BIC Gipuzkoak 64 ekintzailetza-proiektu eta eta 35 start-up sustatu ditu
BIC Gipuzkoak 64 ekintzailetza-proiektu eta eta 35 start-up sustatu ditu
Sortu zeneko 25. urteurrenean, BIC Gipuzkoak ekintzaile-jardueraren gorakada islatu du
Joan den urtean, BIC Gipuzkoa lurraldeko ekintzaileek aurkeztutako 250 ekimenez arduratu zen; hau da, % 20ko gehikuntza izan da aztertutako proposamenen kopuruari dagokionez. Horietatik 43 enpresa-proiektu berriei laguntzeko Ekintzaile-Txekintek programan sartu dira, eta beste 21 enpresetan barne-ekintzailetzari laguntzeko Barnetekin-Ekintzaile programan. Programa horien esparruan guztira 1.860.000 euroko laguntzak eman dira. Gainera, 2017an, BIC Gipuzkoak 35 start-up sortzen lagundu du.
Joan den urtean BIC Gipuzkoak egindako lanak islatu egiten du lurraldean ekintzailetza-jarduerak gora egin duela. Hala, azken urteetan izandako joera finkatu da. 2017an 250 ekimen aztertu ziren; hau da, aurreko urtearekiko % 20ko gehikuntza izan da. BIC Gipuzkoak, Ekintzaile-Txekintek eta Barnetekin-Ekintzaile bere bi laguntza-programen bitartez, 64 ekimeni babesa eman die; hau da, % 12ko hazkundea egon da 2016arekiko. Halaber, Business Innovation Center Gipuzkoak bultzatutako start-upei dagokienez, % 29 gehiago sortu dira (% 29ko igoera): 35 enpresa gehiago 2017an.
Start-up berri horiek batez ere sektore hauetan dihardute: teknologia digitalak (% 26), bioosasuna (% 20), 4.0 industria (% 17) eta industria-esparrua (% 14). Era berean, 35 enpresa berri horien artean daude sektore hauetan (besteak beste) bildutako ekimenak: kirola, zerbitzuak, energia, aeronautika, ekonomia zirkularra eta material berriak. Oro har, 35 enpresa berri horiek ia 30 milioi euroko bolumeneko inbertsioak eta goi-kualifikazioko 400 lanpostu sortzea aurreikusi dute datozen bost urteetarako.
BIC Gipuzkoak joan den urteko jardueraren balantze hau aurkeztu du gaur goizean izandako prentsaurrekoan. Bertan parte hartu dute Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuko foru- diputatuak eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak.
25 urteen balantzea
BIC Gipuzkoak aurten betetzen du bere 25. urteurrena balantze honekin: onartutako 732 proiektu, eta sortutako 359 enpresa eta beste 108 enpresa dibertsifikatu.
Zifra horiek Gipuzkoako ekintzaile-jardueraren gehikuntza jarraitua adierazten dute, baita horiek lurraldearen lehiakortasunean egindako ekarpenaren aintzatespena ere. 25 urteotan, BIC Gipuzkoak aztertu eta babestutako proiektuek ere aldibereko bilakaera izan dute garapen zientifiko eta teknologiko berriekiko eta, baita ere, merkatuaren behar berriekiko. BIC Gipuzkoak babestutako ekimen guztiek eduki berritzaile handia eta merkatuko aukera handiak dituzte, ahalmen handiko negozio-ereduekin, susperraldian dauden sektoreetarantz betiere bideratutako etorkizuneko apustuan oinarrituta.
BIC Gipuzkoak babestutako proiektuen iraupen-indizea bereziki garrantzitsua da. Izan ere, merkatura atera ziren ekimen ekintzaileen % 80k jardunean jarraitzen dute gaur egun; eta, gainera, horietako asko erreferente nabarmen gisa sektore eta jarduera berritzaileetan.
Historia pixka bat
BIC Gipuzkoa 1993an sortu zen Europako Batzordearen XVI. Zuzendaritza Nagusiak emandako bultzadaren ondorioz. Horren helburua zen Europako eskualdeetan garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatuko zuten enpresa-jarduerak sor zitezen ahalbidetzea. Bultzada horrekin batera, Eibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazioari esker, posible izan zen BIC Berrilan sortzea, berrikuntza sustatzeko eta beren ingurune ekonomikoan eta sozialean balio erantsi iraunkorra ekartzeko gai izango ziren enpresak sor zitezen bultzatzeko.
Bere hastapenetatik jadanik —Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentro gisa—, BIC Berrilanek zenbait jardun-ildotan lan egin du: enpresak sortzen laguntzea, negozioak eta jarduerak dibertsifikatzea, Berrikuntza sustatzea eta kultura ekintzailea garatzea.
Gaur egun, Saiolan-ek ekintzailetzari laguntzeko Arrasaten egindako jarduerak ere integratu ondoren, BIC Gipuzkoak finkatu egin du bere jarduera lurraldearen garapenerako eragile gisa, eta behar adinako gaitasuna du Gipuzkoako ekintzaile eta enpresa berrien behar zehatzei aurrea hartzeko, horietara egokitzeko eta horiei erantzuteko.
Eusko Jaurlaritzaren —SPRI— eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren % 50eko partaidetzaz, BIC Gipuzkoa BICen euskal sarean sartuta dago BIC Arabarekin, BIC Bizkaiarekin eta Bizkaia Ezkerraldearekin batera. Erreferentziazko agentea da lurraldeko ekosistema ekintzailean, eta aliantza-sare bat sortu du unibertsitate, enpresa, zentro teknologiko eta erakunde publiko eta pribatuekin, ideiak enpresa-proiektu bihurtzeko eginkizuna bizkortzeko helburuarekin.
1851