Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bilera egoitzekin prebentzio neurriak eta COVID-19aren azken ordukoak kontrastatzeko

Bilera egoitzekin prebentzio neurriak eta COVID-19aren azken ordukoak kontrastatzeko

65 adinekoen egoitza-zentroekin egindako bilera batean, Olanok eta Peñak prebentzioa, aurrea hartzea eta erantzun azkarra zorrozten jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute.

Gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gizarte Politikako diputatuak, Maite Peñak, bilera telematikoa egin dute Gipuzkoako 65 adinekoen egoitzetako arduradunekin, azken orduko egoera eta azken egunetan hartutako prebentzio-neurriak partekatzeko eta kontrastatzeko. Foru Aldundiak eta zentroek "oso adi" jarraitzen dute COVID-19aren hedapena, eta osasun agintariekin "lankidetza estuan": "Gure lehentasuna birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzea da; horregatik, ezinbestekoa da prebentzioan sakontzen eta aurrea hartzen jarraitzea, azkar eta eraginkortasunez erantzuten jarraitzeko", azpimarratu du diputatu nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaintza eta Alerta Sistema bat du martxan gizarte zerbitzu eta baliabideetan, denbora errealean egoera zein den ezagutzeko eta erantzun "azkarrak” emateko. Sistemak hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste, PCR probak masiboki egitea, astean 800 proba egiteko gaitasunarekin, eta babes-materiala hornitzea, –martxotik uztailaren amaierara arte 2.600.000 elementu banatuko dira–. Era berean, ikuskapenak indartu dira, zentroetako prebentzio-planak berrikusten jarraitu da, arreta indartzeko baliabide berriak ireki dira, eta Prestakuntza Plan Integrala prestatzen ari da, egoitzetako plantillak osatzen dituzten langile guztiengana iritsiko dena.

Gainera, lurraldeko COVID-19aren azken orduko egoera dela eta, eta Osakidetzak egindako gomendioak kontuan hartuta, pasa den larunbatetik adineko pertsonen eta desgaitasuna dutenen eguneko zentroak itxita daude, bertan behera geratu dira egoitzetako egoiliarren irteerak, eta bisitak mugatu egin dira, pertsona bakarrera. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, azken aste eta egunetan neurri horiek hartu ziren COVID-19 kasu positiboak dituzten eskualde eta udalerrietan, hala nola Goierrin, Debabarrenan, Tolosan, Getarian eta Zarautzen. Orain muga horiek lurralde osora zabaldu dira.

"Gure lurraldeak COVID-19ari dagokionez bizi duen egoerari adi eta erne jarraitzen dugu, eta lan horretan funtsezkoa da Osakidetzarekin eta egoitza guztiekin etengabeko harremana izatea. Haiekin kontrastatzen ditugu hartu beharreko neurriak, eta hori egiteko azkartasuna Gipuzkoako ereduaren ezaugarri diren sareko lanari eta sintoniari esker da", adierazi du Markel Olanok. "Birusak gure artean jarraitzen du, eta ezinbestekoa da guztiok zuhurtziaz eta arduraz jokatzen jarraitzea. Lehen olatua gainditu dugu eta orain ez da guardia jaisteko garaia", gogorarazi du.

Zentzu horretan, egoitzetatik egiten duten lan "goresgarria" eskertu nahi izan dute foru arduradunek: "Pertsona, egoiliar, langile eta familia guztien inplikazioa erabatekoa izan da eta da, guztion ahalegina oso handia da eta asko eskertzen dugu haien lana, laguntza, ulermena eta pazientzia". Diputatuak gaineratu duenez, "une latzak bizi izan ditugu eta gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu antzeko egoera bat berriro gerta ez dadin", azpimarratu du Olanok.

  

1618