Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Birziklapenaren Klusterrak bere lehen Recycling Top-a burutu du

Birziklapenaren Klusterrak bere lehen Recycling Top-a burutu du

Sektoreko enpresek Ekonomia Zirkularrean esperientzia arrakastatsuak ezagutu ahal izango dituzte topaketa hauen bitartez.

2021/06/10

Gipuzkoako birziklapen- eta berrerabilpen-sektorea osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, zentro teknologiko eta ingurumen-aholkularitza baino gehiago bildu dira Adunako Ekogras enpresaren instalazioetan, ‘KAFEA Project’ ekimena bertatik bertara ezagutzeko.

José Ignacio Asensio: “Topaketa hauen helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronken inguruan, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea”.

“GK Recycling-eko enpresen arteko informazio- eta ezagutza-truke aktiboari esker, sinergiak sortuko dira eta irtenbide lehiakorrenak aurkitzen lagunduko duten eredu erreplikagarriak aurkituko dira”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua izan da Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterreko ‘Recycling Top’ lehen jardunaldian. Bertan, ‘GK Recycling’ Birziklapenaren Klusterreko enpresen ezagutzan sakondu nahi da, klusterreko kideen ekoizpen-instalazioetara egindako bisiten bidez. Bisita horietan, jarduera-prozesuak eta arrakasta-kasuak azalduko dira, Gipuzkoako ekonomia zirkularrean arrakasta izan duten esperientziak in situ ezagutuz, horiek gauzatu dituzten pertsona eta enpresen eskutik.

Ekograsen Adunako instalazioetan egindako ‘Recycling Top’ topaketan, Gipuzkoako birziklapen- eta berrerabilpen-sektorea osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, zentro teknologiko eta ingurumen-aholkularitzak baino gehiagok hartu dute parte.

  • Enpresak: Altuna y Uria, Balab Factory, Biurrarena, Campezo, Cometel, Ekomodo, Elirecon, Garbera, GHK, Gureak, Jolas, Masser, Moyua, Tratamientos Geuria, Trienekens eta Urdinberri.
  • Fundazioak eta elkarteak: Elkargi eta Emaús Gizarte Fundazioa.
  • Unibertsitateak eta zentro teknologikoak: Tecnun.
  • Ingurumen-aholkularitzak: Asmatu, Eralki Engeniering eta GISMA.

Ekimen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak balioa eman nahi dio Gipuzkoak birziklatzearen arloan duen indarrari, eta sektoreak Ekonomia Zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sortzean duen garrantzia nabarmendu nahi du. Era berean, enpresei laguntza instituzionala emateko tresna izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutuna izan eta berrikuntza-sare berdea sortu.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak azaldu duenez, “topaketa hauen helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronken inguruan, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea”. Asensiok adierazi duenez, “GK Recycling-eko enpresen arteko informazio- eta ezagutza-truke aktiboari esker, sinergiak sortuko dira eta irtenbide lehiakorrenak aurkitzen lagunduko duten eredu erreplikagarriak aurkituko dira”.

“Sektore hau hazkunde-aukera bat da Gipuzkoarentzat, eta, beraz, gure konpromisoa da sektore estrategiko bat sustatzea, babestea eta ikusaraztea enplegua sortzeko eta hazkunde ekonomikorako ahalmena sustatzeko. Gainera, sektore honen hazkundeari esker, Ekonomia Zirkularreko Europako Zuzentarauak bete ahal izango ditugu", adierazi du Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok.

Datu on horiek gorabehera, Asensiok azpimarratu du beharrezkoa dela sektore guztietan materialak berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzeko politikak eta araudiak ezartzea, eta beharrezkoa dela sektorearentzako teknologiak ikertzen jarraitzea eta proiektu berritzaileak babestea. Asensiok Gipuzkoako industria-sarean dagoen ingurumen-kontzientziazioa eta enpresen arteko lankidetza-espiritua ere nabarmendu ditu.

KAFEA Project

Lehen jardunaldi honetan, KAFEA Project ekimenaren berri eman da. Proiektu honen helburua da plastikozko eta aluminiozko kapsulak balorizatzeko aukerak aztertzea, kapsulak eta merkataritza-produktuak birziklatzeko edukiontziak fabrikatzeko lehengai gisa erabil daitezen Lavazzaren bezeroentzat.

KAFEA Project ekimen aitzindaria da, bai autonomia mailan bai nazio mailan, eta ekonomia zirkularraren adibide garbia da. Batetik, kapsulen aluminiozko eta plastikozko bilgarria lehengai bihurtzen da, 2 litro bolumeneko ontzi txikiak egiteko. Ontzi horiek kontsumitzaileei etxean erabilitako kapsulak gordetzeko eta ondoren edukiontzi publikora eramateko balio diete. Edukiontzi horiek egiteko, birziklatutako materiala balorizatzen da, jasotako kapsulen birrinketaren ondorioz. Gutxi gorabehera 100 kapsula behar dira etxeko poto bat egiteko. Bestalde, berreskuratutako kapsulen kafe-edukiarekin, Ekograsek alternatiba bat eskaintzen du: kafe-posoa perretxiko-substratu batean balorizatzea, eta, hala, etxeko autolaborantzako kit bat egitea. Perretxiko-substratuak beste produktu-mota bat ere izan dezake, 15-20 kiloko poltsa bereziak ere sor baitaitezke, eta, hala, eskala handiko ekoizpena garatu. Perretxiko-kitak kilo bat kafe-ontzi behar du eraldatzeko

GK Recycling

2016. urtean, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ‘GK Recycling’ birziklatze-klusterra sortu zuen. Gipuzkoan berrerabiltzeko eta birziklatzeko klusterra sortu nahi zen, eragile publiko eta pribatuen ideiak eta iritziak trukatuz gure lurraldeko benetako beharrak eta aukera berriak hauteman eta aztertzeko.

Gaur egun, 80 erakundek osatzen dute klusterra: 46 enpresa, 12 elkarte eta fundazio, 7 unibertsitate eta zentro teknologiko eta 15 ingurumen-aholkularitza.

  

1913