Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosatik eta Lasarte-Oriatik zuzenean Donostiara doazen zerbitzuak indartuko ditu Aldundiak

Tolosatik eta Lasarte-Oriatik zuzenean Donostiara doazen zerbitzuak indartuko ditu Aldundiak

Buruntzaldeko berrantolamenduak hobekuntzak eta zerbitzu berriak eskainiko ditu.

2017/12/26

Marisol Garmendiak EHBilduren kanpaina salatu du, gizartea nahastea eta asaldatzea beste helbururik ez baitu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak gezurtatu egin nahi du EHBildu sortzen ari den informazioa, Buruntzaldeko herri arteko garraio zerbitzuaren gainean, Foru Aldundiak 2018an lizitaziora aterako duenez, 30 urtez berritu eta eguneratu gabe egon ondoren.

Buruntzaldeko garraio zerbitzuaren lizitazioa abian jartzeko unea baliatuz, Aldundiaren aurkako kanpaina politiko eta alderdikoi baten bitartez, EHBilduk lizitazio horren aurka egin du –Lurraldebusen eguneratu gabe gelditzen den bakarra. Aurkeztu den aurreproiektuaren interpretazio guztiz okertu eta interesatu bat eginez, zerbitzuaren «murrizketak» iragarri ditu, berrantolamendu berriak eskainiko dituen hobekuntzak eta zerbitzu berri guztiak ezkutaturik.

Hala, aurreproiektuak jasotzen duenez, Buruntzaldeko herri arteko autobus zerbitzua era nabarmenean hobetuko da, autobus gehiago egongo baita egunero zuzenean Tolosa eta Donostia artean: oraingo 55ak 62 izango dira lan egunetan, oraingo ordutegiei  erantsita 16 zerbitzu larunbatean eta 9 igande eta jai egunetan. Azpimarratu behar da azken datu hori, izan ere gaur egun ez dago autobus zuzenik asteburuetan. Bestalde, zerbitzuak indartu egingo dira goizean goiz, EHUko campusera iristeko, autobus gehiago jarrita edo edukiera handiagoko autobus artikulatuak jarrita. Ospitalera joateko zerbitzuak berdin jarraituko dute, oraingo ordutegi berarekin.

Era berean, Lasarte-Oriatik Donostiara gaur egun 17 autobus zuzen daude (T1 linea), baina Mugikortasun Departamentuak proposatzen du 64 izatea, eskualdean egunero gertatzen den mugikortasun egoerari irtenbidea emateko: Tolosa  eta Donostia herriz herri lotzen dituen T5 autobus linearen erabiltzaile guztien % 70ek Lasarte-Orian hartzen du autobusa.

Andoainen kasuan, asteburuetako gaueko autobusetan, Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Donostiarekin lotzeaz gain, gaueko zerbitzu zuzena izaten jarraituko du Lasarte-Oriarekin eta Donostiarekin, gaueko zerbitzuetan bi linea desberdin izatera pasatuaz.

Astigarragak, adibidez, gaueko autobus bat izango du asteburuetan, ez bakarrik lotzeko Donostia, Hernani edo Urnietarekin, baizik, baita ere, Andoainekin.

Emakida berrian txertatuko den beste hobekuntza nabarmen bat izango da –azken 30 urtetan lehenengo aldiz– Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bermatuko duela Buruntzaldean autobus zerbitzuak egongo direla ospitalera joateko igande eta jai egunetan. Gaur egun, Tolosa-Donostia ardatz bakarra da loturarik ez duena igandetan eskualdeko ospitalearekin; zerbitzu hori ez legoke antolatzerik emakida berri baten prozesua egingo ez balitz.

