Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Besarkadak ekimena errefuxiatuak hartzeko gaitasun eta jakintza trukearen bidez

Besarkadak ekimena errefuxiatuak hartzeko gaitasun eta jakintza trukearen bidez

Itxaso: "Ekimen honekin, interkulturaren hazia landatu nahi dugu"

  • Itxaso: "Ekimen honekin, interkulturaren hazia landatu nahi dugu"

Denis Itxaso Kultura eta Lankidetza diputatuak, Fernando San Martin Lankidetzako zuzendariak eta Maribel Vaquero Giza Eskubideen zuzendariak Besarkadak ekimena aurkeztu dute Javier Pradini Emaus Fundazioko zuzendariarekin batera. Ekimenaren helburua da Gipuzkoara iristen diren migratzaileak, edo gure lurraldean daudenak, gurera gizarteratzea gaitasun eta jakintza trukatzearen bidez. Trukatze prozedurak edo harremanak Besarkadak izeneko bono-truke baten bidez egingo dira, euroak duen balio sinbolikoa izango duena.

Ekimen honen xedea da errefuxiatuen harreran laguntzea, migratzaile edo errefuxiatuen eta Gipuzkoako eragile sozial eta ekonomikoen arteko topaketa eta trukatze espazio eta prozesuen bidez, haien gaitasunak(kognitiboak, emozionalak, teknikoak, sozialak...), ezagutzak eta esperientziak ikus eta aitortu daitezen, beraien behar praktiko eta estrategikoei elkarrekin erantzuna emateko.  .

Aldundiaren ustez, errefuxiatuak Gipuzkoara etortzea ez da larrialdia eta ekintza humanitarioa soila. Aitzitik, epe luzerako planifikatu behar da, jarduera marko barneratzaile eta integral batean, hartara gatazkatik, indarkeriatik, bazterketatik, ahultasunetik eta eskubide urraketatik datozen pertsona horiek hemen ere baztertuak izan ez daitezen.

Bai Emaus, bai Aldundia jakitun dira pertsona horiek nolako zailtasunak dituzten lanpostu bat eskuratzeko. Alabaina, badakite lanpostua ez dela modu bakarra komunitatearekin loturak ezartzeko, eta badirela formulak, adibidez jakintza eta gaitasun trukatzea, zeinak pertsona horien gizarteratzeari biziki lagunduko diotenak. Trukatze hori Besarkadak esperientzia aitzindariaren bidez gauzatu ahal izango da. Datu base batean, harremanetan jarriko dira zerbitzuak trukatu nahi dituzten pertsona guztiak, beraiek jartzen duten balioan. Balio hori Besarkadak izeneko bono-truke batekin ordainduko zaie.

Emausek izango du programak ongi funtzionatzeko eta gerta daitezkeen abusu guztiak saihesteko ardura.

"Esperientzia aitzindari bat da, ikasteko eta hobetu daitezkeen alderdien berri izateko. Baina uste dugu interkulturaren hazia landatzea dela, epe ertainera eta luzera begira. Gipuzkoarrek erakutsi dute laguntzeko eta gerratik, bereziki Siriatik, ihesi datozen pertsonekin bat egiteko gogoa, eta uste dugu orain gogo hori gauzatzeko aukera dutela Besarkadak ekimenaren bidez, berdinetik berdinera", esan du Denis Itxasok.

Kultura diputatuarentzat proiektu hau ederki dator bat departamentuak sustatzen duen lankidetza laguntzen filosofiarekin, non  askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren eta antzeko balioen defentsa baitago, bizikidetza justu bat sustatzeko, aniztasuna errespetatzen duena. "Mundua gero eta multikulturalagoa da, eta ez dugu nahi gure kultura inposatu, baizik eta elkar ezagutu, elkar errespetatu eta kultura eta bizimodu desberdinak trukatu, eta Besarkadak lanabes egokia izan daiteke horretarako", esan du.

Kooperazio Departamentuak 90.000 eurorekin finantzatzen du ekimena hau. Ondorioz, orain arte abiarazitako programarik garrantzitsuenetako bat izango da. Emaus Gizarte Fundazioa irabazi asmorik gabeko mogimendu bat da eta esperientzia handia dauka migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideen defentsan, eta harrera egiteko eta gizarteratzeko ekimen praktikoak abian jartzen.

  

2028