Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Arteen eta Kulturaren Kontseiluak KM eraberritzeaz eta kultur mezenasgoko foru arauaz eztabaidatu du

Arteen eta Kulturaren Kontseiluak KM eraberritzeaz eta kultur mezenasgoko foru arauaz eztabaidatu du

Legealdi honetako funtsezko proiektuei heltzen ari gara, eta sortzaileek beraiek ebaluatzea nahi dugu.

2018/02/21

Gaur arratsaldean Arteen eta Kulturaren Kontseilua bilduko da. Kontseiluan Koldo Mitxelena kulturunea eraberritzeko proiektua eta kultur mezenasgoari buruz Aldundia egiten ari den foru arau berria aztertuko dira, besteak beste.

Koldo Mitxelena eraberritzeko proiektuari dagokionez, Itxasok Kontseiluari azalduko dio 2015eko irailean Aldundiko Arkitektura Zerbitzuak gabezia batzuk atzeman zituela eraikinean, eta ekipamendu eta instalazio nagusiak berritzea eta birmoldatzea gomendatu zuela. Eraberritze horren beharra ikusirik, Kultura Departamentuak planteatu zuen zerbitzuak hobetzeko, ordutegiak zabaltzeko eta eraikina erabilera teknologiko berrietara egokitzeko aukera, datozen hogeita bost urteetarako egitekoa finkatzeko, eta kultur intereseko beste zenbait arlotara ere iristeko, hala nola Gipuzkoako ondare bibliografiko eta dokumentalaren zaindu eta balioestea; literatura, hitza eta pentsamendua sustatzea, topaleku eta eztabaidagune gisa betetzen duen papera finkatuz, eta etorkizuneko erabiltzaile izango diren gazte horiek erakarriko dituzten gai berriak jorratuz; eta lurralde proiekzioa ematea, zerbitzuak lurralde osora zabaltzeko, digitalizazioak ematen dituen aukerak baliatuz, eta gertutasuneko kultur ekipamenduekin lankidetzan jarduteko.

Kultur mezenasgoari buruzko legeari dagokionez, Aldundiak ulertzen du krisi ekonomikoak larriki kaltetu duela kulturaren sektorea, diru-lagunza publikoekiko mendekotasun handia duen sektorea baita. Beste herrialdeetan gertatzen ez den bezala (batez ere herrialde anglosaxoietan), Gipuzkoan oso zaila da kultur proiektuak finantzatuko dituzten ekimen pribatuak aurkitzea. Arazoa are larriagoa da ibilbide luzeko kultur proiektu ospetsurik ez duten ekimen kultural berrien kasuan. Horregatik, Departamentuak hainbat neurri jarri ditu abian, finantzazio pribatuaren inplikazioa eta presentzia areagotzeko. Neurri horien adibide dira META mikromezenasgorako sistema berritzailea eta Gipuzkoako mezenasgoari buruzko liburu zuria, zeinak biltzen baititu Europako gobernu desberdinen jardunbide egokienak eta mezenasgo modu berri bat gauzatu nahi baitu. Foru arau berriak kultura finantzatzeko forma berriak sustatuko ditu, onuradun izan daitezkeen proiektu moten kopurua areagotzeko, eta hobari fiskalak handitzeko. Horrela, bilatzen da Gipuzkoa lurralde europar garatuenen artean kokatzea kultur ekoizpenari dagokionez, eta ekimen pribatua ere ekoizpen horretan inplikaraztea.

 

Arteen Kontseilua legealdi honetan sortu da, eta sortzaileen eta kultur eragileen bidez gizarte gipuzkoarra ordezkatzen duen organo bat da. Partaidetza eta topaketa gune bat da, baina, batez ere, Gipuzkoan burutzen diren edo burutu beharko liratekeen kultura politiken azterketa, hausnarketa eta eztabaida gune bat. Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten ospe handiko profesionalez osatu dago. Arlo horiek dira, besteak beste, kultura, literatura eta pentsamendua, musika, ikus-entzunezkoen sektorea,  arte eszenikoak, arte garaikidea, kultura digitala eta ondarea. Kontseiluko kide dira Rocío Peña Azpilicueta, Cristina Beloqui, Helena Pimenta, Ainhoa Garmendia, Iñigo Argomaniz, Iñigo Alberdi, Jon Maya, Luisa Etxenike, Fernando Bernues, Juan Aizpitarte, Felipe Juaristi, Lorena Fernández, Miren Aperribay,  Andoni Egaña eta Borja Cobeaga.

 

Plataforma honek kultur sorkuntzaren, hedapenaren eta kontsumoaren erronkak aztertzen ditu, eta Kultura Departamentuarekin lanean ari da, kultura Gipuzkoarako aberastasun, jarduera ekonomiko eta enplegu iturri gisa sustatuko duten politikak definitzeko.

«Kontseiluan esperientzia eta iritzi propioa duten ahotsak bildu ditugu, ikuspegi desberdin bat emango digutenak», azpimarratu du Itsasok.

Aldundiaren kultura arduradunarentzat, kulturak egun dituen erronkek eskatzen dute kudeaketa irekia eta partekatua izatea, eta bertan mundu horretan lan egiten duten eta ongi ezagutzen duten adituek parte hartzea.

 

 

 

  

1818