu eta babesten dugu, berekin dakartzan kohesio mailako eta paisaiaren arloko balioak kontuan hartuz. Bestetik, produktu baten kalitatearen aldeko apustua da, sektorearekin batera gure egiten duguna, ezagututa gainera sagardoak atzean dituen ohitura eta kultura aberatsak”, adierazi du Olanok.

Lurraldean 74 sagardotegik egiten dute sagardo naturala eta, hain zuzen ere, guztien artean 9,5 y 10 milioi litro ekoizten dituzte urtean. Gutxi gora behera 13,5 milioi kilo sagar behar dituzte horretarako eta fruitu horretatik lortzen duten sagardoak 15 milioi euroko balioa du merkatuan, orotara.

Gipuzkoako sagastiei dagokienez, 1.100 hektarea sagarrondo daude lurraldean, eta 5 eta 6,25 milioi kilo sagar ematen dituzte gaur egun, urte ona ala txarra izan zifrak aldatzen badira ere. Ondorioz, Gipuzkoak 7,5 milioi kiloko hutsunea du sagardotarako sagarretan, eta horregatik beste autonomia erkidego eta herrialde batzuetatik inportatu behar izaten dute fruta. Horrek esan nahi du urtero 1.860.000 eurok alde egiten dutela Gipuzkoatik, behar adina sagar ekoizteko modurik ez dugulako. Aipatutako defizitari aurre egiteko, berriz, kalkulatzen da 310 hektarea behar ditugula lurraldean.

  

1840