Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bigarren hezkuntzako ikasleen inplikazio aktiboa bilatuko du 'Aniztasunetik Eraikiz' programak

Bigarren hezkuntzako ikasleen inplikazio aktiboa bilatuko du 'Aniztasunetik Eraikiz' programak

Diskriminazio egoerei buruzko aurrez aurreko testigantzak eramango ditu programak ikasgeletara

Aniztasunetik Eraikiz programa aurkeztu eta lantzeko lehen topaketa egin dute gaur goizean Etorkizuna Eraikiz gunean irakasleek, foru arduradunek eta koordinazioaz arduratzen diren elkartearen kideek. Aniztasunaren eta giza eskubideen aldeko programa pedagogiko hau irailaren 15etik aurrera egongo da martxan lurralde osoko 10 ikastetxetan. Diputatu nagusiak gaurko aurkezpenean azaldu moduan, proiektu honekin gazteen inplikazioa bilatuko da "Gipuzkoan giza eskubideen eta aniztasunaren aldeko agente aktibo bihur daitezen". Markel Olanok, gainera, nabarmendu du lehen esperientzia honen azken helburua dela "ikasleak zuzeneko partaide izanda, aniztasunaz jabetu, sentitu eta konprometitu daitezela, diskriminazioaren aurkako agente aktibo bilakatuz". Horretarako, programa honek aurrez aurreko testigantzak eramango ditu ikasgeletara eta 10 pertsonak (migranteak, LGTBI+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak ala erlijio musulmanekoak, adibidez) esperientzia pertsonalak eta diskriminazioarekin lotutako bizipenak partekatuko dituzte gazteekin. Diputatu nagusiak Maribel Vaquero, Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Isabel Jimenez, AGIFUGI ijitoen elkarteko kide eta programako partaidearekin batera egin du aurkezpena.

            Aniztasunetik Eraikiz Aniztasuneko Bizikidetzarako foru planaren ekintzetako bat da, urte hasieran aurkeztua, eta bat egiten du aurten ospatzen den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenarekin. Hain zuzen, euskal erakundeek (hiru Aldundiek, hiriburuetako udalek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak), abiarazi duten Eskerrak Giza Eskubideei programa zabalaren baitan kokatzen da ekimen hau. Gazteenengan du jomuga jarria modu berezian. "Aniztasunaren eta giza eskubideen gaia eskoletara eramateak garrantzi handia du gaur egun eta etorkizunera begira", zehaztu du Olanok, zeren "populismoaren oldarraldi nabarmenaren aurrean", "betebeharra" da halako mugimenduei "balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea". Olanoren nahia da "programa hau lagungarri izan dadila Gipuzkoan berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko herritargo jabetu eta aktiboa eraikitzeko".

 

Material didaktikoa eta bideo lehiaketa

Irun, Donostia, Orio, Urnieta, Elgoibar, Oñati, Azpeitia, Alegia, Anoeta eta Legazpiko zentro banatan egingo da programa DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin (14-15 urte). Beren beregi prestatutako material didaktiko batekin egingo dute lan, ikastetxeetako irakasleek eurek gidatuko dituzten saioetan. Lanketa egin ostean, testigantzen txanda etorriko da. 10 pertsona izango dira, guztiak gipuzkoarrak ala Gipuzkoan bizi direnak, eta eskola ordu bat partekatuko dute ikasleekin.

            "Lehen pertsonan emandako testigantza hauen bitartez ikasleek hitz egin eta partekatu ahal izango dute, lehen eskutik ezagutuz diskriminazioak sortzen dituen egoerak eta askotariko aniztasunekin identifikatzen diren pertsonen indarguneak ", Vaqueroren hitzetan. Foru zuzendariak nabarmentzen du "errealitate hauek ezagutzera emateaz gain, ikasleak inplikarazi nahi dira eta haiengandik aniztasuneko elkarbizitzarako proposamenak ere jaso". Isabel Jimenez ere bat dator puntu honekin eta hark azpimarratzen duena da programa honek giza eskubideen ardatzean jarri duen fokua. Jimenezentzat, "garrantzitsua da ikasleak jabetzea giza eskubideak ez direla hirugarren batek emandako eskubide bat, baizik eta guztion eskubideak direla berdintasunean jaiotzen garenez gero". Jimenez, emakume ijitoa, bere bizipenak ikasgeletara eramango dituen 10 pertsona horietako bat da eta haren ustez, "lan handia dago oraindik egiteko aurreiritziak eta estigmak ezabatua eta elkar aberastuko gaituen elkarbizitza sustatzeko bidean".

            Azkenik, esperientzia honek azken fase bat izango du ikasleak sorkuntzara eramango dituena. Ikasgeletako saioen ostean, jasotako ezagutza eta bizipenekin ikus-entzunezko lan bat osatu beharko dute ikasleek programa honen baitan antolatuko den bideo lehiaketara aurkezteko. Sarien banaketa, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 70. urteurrena ospatuko den egunean bertan egingo da Aldundian; abenduaren 10ean, hain zuzen. Honekin batera, ikasleek euren udalerrian bertan ere aniztasunarekin eta giza eskubideekin lotutako ekintza ala interbentzio bat antolatu beharko dute urte amaieran.

             

Aniztasunerako Bizikidetzarako foru plana

2018 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri handi bat eman du Aniztasunerako Bizikidetzarako foru planarekin, Gipuzkoako aniztasuna balioan jarri eta, aldi berean, era ezberdinetako diskriminazioen aurka jarduteko ekintza plan batekin. Urteak aurrera egin ahala, apustu hau sendotu egin da aukera berdintasuna Gipuzkoan eskubideen mailara jasotzen jarraitzeko. Plan honek gainera, eta bereizgarri bezala, era zabalean ulertzen du aniztasuna, bere baitan hartzen dituelarik era askotako egoerak; etnia, genero identitate, sexu orientazio, erlijio edo gaitasun funtzionalari dagokienez, besteak beste.

  

1953