Mugikortasun Departamentuak Buruntzaldeko herri arteko zerbitzuan proposatzen duen eguneratze eta berrantolatze honen xedeak dira mugikortasun iraunkor bat ziurtatzea eta Buruntzaldeko herritarren mugikortasun behar benetakoei erantzutea, lanera, ikastetxeetara, unibertsitatera edo ospitalera joateko ordutegietan zerbitzua indartuta, eta eskakizun gutxiago dagoen garaietan zerbitzuak benetako eskaeraren arabera doituta, betiere maiztasunak 20 minutu-ordubetean behingoak izango direla ziurtatuta, linea bakoitzaren arabera.

Maiztasunen puntu honi dagokionez, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak azpimarratu nahi du EHBilduk 2015ean, aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen zuen garaian, ezarri nahi zuen proiektuan proposatzen, aldezten eta jasotzen zituen maiztasun berberak direla.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak behin eta berriro salatu izan duenez, «EHBilduk manipulazioa eta gizartearen alarma sortu nahi du inolako arrazoirik gabe, arduragabekeria eta zinismo politikoko ariketa bat eginez. Gogorarazi behar diegu, entzun nahi ez duten arren, guk orain proposatzen ditugun aldaketa eta maiztasun berberak planteatzen zituela 2015ean EHBilduk; orain «murrizketa» diren horiek, dirudienez, ez ziren halako 2015ean, nahiz ez zituen jasotzen oraingo hobekuntza guztiak, hala nola Tolosako eta Lasarte-Oriako autobus zuzenen zerbitzuak bikoiztea, asteburuko zerbitzuak barne direlarik, edota lehen aldiz Buruntzalde osoan autobusak izatea ospitalera joateko igandetan».

2015ean, EHBilduk proposatzen zuen ordu bakoitzeko autobus bat izatea G3 linean, Andoaindik ospitalera, eta beste horrenbeste Andoain – Lasarte-Oria – Donostia linean edo Tolosatik Donostiarakoan, herriz herri, proposatu baitzuen Andoaindik eta Lasarte-Oriatik ordubetean behin pasatzea. Beste adibide bat: Hernani – Donostia bidea Aietetik egiten duen G1 linean, EHBilduk aldezten zuen maiztasuna zen ordu bakoitzeko hiru autobus izatea.
Mugikortasuneko foru diputatuak eskatu dio EHBilduri «oroimen eta koherentzia politiko pixka bat izatea. Lurraldebusek herri garraioa modernizatu eta hobetzeko daraman politika ezin daiteke tresna politiko alderdikoi gisa erabili, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka egiteko.

Buruntzaldean proposatzen ari garen berrantolaketak hobekuntza nabariak ditu, 2015ean EHBilduk planteatzen zuenaren aldean, eskualdeko bidaiarientzat, besteak beste: Tolosako eta Lasarte-Oriako zuzeneko zerbitzuak ugaritzea, ordu larrienetan zerbitzuak indartzea, edo igandetan ospitalera joateko zerbitzuak izatea. Horrez gain, Buruntzaldeko herritarrek jakin behar dute Mugikortasun Departamentua negoziatzen ari dela Aldirietako Renferekin 2018an Mugi txartelaren tarifa integratuan sar dadin; hori lortzen denean, espero dugu jende askoz gehiagok erabiliko duela trena, autobusaren ordez, prezio beraren truke denbora gutxiago behar baita ibilbidea trenez egiteko».

Bestalde, Mugikortasun Departamentuak azpimarratu nahi du, berriro ere, enpresa esleipendunetan ari diren langileek ez dutela inola ere lana galduko –EHBilduk salatzen duen bezala–, aurreproiektuan argi eta garbi jasotzen baita gaur egungo langileen subrogazioa egiteko beharkizuna.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua datuak eguneratzen ari da, une honetan, joan den iraileko eta urriko bidaiarien kopuruak aintzat hartuta, eta, aldi berean aztertzen ari da aurkeztutako alegazioak, behin betiko proiektua idatzi eta  lizitaziora atera ahal izateko 2018ko lehen lau hilabeteen barruan.

 

  

1977