Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Camilo Restrepok tailer bat emango du Elías Querejeta Zine Eskolan

Camilo Restrepok tailer bat emango du Elías Querejeta Zine Eskolan

Zinemagile kolonbiarrak, urte honetan sari bat lortu duenak Berlinalen, filmak sortzeko metodologiak eta prozesuak landuko ditu beren lanetan eta esperientzietan oinarrituta.

2020/08/13

Elías Querejeta Zine Eskolako 2020-2021 ikasturteko programa akademikoaren seigarren modulua abuztuaren 17an jarriko da abian. Modulua hasteko, lanean ari diren hiru zinemagilek (Camilo Restrepo, Lorena Bordigoni eta Esther Urlus) hainbat tailer eskainiko dituzte eta beren esperientzia partekatuko dute ikasleekin.

 

Modulua Camilo Restrepo (Medellin, 1973) zinemagile kolonbiarraren tailerrak abiaraziko du (abuztuak 17-21). Prestakuntzaz artista plastikoa da, eta zinemagile autodidakta. Restrepok ez ditu bere proiektuak eredu klasikotik lantzen; beretzat, zinema formalki gauzatzen da sortzen denetik eta aurrera egiten du soinu eta irudien konposizioarekin, pinturatik oinordetzan jasotako ordena espazialarekin. Tailerrean, zinemagileak ikus-entzunezko arkitekturaren azterketa bat proposatuko du, bere lanen oinarrian dagoena, eta ikasleak euren lanetan metodologia hori baliatzera gonbidatuko ditu.

 

Medellinen (Kolonbia) jaio zen 1975ean Restrepo, eta Parisen (Frantzia) bizi eta lan egiten du 1999az geroztik. Arte Plastikoetan Maisua tituluan egresatua da Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean (1998) eta Parisko École Supérieure des Beaux-Arts eskolan (2004). Restreporen filmak munduko zinema jaialdi garrantzitsuenetan aukeratu dituzte: Cannes, Berlinale, Toronto FF, Rotterdam FF, Viennale, New York FF, New Directors/New Films... 2015ean, bere “Impresión de una guerra” film laburrak Pardino d'argento saria irabazi zuen Locarnoko zinema jaialdian. Hurrengo urtean, sari bera eskuratu zuen "Cilaos" lanarekin. Artista honen azken film laburra, "La Bouche", Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen 2017an. “Los Conductos” bere lehen film luzeak Berlinale 2020 jaialdiko Encounters nazioarteko lehiaketa berrian parte hartu zuen, eta jaialdiko opera prima onenaren saria eskuratu.

 

 

Artxiboa eta kontserbazioaren arloan, Lorena Bordigoni (Buenos Aires), Diamant zaharberritze softwarean oinarritutako "Irudiaren tratamenduak" izeneko tailerra emango du (abuztuak 24-26). Walter Ruttmann, John Ford, Manoel de Oliveira bezalako zinemagileen filmak zaharberritzeko proiektuetan aritua da Bordigoni, eta Cinémathèque Suisse, MOMA, Cinemateca Portuguesa edo British Film Institute/BFI  instituzioentzako egin du lan.

 

Hirugarren tailerrak, "Emultsio primitiboen artea" izenekoak (abuztuak 24-27),  emultsio fotokimiko artisauak ekoiztera hurbiltzea proposatzen du.  Tailerra Esther Urlus (Rotterdam, 1966) artista bisual eta WORM Filmwerkplaats erakundeko presidenteak eskainiko du. Zinemaren materialtasunaren historian interesatutako ikasleentzat da, baina filma biltegiratzeko modu batez gain, pentsamenduak, irudiak eta soinuak eratzeko eta aktiboki distortsionatzeko material gisa lantzen duten zinemagileentzat ere bada.

Tailerrak eskolako hiru espezialitatetako ikasleentzat dira (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza).

 

Jaialdiak aztertzea

Abuztutik irailerako tartea osatzeko bi jarduera egingo dira, EQZEren eta Donostia Zinemaldiaren "Zinemaldia 70. Historia posible guztiak" ikerketa proiektuarekin lotuta.   Irailaren 1etik 3ra, "Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika" ikastaroa egingo da UPV/EHUko Uda Ikastaroen esparruan. Topaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, EQZEk eta SSIFFek antolatu dute, eta nazioarteko zinema jaialdien eta horiek gizarte eta politika arloko eraldaketa nagusiekin duten harremanaren analisi historikoa egitea proposatzen du. Ikuskizunaren eta glamourraren esparruko irakurketa mediatikotik harago, ikastaroak topagune izan nahi du zinemaren arloko ikertzaileen eta profesionalen artean, jaialdiei buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzeko ikuspegi kritiko, historiko eta konparatu batetik begiratuta. Herritarrei irekitako ikastaro horren edukiera beteta dago, baina itxarote zerrendan izena eman daiteke.

 

Hurrengo astean, irailaren 9an, "Jaialdiak XXIV edizio izan ditu. Ez dugu gogoko" erakusketa inauguratuko da Artiumen (Vitoria-Gasteiz). 1977ko Donostia Zinemaldia izango du ardatz, jaialdiaren kudeaketa Donostiara eskualdatu ondoren egin zen lehenengoa. 1977an Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen. Baina urteurren baten ospakizuna baino gehiago, edizio hori borrokarako lekua eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen. Jaialdiaren dokumentu funtseko artxiboko materialetatik abiatuta (argazkiak, kartelak, ilustrazioak, etab.), erabateko aldaketa ekarri zuen urte hari begiratzen dio erakusketa honek. Erakusketa “Artium Zeru bat, hamaika bide. Prácticas artísticas en el País Vasco entre 1977 y 2002” Museoko Bildumaren erakusketarekin lotuta dago eta abenduaren 8ra arte izango da ikusgai.

6. moduluaren lehen zatia abenduaren bukaeran amaituko da eta bigarren promozioko ikasleen amaierako lanak aurkeztuko dira. Halaber, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek komisariatutako Eskolatik zikloaren saioa bat egingo da (Rita Azevedor Gomesen Danses macabres, squelettes et autres fantaisies filma emango da abuztuaren 28an) eta Santos Zunzuneguiren "Zinemaren historiak" zikloaren bigarren zatiko azken bi emanaldiak egingo dira (Monte Hellmanen “Two-Lane Blacktop”, abuztuaren 22an, eta Mikio Naruseren “Ukigumo”, irailaren 9an).

Irailaren 14an hasiko da 2020-2021 ikasturtea Elías Querejeta Zine Eskolako hirugarren promoziorako.

  

1741