Biozientziak Gipuzkoa fundazioak hiru enpresa ekimen berriri lagunduko die
Biozientziak Gipuzkoa fundazioak hiru enpresa ekimen berriri lagunduko die
"Made in Gipuzkoa" teknologia kirurgikoak, minbiziaren aurkako farmakoak eta alergiak atzemateko testak sustatzen.
Biozientziak Fundazioak lurraldeko hiru enpresa ekimen berri bultzatuko ditu biozientziaren alorrean, hiru start up teknika kirurgiko berritzaileak, minbiziaren aurkako farmakoak eta alergiak atzemateko testak garatzen dituztenak, besteak beste. Deneb Medical, Innoprick eta Quimatryx gipuzkoar start up-ak fundazioaren laguntza jasoko dute beren produktuak eta negozio ildoak garatzen jarraitu dezaten, hartara pertsonen ongizateari laguntzen jarraitzeko eta lurraldean lanpostu berriak sortzeko.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Manuel Beraza Kutxa Fundazioko lehendakariak biozientziaren alorraren aldeko laguntza ekonomiko berriak iragarri dituzte gaur, Miramongo parke teknologikoan egindako jardunaldi batean: Biozientziak Gipuzkoa fundazioa, zure bazkide biosanitarioa. Bertan, lurraldeko eremu biosanitarioko zenbait ordezkarik parte hartu dute. Jardunaldian zehar, Arkaitz Carracedo CIC Bioguneko ikertzaileak minbiziaren aurka ematen ari diren azken aurrerapen zientifikoak aztertu ditu eta, ondoren, mahai-inguru batean, lurraldeko bio-ekintzailetasunaren erronkei buruzko hausnarketa bat egin du. Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko foru diputatuak eta Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko zuzendariak, berriz, Biozientziak Gipuzkoa fundazioak dituen helburu eta zereginak azaldu dituzte. Fundazioa sektore biosanitarioko erakunde sustatzailea da Gipuzkoako gizarterako eta ekonomiarako estrategikoa den sektore honetako ekintzailetasunari eta enpresa proiektu berriei ematen dien laguntzen bidez.
Olanok eta Berazak, jardunaldiaren hasieran, fundazioaren laguntza jasoko duten hiru enpresa ekimen berrien izenak eman dituzte. Enpresok 250.000 euroko laguntza jasoko dute mailegu parte-hartzaileen bidez, hartara oinarri zientifikoko start up hauek hazten jarraitu dezaten eta beren jarduerak garatzen, zeinek eragin handia baitute pertsonen ongizatean. Biozientziak Gipuzkoak, 2016ko amaiera aldera berriz abiarazi ondoren, lagundu du lehenago ere Patia Diabetes-ek Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan diabetea aurretiaz detektatzeko tresnen inguruan garatzen duen lana.
Deneb Medical Aritz Lazkozek eta Juan Arreguik sortutako start up-ak jarduera du ehunen ablazio selektiborako plataforma kirurgiko bat garatzea eta merkaturatzea. Helburua da kirurgiaren giza mugaren ondorioak ebaztea. Horretarako, plataforma modular bakar batean oinarritutako ebazpen bat proposatzen du, ondoren produktu aurreratuagoak ekarriko dituena.
Innoprick Nafarroako Unibertsitateko Tecnun fakultatetik sortutako enpresa proiektu bat da. Bere lana da garatzea eta nazioartean merkaturatzea larruazalaren analisirako teknologia berritzaileak, hartara pazienteen diagnosian laguntzeko eta haien eboluzioa jarraitzeko tratamenduan zehar. Innoprick-en teknologiaren lehen aplikazioak alergologian oinarritzen dira, eta aurreikusita dute etorkizunean dermatologiako beste espezialitate batzuetara zabaltzea. Zehazkiago, dispositibo mediku bat sortu du (Clase IIa) papulak neurtzeko eta aztertzeko "prick test"en –alergiak atzemateko test nagusia–. Horrek probaren balioa asko handitzen du testaren oinarria aldatu gabe.
