Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Birziklatzearen Klusterrak HABIC bisitatu du

Birziklatzearen Klusterrak HABIC bisitatu du

Topaketa hauen helburua da sektoreko enpresek in situ ezagutu dezaten Ekonomia Zirkularrean enpresek duten arrakastako esperientzia.

2021/11/19

Gipuzkoako birziklatzearen eta berrerabiltzearen sektoreko sarea osatzen duten enpresen, elkarteen, fundazioen, unibertsitateen, teknologia-zentroen eta ingurumen-aholkularitzen 25 bat erakunde Tabakalerako HABIC klusterraren instalazioetan bildu da, haien proiektua zuzenean ezagutzeko.

José Ignacio Asensio: «Topaketa horien helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronkei buruz, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea».

«GK Recycling-eko enpresen artean informazioa eta ezagutza modu aktiboan trukatzeak sinergiak sortzeko eta eredu errepikagarriak aurkitzeko aukera emango du, konponbide lehiakorrenak aurkitzen laguntzeko».

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Sektoreko laugarren 'Recycling Top' jardunaldiaren buru izan da. Oraingo honetan, Recycling Top topaketa Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan gauzatu da. Jardunaldiak 'GK Recycling' birziklatzearen Klusterra osatzen duten enpresen ezagutzan sakondu nahi du, klusterreko kideen ekoizpen-plantetara bisita batzuk eginez, non jarduera-prozesuak eta arrakastako kasuak azaltzen baitira. Gipuzkoako Ekonomia Zirkularreko esperientzia arrakastatsuak in situ ezagutzeko parada da, burutu dituzten pertsonen eta enpresen eskutik.

Tabakalerako HABIC, Habitat, Egurra, Bulegoa eta Contract Sektoreko Kluster Elkartearen, instalazioetan egindako ‘Recycling Top’ laugarren topaketa honetan, Gipuzkoako birziklatzearen eta berrerabilpenaren sektoreko sarea osatzen duten enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, teknologia-zentro eta ingurumen-aholkularitzen  25 erakundek hartu dute parte:

  • Enpresak: Burdinola, Ekogras, Ekomodo, Grupo Campezo, Gureak, Moyua, Ordaneta, Plásticos Urteta, Plastigaur, Seigarbost, Sellex eta Tratamientos Geuria.
  • Fundazioak eta elkarteak: Emaús Gizarte Fundazioa, Kutxa Ekogunea eta Naturklima.
  • Unibertsitateak eta teknologia-zentroak: CEIT IK4 eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Ingurumen-aholkularitzak: Aguirrezabalaga, Astigarraga Kit Line, Barru Arquitectura, Bilibin, GISMA, IK Ingeniería eta Sinple.

Ekimen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Gipuzkoak birziklapenaren arloan duen indarguneari balioa eman nahi dio, eta sektorearen garrantzia ikusarazi Ekonomia Zirkularraren barruko motor ekonomiko gisa eta enplegu berdearen sorreran. Era berean, enpresentzako laguntza instituzionaleko tresna bat izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutun izan eta berrikuntza-sare berde bat sortu nahi du.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, topaketa horien helburua da enpresak susperraldi berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak planteatzen dituzten erronken inguruan sentsibilizatzea, erronka horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakutsiz. Asensiok adierazi duenez, «GK Recyclingeko enpresen artean informazioa eta ezagutza modu aktiboan trukatzeak sinergiak sortzeko eta eredu errepikagarriak aurkitzeko aukera emango du, soluzio lehiakorrenak aurkitzen laguntzeko».

«Sektore hori hazteko aukera bat da Gipuzkoarentzat, eta, beraz, gure konpromisoa da enplegua sortzeko eta hazkunde ekonomikorako potentzial handia duen sektore estrategiko bat bultzatzea, babestea eta ikusaraztea. Gainera, sektore horren hazkundeak aukera emango digu Ekonomia Zirkularrari buruzko Europako Zuzentarauak behar bezala betetzeko», José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez.

Datu on horiek gorabehera, Asensiok azpimarratu du politikak eta araudiak behar direla sektore guztietan materialak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko, eta beharrezkoa dela sektorerako teknologietan ikertzen jarraitzea eta proiektu berritzaileak bultzatzea. Asensiok Gipuzkoako industria-sarean dagoen ingurumen-kontzientziazioa eta enpresen artean dagoen lankidetza-espiritua ere nabarmendu ditu.

HABIC

Jardunaldi honetan HABIC (Habitat, Egurra, Bulegoa eta Contract Sektoreko Kluster Elkartearen) jarduera ezagutarazi da. HABICek erreferente izan nahi du berrikuntzan eta jasangarritasunean ekipamenduaren, altzarien eta diseinuaren sektorean, erabiltzailearentzat eta gizarte osoarentzat balioa sortuz, erakunde publikoen, ikerketa-erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez.

Gainera, HABICek konpromiso sendoa du sektorearekin ekonomia zirkular baterako trantsizioa bultzatzeko, ekoizpen arduratsua eta ekodiseinua negozio-eredu zirkular berrietarako eta enpresa elkartuen lehiakortasuna hobetzeko euskarri gisa integratuz.

Duela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta HABIC elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntzarekin, enpresa ikasgela bat sortu zuten Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

Enpresa ikasgela berri horrek mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harremana sendotuko du, eta arkitekturaren, ekipamenduaren eta diseinu jasangarriaren gaineko prestakuntzan sakontzeko espazio bat eskainiko die arkitekturako ikasleei.

Ikasgelan altzariak, fatxadetako materialak, hormen eta zoruen estaldurak eta ekipamendurako soluzio teknologikoak daude, HABIC klusterreko enpresen materialak dendenak. Eskainitako produktu gehienek osagai jasangarria dute, eta enpresek bide horretan aurrera egiteko konpromisoa adierazi dute. Fatxadetako, estalduretako eta altzarietako produktuak jasangarriak dira, eta, era berean, ikasgelako argiztapena, domotika eta sarrera kontrolak eraikinen energia eraginkortasuna hobetzera bideratuta daude.

Prestakuntza espazio berri hau erabiliko da, baita ere, bertan egiteko espazioetako ekipamendu berritzailearekin lotutako prestakuntza jardunaldi teknikoak, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleen prestakuntzarako interes akademikoa dutenak.

GK Recycling

2016an, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak GK Recycling birziklatze-klusterra sortu zuen. Gipuzkoan berrerabiltzeko eta birziklatzeko kluster bat sortu nahi zen, eragile publiko eta pribatuen ideiak eta iritziak trukatuz, gure lurraldearen benetako beharrak eta aukera berriak antzeman eta aztertzeko.

Gaur egun, 80 erakundek osatzen dute klusterra: 46 enpresak, 12 elkarte eta fundaziok, 7 unibertsitate eta teknologia-zentrok eta 15 ingurumen-aholkularitzak.

  

2334