Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver BSTK Basotik Fundazioak “Gipuzkoako Basoen Astea” ekimena aurkeztu du

BSTK Basotik Fundazioak “Gipuzkoako Basoen Astea” ekimena aurkeztu du

· Martxoaren 15etik 21era, Gipuzkoako basoen garrantziaz eta hauek pertsonen ongizatean duten eraginaz herritarrak sentsibilizatzeko ekintza sorta antolatu dute. · Ekimena Ipuzkoa 1000ren testuinguruan kokatzen da. “Gipuzkoa” hitzaren milurtekoa aprobetxatuz, komunitate gisa partekatzen ditugun balioei buruz hausnartzea eta balio horiek indartzea bilatzen du, honelako ekintza eta proiektuen bidez.

2025/03/07
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko BSTK Bastoik Fundazioak “Gipuzkoako Basoen Astea” aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Datorren martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna izango den honetan, fundazioak hainbat jarduera antolatu ditu herritarrak beren natura-ondarera hurbiltzeko, herritarrak basoak zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko eta ingurune natural horrek beren ongizate integralean duen funtzioa nabarmentzeko.

Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak aurkeztu du ekimena, eta bertan parte hartu dute Jon Ander Ostolaza BSTK Bastoik Fundazioko gerenteak eta Blanca del Novalek, “Silvestre” liburuaren egilekideak. Bere hitzaldian, Arrutik ekimen hau Ipuzkoa 1000ren testuinguruan garatzen ari diren jardueren artean kokatu du. “Gipuzkoa hitza duela mila urte aurkitu zen lehen aldiz, eta efemeride hori aprobetxatuz, hainbat ekimen eta ekitaldi antolatu ditugu komunitate gisa partekatzen ditugun balioei buruz hausnartzeko eta gure komunitate-nortasuna indartzeko”.

Ildo horretan, Arrutik nabarmendu denez, "duela mila urte basoak funtsezkoak ziren gipuzkoarrentzat, bai espiritualtasunerako eta balio komunitarioa indartzeko baliabide-iturri gisa, erabilera kolektiboko gunea baitzen". Horrela, honako hau argudiatu du: "Honelako ekimenen bidez, herritarrak gure basoetara hurbildu eta gure natura-ondarea baloratu eta zaindu nahi dugu, eta, horretaz gain, gure lurraldeko lankidetza eta komunitate-zentzua indartu nahi ditugu".

Martxoaren 15ean hasi eta 21era arte luzatuko den Gipuzkoako Asteak herritarrei zuzendutako jarduera ugari biltzen ditu, komunitate-zentzua indartzeaz gain, naturaren eta basoen garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatzeko.

Martxoaren 15etik 21era planteatutako jarduerak

“Baso-bainua” izango da gauzatuko den lehenengo ekintza, martxoaren 15ean eta 16an, Donostian. Saio terapeutiko hauek aukera paregabea emango diete parte-hartzaileei naturarekin konektatzeko. Estresa murrizten laguntzeaz gain, basoek pertsonen osasuna hobetzeko ematen duten laguntzaren inguruan zentratuko dira. Amaia Agote Forest Therapy Hub-eko hezitzaileak gidatuko ditu saioak, eta gehienez 20 pertsonak hartu ahal izango dute parte saio bakoitzeko. Izena emateko, interesatuek basotik.eus webgunera jo beharko dute eta bertan dagoen formularioa bete.

Bigarrengo ekintza, “Basoa gara” jardunaldia izango da. Martxoaren 18an, Aldundiko "Gunea" aretoan. Saio hauetan basogintzarekin zerikusia duten adituek hartuko dute parte. Lehenengo hitzaldia Blanca del Noval-ek emango du, gastronomia jasangarrian aditua, Basque Culinary Centerreko ikertzailea eta "Silvestre" liburuaren egilekidea. Jarraian, Alejandro Cantero (HAZI) eta Ana Ariz (BSTK Basotik Fundazioa) arituko dira Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarria nola egiten den azalduz, baita zaintza egiteko kontuan izaten diren oinarriak zeintzuk diren ere. Azkenik, Manuela Renzik (Forest Therapy Hub, Milan) basoaren onura terapeutikoez eta estresa murrizteko, kontzentrazioa hobetzeko eta bizi-kalitatea sustatzeko basoek duten eraginaz hitz egingo du. Hitzaldietara bertaratzeko ere, izena eman beharko da basotik.eus webgunean.

Azkenik, martxoaren 21ean, "Gipuzkoako Desioen Basoa" sortzeko ekintza berezia antolatu dute Gipuzkoako gizartea ordezkatzen duten hainbat gizarte-eragilerekin elkarlanean. Ekimen honek zuhaitz landaketaren bidez parte-hartzaileen desioak eta ametsak sustraitzea du helburu, Gipuzkoako lurraldearen bihotza elkarrekin sortuz.

Lan-ildo berria

BSTK Basotik Fundazioak uste du basoak babestea gizartea zaintzea ere badela. Haien presentzia funtsezkoa da ekosistema orekatua eta pertsonen osasuna bermatzeko. Horregatik, Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarteari zuzendutako lan-ildo berri bat abiarazi dute, hain zuzen ere, basoen ongizatea gizarteari hurbiltzeko ekintza-sorta, bereziki terapia-eraginetatik onura lortu dezaketen kolektiboetan eta etorkizuneko Gipuzkoa berde eta iraunkorra irudikatzen duten ikasleengan arreta jarrita.

Orain beste lan-urte bati emango diote hasiera, non protagonistak Gipuzkoako herritarrak izango diren. Jada hasi dira ekintza horietako batzuk egiten. Adibidez, Gipuzkoako eskualde bakoitzeko ikastetxeetan sentsibilizazio tailerrak egiten hasi dira LH5eko ikasleekin. Horiez gain, “baso-terapia”, “baso-bainua” eta “baso-tailerra” jarduerak eskaintzen ari dira Zainketa eta Gizarte Politikak departamentuarekin elkarlanean, Gipuzkoako erresidentzia eta elkarteetako pertsonei. Halaber, baso- berritzeko zuhaitz-landaketak gauzatuko dituzte igande honetan Legazpin eta hurrengo larunbatean Aretxabaletan, Basque Culinary Centerreko ikasleekin.

  

2842