Biozientziak Gipuzkoa fundazioak COVID-19aren inguruko 4 proiektu abiarazten lagundu du
Biozientziak Gipuzkoa fundazioak COVID-19aren inguruko 4 proiektu abiarazten lagundu du
Lurraldeko hiru start-up eta ikerketa zentro bat gaixotasuna diagnostikatzeko, detektatzeko eta monitorizatzeko sistemak egiten ari dira.
Gipuzkoako Biozientziak fundazioak ezohiko deialdi bat jarri du abian, kutsaduraren prebentzioan, diagnostiko hobean, tratamenduan eta SARS-CoV-2ak infektatutako pazienteen monitorizazioan lagunduko duten I+G+B proiektuak dirulaguntzen bidez finantzatzeko. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak azpimarratu dutenez, deialdiaren helburua da Gipuzkoako biozientziei lotutako ekosistemaren potentziala maximizatzea, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko larrialdi egoerari erantzuteko. Horretarako, 455.000 euro bideratu dira.
Apirilaren hasieran amaitu zen deialdiaren lehen fasera, 26 proiektu aurkeztu zituzten hainbat enpresek, start-upek, elkarlaneko ikerketa zentrok eta zentro teknologikok. Geroago, Bioteknologia Silo-n espezializatutako aholkularitzak, Fundazioko teknikariekin eta Osakidetzako osasun ikerketako zentroak elkartzen dituen Bioef fundazioarekin batera, 8 proiektu hautatu zituen, eta erakunde aurkezleei informazio osoagoa eta zehatzagoa eskatu zitzaien. Azkenik, lau proiektu aukeratu zituzten: Somaprores-ena (150.000 euroko laguntza jasoko duena), Microliquid-ena (150.000 euro), Donostia International Physics Center-ena (85.000 euro) eta Naru Intelligence-rena (70.000 euro).
Biozientziak Gipuzkoa fundazioko arduradunek proiektu horiek lurraldean duten potentziala nabarmendu dute, bai pertsonen osasunari eta ongizateari egiten dioten ekarpenaren ikuspegitik, bai etorkizuneko ekimen ekonomikoak sortzearen eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasunaren ikuspegitik. Horrela, Ander Aizpurua esan duenez "bizi dugun testuinguru konplexu honetan, laguntza-lerro honek osasun-larrialdiari erantzun bat ematen saiatzen diren proiektuak lagundu eta bultzatu nahi ditu, zehazki diagnosi eta monitorizazioaren arloan".
Bestalde, Imanol Lasak azpimarratu duenez, Gipuzkoa da I+Garen aldeko apustuaren liderra Euskadin, BPGrekiko % 2,37ko gastua baitu, eta ekosistema "sendo eta finkatua" du: 11 zentro teknologiko, Ikerketa Kooperatiboko bi zentro, 4 BERC, Ikerkuntza Biosanitarioko Institutu bat, I+G Sanitarioko 2 erakunde, enpresetako 26 I+G Unitate eta 4 unibertsitate, besteak beste. "Apustu partekatu hori da, urteetan mantendu dena, horrelako ekimenak aurkezteko aukera eman diguna, eta gaur egungo egoera latzari aurre egiteko beste batzuk baino hobeto prestatuta egotea ahalbidetu duena. Ezagutza sortzea funtsezkoa da gure etorkizuneko ongizaterako eta ekonomia aurreratua izateko. Horregatik, eutsi egingo diegu Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan ezagutza horri laguntzeko erabiltzen ditugun baliabideei", azpimarratu du.
Somaprobes-Corona-Test
Alboko fluxudun tira froga bat da Corona-Test, haurdunaldi froga ezagunaren antzekoa. Inpaktu nagusia da osasun sistementzat oso tresna erabilgarria izan daitekeela koronabirusa, eta etorkizunean izan ditzakeen agerraldiak aurreikusten, eta horien hedapena kontrolatzen laguntzeko. Herrialde batek diagnosirako dituen gaitasunak giltzarri dira agerraldi horiei arrakastaz aurre egiteko. Biztanlego orokorrari begira pentsatutako froga da, asintomatikoak direnentzat edo sintoma arinak dituztenentzat, alegia. Ospitaleetan zein etxeetan erabil daiteke eta kutsatutako pazienteen benetako kopurua hobeto zehazten lagunduko du. Hori da Somaprobesen proba azkarrak beste gailu batzuen aurrean duen bereizgarri nagusia.
Corona-Test-en detekziorako gaitasunek ahalbidetuko lukete estrategia errentagarriagoa eta azkarragoa garatzea, ospitaleetan kolapsoa ekidinez, eta biztanlegoari etxean bertan erabil daitekeen proba erraztuz. Ospitalentzako, klinikentzako eta laborategi klinikoentzako egokia izateaz gain, modu eraginkorrean ezarri daiteke ere enpresa, ikastetxem aireportu, portu, tren geltoki etabarretan.
Proiektua arrakasta edukiz gero, berebiziko inpaktua edukiko du, adituentzat laguntza izango baita hobeto ulertzeko nola hedatzen den birusa biztanlegoetan zehar, eta baita etorkizuneko epidemiak aurreikusi eta geldiarazteko estrategiak garatzeko ere. Apirilean hasi zen proiektua, eta une honetan prototipoak balioztatzeko fasean dago, Osakidetzako osasun ikerketa zentroekin elkarlanean.
