Bost lagun hil eta 61ek eman dute positibo azken orduetan adinekoen egoitzetan
Bost lagun hil eta 61ek eman dute positibo azken orduetan adinekoen egoitzetan
Gipuzkoako egoitza baliabideetako profesionalek, lurraldean oinarrizko zerbitzuetako langileei bideratutako 14 hoteletan ostatu hartu ahal izango dute
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitza sareko datuak eguneratu ditu, 65 zentroz osatuta dagoena eta non 5.425 pertsona artatzen diren. Azken datuen arabera, bost lagun zendu dira eta 61ek eman dute Covid-19n positibo, beraz, guztira 51 heriotza eta 279 kasu positibo atzeman dira lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan. Mendozak azpimarratu du kasu positiboen gorakada eman dela eginiko test kopuruaren igoeraren ondorioz, Gipuzkoan orokorrean gertatu den bezala, non eginiko test kopurua hirukoiztu den azken egunean.
Azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Eibarko Egogain eta San Andres, Donostiako Berra, Zumarragako Argixao eta Zarauzko Santa Ana. 15 dira positiboren bat duten egoitzak, azken orduetan kasu positibo bat atzeman baita Irungo Ama Xantalen egoitzan. 40 lagun eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 28 ospitaleratuta daude.
Beste alde batetik, bozeramaileak jakitera eman du Gipuzkoako Foru Aldunditik, “lurraldeko egoitza-zentroak laguntzeko eta lankidetzarako”, ostatu sistema bat egokitu dela zentroetako profesionalei zuzenduta, baliabide horiek erabili nahiko balituzte bi arrazoirengatik: alde batetik, beren etxeetara itzuli nahi ez duten profesionalei zuzenduta dago, senitartekoen egoera zaurgarriaren ondorioz, hauek ez kutsatzeko helburuarekin, eta egonaldi iraunkorrak izan beharko dute; eta beste alde batetik, mugikortasun-murrizketak direla eta, etxetik lantokira joateko zailtasunak dituzten profesionalei zuzendua ere badago.
Mendozak azpimarratu du neurri hau Txoke Planaren baitan kokatzen dela, Covid-19ak gizarte zerbitzuen arloan sortutako egoerei modu “estrategiko eta koordinatuan” aurre egiteko onartutakoa, gainontzeko erakundeekin eta lurraldeko gizarte eragileekin batera.
Interesa duten pertsonek eskaerak bidali ahal izango dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalbidetutako info.gizartepolitikak@gipuzkoa.eus helbidera, zehaztu du Eider Mendozak, eta gaineratu du ostatuen eskaintza Osasun Ministerioak xede horretarako homologatutako eta EAOn publikatutako ostatuetatik 14 erabiliko direla. Donostian Pensión Legazpi, Atotxa Rooms, Hotel Distrito Oeste eta Irenaz Apartamentos; Zarautzen Museum Zarautz Apartamentuak eta Lazkano-Enea; Elgetan Casa Rural Eguskitza; Eskoriatzan Gorosarri Landetxea; Getarian Pensión Iribar; Hernanin Arrobi Ostatua; Lezon Casa Rural Endara; Mutrikun Casa Rural Pikua; Oñatin Hotel Torre Zumeltzegi; eta Usurbilen Hotel Atxaga Jauregia.
1582