Gipuzkoak eta Kantabriak hitzarmena sinatu dute, bi lurraldeen arteko lankidetzarako
Gipuzkoak eta Kantabriak hitzarmena sinatu dute, bi lurraldeen arteko lankidetzarako
Asensiok eta Díaz Tezanosek Kantabriako Parlamentuak onartutako akordioa sinatu dute hondakinak Meruelora eramateko.
Asensiok eta Díaz Tezanosek gaur goizean sinatu dute atzo Kantabriako Parlamentuak onartutako akordioa, hondakinak Meruelora eraman ahal izateko
Ingurumeneko diputatu den Jose Ignacio Asensiok, eta Kantabriako presidenteorde eta Unibertsitate eta Ikerketa, Ingurumen eta Gizarte Politikako kontseilari den Eva Díaz Tezanosek hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, eta hitzarmen horri esker Gipuzkoak Merueloko Tratamendu Plantara eraman ditzake hiri hondakinak.
Asensiok eta Díaz Tezanosek positiboki baloratu dute hitzarmena, atzo Kantabriako Parlamentuan onartu zena. Izan ere, bi agintariek azaldu duten bezala, "hitzarmenak salbuespenezko egoera bati erantzuten dio", Gipuzkoa hondakinak isurtzeko azpiegiturarik gabe dagoelako. Hitzarmena aldi baterakoa da, aurten eta hurrengo urtean egongo baita indarrean.
Asensiok azpimarratu du Gipuzkoan azpiegitura mota hori falta dela, ez dagoela halakorik, eta hori aurreko gobernuak utzitako herentzia dela, “eraikuntza eten eta foru lege bat urratu zuelako”.
“Lehen mailako arazoa da hondakinen tratamendurako azpiegiturarik ez edukitzea, eta horrek eragina du herritarren osasun publikoan”, esan du Asensiok. Era berean, eskerrak eman dizkio Kantabriari, "aldi baterako eta salbuespenezko laguntza eskaera hori" erantzun diolako. Berretsi du foru gobernua "bere esku dagoen guztia egiten ari dela" Gipuzkoak legealdi honetan hondakinen kudeaketari erantzuteko behin betiko azpiegiturak eduki ditzan.
Presidenteordeak gogorarazi du akordioak aldeko txosten guztiak dituela, ingurumenekoak, teknikoak nahiz juridikoak. Gainera, azaldu du akordio honekin Kantabriak salbuespenezko egoera batek eragindako laguntza eskaera bati erantzuten diola. “Espainia osoan ez dago hondakinak non isuri ez duen beste probintziarik”, azpimarratu du Díaz Tezanosek.
“Benetan uste dugu autonomia erkidegoek lankidetzan oinarrituta lan egin behar dugula, kooperazioa bultzatuz, beste hainbat arlotan egiten dugun bezala, hala nola osasunaren eta hezkuntzaren arloetan, eta are gehiago hondakinen bilketa bezalako oinarrizko zerbitzu batean”, adierazi du Díaz Tezanosek.
1546