Bi milioi euro baino gehiago gizarte eta kirol arloko elkarteentzat
Bi milioi euro baino gehiago gizarte eta kirol arloko elkarteentzat
Hirugarren sektoreak %10 gehiago jasoko du 2016an
Diputatuen Kontseiluak hirugarren sektorean lanean diharduten elkarteentzako diru laguntzen oinarriak onartu ditu, irabazi asmorik gabe Gipuzkoan gizarte zerbitzuetan lan egiten duten elkarteentzako laguntzak, alegia. Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak elkarte hauen lanaren garrantzia azpimarratu du: “Gizarte zerbitzuetako babes sistemarako beharrezko piezak dira irabazi asmorik gabeko elkarte hauek eta erakundeok eurekin, elkarlanean, jardun behar dugu. Askotan elkarteak eurak dira premian dauden pertsonengana gerturatu eta dituzten beharrak hobekien ezagutu ditzaketenak”, azaldu du.
Guztira, Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan lanean ari diren elkarteei laguntzeko, 900.000 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak iazkoan baino %10 gehiago. Lasak igoera hau azpimarratu du, esanaz, Markel Olanoren gobernua elkarte hauekin elkarlanean ariko dela eta eredu honekin erabat konprometituta daudela, eta horregatik dutela helburu administrazioaren eta irabazi asmorik gabeko elkarteen arteko elkarlana indartzea.
Deialdia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratzen denetik, hilabeteko epea dago laguntzak eskatzeko. Imanol Lasak azaldu duenez, laguntzak jaso nahi dituzten elkarteek, aurten lehen aldiz, elkarte eta gizarte egoitzen erregistroan izena emanda egon behar dute. Iaz, 80 elkartek jaso zituzten laguntza hauek, aurkeztutako 150 programa garatzeko. Aurten kopuru hori handitzea espero dela aurreratu du.
Gipuzkoako kirol federazioei diru laguntzak emateko 2016 urteko deialdia ere onartu du Diputatuen Kontseiluak. Horretarako Aldundiak 1.287.000 euro bideratuko ditu guztira, lau ildo hauetan banatuta: kirol federazioen ohiko jarduera finantzatzeko -332.000 euro-; eskola kirolerako laguntza teknikora -837.500 euro-; teknifikazio programetarako -90.000 euro-; eta Gazteen Kirol Plana sustatzeko -28.000 euro-.
Kudeaketa Publiko Aurreratuko Eredua
Bestalde, Aldundiaren eguneroko funtzionamendurako Kudeaketa Publiko Aurreratuko Eredua (KPAE) martxan jartzea onartu du Diputatuen Kontseiluak, “eraginkortasunean, desburokratizazioan, eta gizartearen gaur egungo eskakizun eta beharretan oinarritutako kudeaketa” bermatze aldera, foru bozeramaleak esplikatu duenez. Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek elkarlanean prestatutako eredua da KPAE. Funtzionario autonomikoen ekarpenak eta parte-hartzea ditu oinarri, eta EFQM ebaluazio ereduak 20 urtez pilatutako eskarmentua ere barneratzen du. Azken honek duen “ibilbide luze eta arrakastatsua, eta jasotako nazioarteko aitorpenak” aipatu ditu Lasak.
1855