Microliquid – PCR test diagnostikoa
Minbiziaren, arnasaren gaixotasun infekzodunen, eta beste farmakodun tratamenduen diagnosirako teknologia mikrofluidikoetan erreferente da Microliquid enpresa bioteknologikoa. COVID-19aren diagonostiko azkarra errazteko sistema eramangarri bat garatzen ari da deialdiaren barruan. Gailu hori euskal osasun sistema publikoaren, Osakidetzaren ospital eta anbulategi sarean balioztatuko da, eta 15 minututan emango ditu emaitzak, PCR (polymerase chain reaction) teknikan oinarrituta, gaur egungo sistema gehienen epea, 5 ordukoa, nabarmen murriztuz.
Emaitzak modu azkar eta eraginkorrean lortuta, modu estrategikoan erraztuko da kutsaduren identifikazio azkarra, eta kutsatuen balizko isolamendua egoera desberdinetan, itxarote denboran dagoen murrizketari esker. Diagnostikoa azkar, ia momentuan, eta edozein lekutan, eramangarritasunari esker, konfirmatu ahal izatea da teknologia mota berri hauen abantaila nagusia. Enpresak beharrezko hornidura teknikoa eta azpiegiturak dauzka gailua ISO 13485 zertifikazioarekin ekoizteko. Produktu biosanitarioak ekoizteko beharrezkoa da zertifikazio hori, eta munduan gaitasuna duten bakarretakoa da empresa. Erabili eta botatzeko gailua da eta aurreikuspenen arabera, 7 hilabetetan prest egongo da Euskadiko osasun zentroetan eta ospitaletan erabiltzen hasteko.
DIPC-‘Detente’
Proiektuak hautemate birikorako sentsore berrien plataforma bat garatzea proposatzen du. Teknika fisiko-kimikoetan oinarritutako metodoak konbinatuz, frogen fidagarritasun handiagoa lortu nahi da, diagnostiko azkarra bermatuz. ‘Detentek’- birusen karga detektatu nahi du, bai pertsonengan (subjektuak), bai gainazaletan (objektuak). Laburbilduz, bere azkartasunak eta kostu txikiak hedapen masiboa eta ohiko aplikazioa ahalbidetu beharko lukete.
Proiektua diziplina anitzekoa da, hainbat arlotan adituak diren taldeekin eta Euskadiko hainbat ospitaletan eta Estatuko beste eremu batzuetan lan egiten duten osasun profesionalen lankidetza sendoarekin, eta horrek plataforma diagnostiko hori azkar eta modu eraginkorrean garatzen lagunduko du. Bestalde, ‘Detente’-ren kontzeptu modularrak aukera emango du SARS-COV-2a ez den beste mota bateko pandemia biraletara egokitzeko. Aurreikusitako datak, proiektua hasten denetik aurrera, honako hauek dira: lehen sentsoreak urte amaiera aldera garatzea, lehen prototipo operatiboak 2021eko udaberrian ospitaleetan egotea eta 2021eko udan merkatuan ezartzea.
Naru Intelligence-‘StepCare’
‘StepCare’ Inteligentzia Artifizialeko software gailu mediku bat da, baieztatutako pazienteen eta etxean sintoma arinak dituzten COVID-19 paziente posibleen monitorizazioa optimizatzeko. Pazienteentzako app bat eskaintzen du, hartara haiek etxetik oso erraz eta intuitiboki sintomen eta arriskuari eragiten dioten pertsonaren/ingurunearen beste faktore batzuen berri eman dezaten. Informazio hori adimen artifizialeko plataforman prozesatzen da. Plataforma horrek pazienteak detektatzen eta lehenesten ditu sintomek okerrera egiten dutenean, eta osasun-langileei azkar eta behar bezala jarduteko aukera ematen die, baliabideak handitu beharrik gabe.
Helburu nagusia da paziente larriak ahalik eta azkarren identifikatu ahal izatea, konplikazio larriak saihesteko eta haien eragina ahalik eta gehien murrizteko. Horrela, ‘StepCare’-k laguntzen du osasun larrialdiko egoera batean osasun sistema batek kolapsatu ez dezan pandemia egoera batek eragindako eskaera handiaren ondorioz, aurrez aurreko mediku-bisitak murriztuz eta, horrekin batera, medikuen esposizioa murriztuz, edo ospitaletik zein lehen mailako arretatik etxeko ospitaleratzeak eta etxeko isolamenduak ezartzea, hurrenez hurren, egoera larrian ez dauden pazienteen kasuan. Helburua da pandemiari aurre egiteko behar diren baliabideak murriztea, betiere jasotako arretaren kalitateari eutsiz.
Gainera, ahalbidetzen du paziente bakoitzaren informaziotik abiatuta eguneroko ezagutza sortzea, COVID-19 pazienteei aplikatutako jarduera protokoloen emaitzen ebaluazioa erraztuz. StepCare balidazio klinikoaren prozesuan dago gaur egun, eta hilabete batzuk barru prest egongo da, gaixotasunaren balizko tontor berri batek eragin dezakeen inpaktua murrizteko.
Fundazioa
Aldundiak eta Kutxak Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa sortu zuten 2011. urtearen amaieran, lurralde horretan garapenerako eta dinamismorako faktore bihurtzeko asmoarekin. 2016an patronatua berritu zen, estatutuak birdefinitu ziren egungo testuingurua egokitzeko. Fundazioak bere jarduera garatzeko baliabide ekonomikoak bi erakundeen artean errazten dira. Aurrekontuaren zatirik handiena sektore biosanitarioko start-upei eta pertsona ekintzaileei laguntzera bideratzen da, sektorean dinamismo berri bat sortzen duten enpresa proiektuak gara ditzaten. Gainera, fundazioak, besteak beste, bikaintasuna sustatu nahi du ikerketan, jakintza berria sortu, teknologia transferentzia indartu, eta Gipuzkoan biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatu.
1758