Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Asteburu honetan, abian jarriko da Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea ezagutzeko aukera eskainiko duen lehen autobus turistikoa

Asteburu honetan, abian jarriko da Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea ezagutzeko aukera eskainiko duen lehen autobus turistikoa

Kostaldeko autobusa Zarautzera, Zumaiara, Getariara eta Azpeitia-Loiolara joango da; eta barnealdekoa, berriz, Tolosara, Ordiziara eta Oñatira.

  • Kostaldeko autobusa Zarautzera, Zumaiara, Getariara eta Azpeitia-Loiolara joango da; eta barnealdekoa, berriz, Tolosara, Ordiziara eta Oñatira. Bidaiariek hiru geldialdi egiteko aukera izango dute ibilbideko herriak bisitatzeko
  • Itxaso: “Une honetan garrantzitsuena ez da turista gehiago etortzea, baizik eta turistak lurraldea ezagutzea eta hobeto banatzea”.

Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok aurkeztu du uztailaren 8tik aurrera martxan egongo den autobus turistikoa, Enrique Hernáez Euskal Herriko handizkari hartzaile den STI Servicios Turístico Integrales-eko zuzendari nagusiarekin batera.

Autobusak bi ibilbide egingo ditu: kostaldetik bata (Zarautz, Zumaia, Getaria eta Azpeitia-Loiola), eta barnealdetik bestea (Tolosa, Ordizia eta Oñati). Xarma handiko herri ederrak dira denak.

Ekimen pribatu bat da, Foru Aldundiak sustatu duena, eta helburua da Donostiara iristen diren turistei lurraldeko zenbait puntu ezagutzeko modu erakargarri eta eroso bat eskaintzea.

“Pixkanaka zenbait azpiegitura eta plan egituratzen ari gara, bidaiariei gure lurraldea ezagutzeko aukera errazak eskaintzeko. Horrek guztiak lagunduko du hiriburuan dagoen turismo metaketa arintzen, bidaiarien egonaldia luzatzen eta turismoak dakarren aberastasuna leku guztietara zabaltzen. Une honetan, garrantzitsuena ez da turista gehiago etortzea, baizik eta turistak lurraldea ezagutzea eta hobeto banatzea", esan du Itxasok.

Zein txartel erosten den eta zein ibilbide hautatzen den, halako orduan hasiko da bidaia Donostiatik. Une horretatik aurrera, ordutegi-taulan azaltzen diren edozein herritan igo eta jaitsi daiteke bisitaria. Beraz, edozein herri hautatzeko aukera izango du, bere txartelak ahalbidetzen dion herri kopurua bete arte: hiru, bi edo geldialdi bat. Ordutegi-taulan ikus daitekeenez, geldialdi bakoitzean bisitariak 2 ordu edo 2 ordu eta erdi (bazkaltzeko denbora gehiago edukitzeko) izango ditu herria bisitatzeko, Txartelaren prezioa 25 eta 45 euro artekoa izango da, geldialdi kopuruaren arabera, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek %50 ordainduko dute.

Barnealdeko ibilbidea martxan egongo da uztaileko, abuztuko eta iraileko larunbat guztietan, baita abuztuaren 15ean ere. Kostaldeko ibilbidea, berriz, uztaileko, abuztuko eta iraileko igande guztietan eta uztailaren 31n eta urriaren 1ean. Autobusak 8:30ean, 10:30ean eta 12:30ean aterako dira Donostiatik. Kostaldeko azken autobusa 17:50ean iritsiko da Donostiara eta barnealdekoa 18:30ean.

Ibilbidean zehar bisitariek dohaineko wifia izango dute autobus barruan, eta eskuragai izango dute bisitatuko dituzten herriei buruzko informazioa. Herri bakoitzeko turismo bulegoak prest egongo dira bisitariek beren egonaldian zehar eduki lezaketen edozein zalantza konpontzeko.

Autobus bidaian zehar, ibilbidearen eta herrien inguruko bideoak jarriko dira. Autobus turistikoan, bidaiariak sistema teknologiko oso bat edukiko du eskuragarri. Horren bidez ahal izango du:

Ibilbideko etapa bakoitzean herrien ezaugarri garrantzitsuenak azaltzen dituzten bideoak ikusi ahal izango ditu;ikus entzuneko informazioa jaso ahal izango du norberaren mugikorraren edota tabletaren bidez; mugikorraren eta tabletaren bidez ere ibilbideko herrien ezaugarri garrantzitsuenen inguruko beste zenbait bideo ikusi ahal izango ditu; autobuseko dohaineko WIFIa erabili dezake, batetik, herri bakoitzeko turismo bulegoek beren webguneetan jarritako informazioa ikusteko eta, bestetik, autobus bidaian zehar Interneten libre nabigatzeko.

Autobusaren inguruko informazioa eskuragarri egongo da turismo bulegoetan eta hoteletan.

 

 

  

2264