Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bizikidetza lantzen udalerrietatik

Bizikidetza lantzen udalerrietatik

El Diario Vasco egunkarian argitaratua 2017ko otsailaren 6an

Askotan galdetu izan digute zergatik tematzen garen bizikidetza lantzen eta eraikitzen, zergatik guk ordezkatzen dugun erakundeak behin eta berriz azpimarratzen duen adostasunak sortzearen kontua. Herri batentzat, baloreen eta giza eskubideen hezkuntza funtsezkoa dela sinistuta gaude, eta horrez gain, gure lurraldea sufrimenduz beteriko sailkapen zerrenda baten buruan dago.  
Horrela erakusten dute, Euskal Herriaren kasuan, 1960tik 2010era bitarteko bizitza eskubidearen urraketen udal erretratuek, Eusko Jaurlaritzak udalei bidalitakoak.  Zerrenda horretan sartzen dira ETAk, GALek, Batallón Vasco Español (BVE) taldeak… egindako hilketak eta, Gipuzkoari dagokionez, zenbakiak izugarriak dira: lan horretan jasotzen diren 707 hilketetatik, 394 Gipuzkoan gertatu ziren. Hau da, indarkeriak hamarkada horietan Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako hilketa guztien % 56. 
Azken batean, Gipuzkoa izan da indarkeriak gogorren jo duen lurraldea eta horren ondorioak bistakoenak diren lurraldea. Hainbat hamarkadatan bizitako terrorismoak, indarkeriak, giza eskubideen etengabeko urraketak, banaketak eta giro asaldatuak mahai gainean utzi dituzte oso konplexuak diren gaiak: biktimen beharrei eta eskubideei erantzutea, iraganaren memoriaren kudeaketa, bizikidetzan eragindako urratuak, espetxe politika, bizikidetzaren normalizazioa, bakerako hezkuntza… Gai horiei guztiei heldu behar zaie, heltzen ari zaie, eta ezin dira ahaztuta utzi. 
Gure lurraldeak, gatazka horretan tamalez protagonista izan denez, aitzindari, ausart eta temati izan behar du gai horien lanketan, ahaztu gabe prozesu hori ez dela bi egunetan amaitzen. Herritarrek protagonista izan behar dute prozesu horretan, eta erakundeok prozesu hori ahalbidetzeko beharrezkoak diren konfiantza guneak bultzatu, bermatu eta sortu behar ditugu. Baina ez nolanahi. Giza eskubideak gure abiapuntu eta helmuga izango dira. Alderdien arteko, irabazleen eta galtzaileen arteko gerran sartu behar ez badugu ere, gogoan izan behar dugu gure historia latz honetan hurrengo orrialdera pasa ahal izateko, arretaz irakurri behar dugula aurrekoa, eta hortik ikasi. Gure memoriak kritikoa eta barneratzailea izan behar du.
Desmond Tutuk zihoen ez dagoela lasterbiderik, eta agindu hutsa ez dela nahikoa Euskal Herrian bezala denbora luzean indarkeria sufritu duen gizartearen zauriak eta banaketak sendatzeko. 1984an Bakearen Nobel Saria jaso zuen Hegoafrikako klerikoaren ustez, ezin da berriro hutsetik hasi eta indarkeria urte horiek sortutako sufrimendua besterik gabe ahazten saiatu. Horrez gain, dio gizarte bakoitzak bere bidea egin behar duela adiskidetzea eta bizikidetza lortzeko, ezin dela kanpotik inposatu: konponbidea gure esku baitago. 
Hemen ere, eta hedaduraz Euskal Herri osoan, guri dagokigu bizikidetzarako gure ibilbide propioa marraztea. Bost urte luze igaro dira ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik eta, denbora horretan, erakundeak, herritarrak, oro har, eta biktimak, bereziki, ez gara besoak uztarturik egon. Lan hori emaitzak ematen ari da, Euskadi, dagoeneko, bizikidetzarako bidea egiten hasi baita. 
Denbora horretan, erakundeetatik ikusi ahal izan dugunez, udal esparrua izan da eraginkorrena horrelako dinamikak garatzerakoan. Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden eragileak, irisgarrienak; praktikan, jokalekurik egokiena indarkeriazko gatazka batek eragiten dituen gai zailak lantzeko; diskrezioa eta konfiantza giroa beharrezkoa baitute.  
Foru Aldundiaren zeregina da udal mailan horrelako dinamiken sorrera sustatzea eta, gero, dinamika horiek aurrera eramateko laguntza eskaintzea. Horretarako tresna Bizikidetza Lantzen foru programa da, eta 2017an beste hiru udalerri atxikiko zaizkio: Arrasate, Zumarraga eta Bergara. Foru programa  hedatzen joateak erakusten du bizikidetzaren gaia presente dagoela lurraldeko erakundeetako ordezkarien agendan, eta noski, herritar guztien agendan. Baina, berriz diot: hemen ere egiteko asko dago.
Horrexegatik, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundian handinahiak gara, eta egunez egun lanean ari gara legealdi honen amaieran esan ahal izateko bizikidetzako dinamikak garatu direla edo abian jartzekotan direla udalerri guztietan. Etorkizunari begira, bide horretan aurrera egitea foru gobernu honek etorkizuneko gipuzkoarrei egin liezaiekeen ekarpenik onenetakoa izango litzateke, balio handiko legatua ondorengo belaunaldientzat, bakea behin betiko errotzen lagunduko duena. Gure betebeharra da, bizikidetzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea baita.

  

2541