Azkenik, Quimatryx-en jarduera nagusia da farmako epigenetiko berriak garatzea minbizia eta beste gaixotasun batzuk tratatzeko. Enpresak produktu propioen katalogo bat sortu du. Quimatryx estrategia farmako eraginkor, seguru eta agintariek (medikamentuaren agentzia) onartu bat sustatzean datza, gizakiei emateko I. fase klinikoan, zehazki damanto zelula linfoma duten pazienteei. Azken helburua da lizentzia farmazia konpainia bati ematea behin I. fasea burutu denean.
37 enpresa biozientziaren alorrean
"Badakigu zientzia, ikerketa teknologikoa eta berrikuntza enpresa garapenaren oinarria direla XXI. mendean eta, ondorioz, edozein lurraldetako oinarri dira. Hori da Gipuzkoarako nahi duguna, hori dago Foru Aldundiaren eta Kutxaren baterako proposamen honen mamian. Biozientziak Gipuzkoa fundazioak gure sektore biosanitarioaren garapenari lagundu nahi dio", esan du Manuel Berazak. Orobat azpimarratu du fundazioaren bokazioa dela "kalitatezko proiektuak identifikatzea eta horiei merkatura iristen laguntzea", betiere "zorroztasunetik eta baliabide finantzarioak ekarriz".
Orkestraren azken azterketa baten arabera, egun Gipuzkoan 37 enpresa daude biozientziaren alorrekoak, gehienak txikiak eta Donostian –erdia baino gehiago– eta Arrasaten –% 11– kokatuak. Azpisektoreei dagokienez, % 46 osasunaren inguruan aritzen dira, % 21 zerbitzuetan, % 7 nekazaritzako elikagaietan, bioindustrian eta zerbitzuetan.
"Gipuzkoak gaitasun zientifiko-teknologiko handiak ditu ikerketa eta teknologia zentroetan, aurreko hamarka eta erdian egindako inbertsioen ondorioz. Osasun sistema publiko moderno eta ongi garatu bat dugu, bio-enpresen sorkuntza askoz dinamikoagoa eta ongi bideratua azken urteetan, eta gaitasun handiak esku-langintzako sektorean eta IKTetan, biozientziaren eremuan dibertsifikatu edo aplikatu daitezkeenak. Medical device-en alorren batez ere, horretan Gipuzkoak indar handiagoa baitu", hausnartu du diputatu nagusiak.
Gehitu duenez, biozientzien sektorean enpresa proiektu berriei laguntzea "etorkizuneko ekonomia eta enpleguaren oinarriak jartzea ez ezik, gure gizartearen ongizatean inbertitzea ere bada". "Enpresa berrien sorrerari laguntzea, enpresa ehuna indartzea, apustu egitea da gizartearen osasun hobeago baten alde eta pertsonen bizi kalitatearen alde", zehaztu du.
Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa
Foru Aldundiak eta Kutxak, 2011ko bukaeran, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa sortu zuten, eta orain erabaki dute baterako ekimen hori berpiztea, lurraldean garapen eta dinamismo faktore bihur dadin alor horretan. 2016an patronatua berritu zen, estatutuak birdefinitu ziren egungo testuingurua egokitzeko, eta milioi erdi euroko aurrekontu xedapen bat eman zitzaion. 2017an, milioi bat eurora zabaldu da zuzkidura hori, bi erakundeek erdi bana.
Aurrekontuaren zatirik handiena sektore biosanitarioko start up-ei eta pertsona ekintzaileei laguntzera bideratzen da, sektorean dinamismo berri bat sortzen duten enpresa proiektuak gara ditzaten. Gainera, fundazioak, besteak beste, bikaintasuna sustatu nahi du ikerketan, jakintza berria sortu, teknologia transferentzia indartu, eta biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatu.
1783