Charo Martinezek jasoko du 2019ko Boluntariotza Saria
Charo Martinezek jasoko du 2019ko Boluntariotza Saria
Martinezek 25 urte betetzen ditu aurten boluntario gisa, «mundua eta bizitza ikusteko modua aldatu dion» zereginean.
Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak iragarri duenez, Charo Martinez Lascurain izango da 2019ko Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria jasoko duena, "boluntariotza bizimodu gisa ulertzen duen emakumea, eta emakumeak eta gizonak generoan eta berdintasunean trebatzea sutsuki defendatzen duena, boluntariotza egiteko giltzarri gisa". Martinezek bere bizitzako 25 urte eman ditu besteei laguntzen, eta gehien asetzen duena "emakumeekin eta beste emakume batzuengandik ikastea" dela nabarmendu du. Izan ere, feminismoan duen prestakuntza, zeinetara boluntariotzari esker iritsi baitzen, mugarria izan da boluntario gisa egin duen ibilbidean.
Charo Martinezek, 68 urteko donostiarrak, boluntariotza bizimodu gisa ulertzen du, eta horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak sari honen bidez sustatu nahi duena, "Gipuzkoa gero eta solidarioagoa izan dadin lagunduz". Saria emateko ekitaldia abenduaren 4an, asteartean, izango da, 18:00etan, Foru Jauregiko Jargi Aretoan. Bertan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak 2019ko Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria emango dio Charo Martinezi, 180 gonbidatu baino gehiagoren aurrean.
Charo Martinez Lascurainen hautagaitza Kaebnai kultur arteko elkarteak aurkeztu du, bere irudiari balioa emateko eta hurkoari lagunduz egindako ibilbide luzea aitortzeko asmoz. Bere bizitzaren historia boluntariotzarekin lotuta dago; lan hori ez da oso agerikoa, baina Charok milaka ordu eskaini dizkio, beti hutsaren truk eta gero eta espezializazio maila handiagoarekin. "Bere ibilbidean nabarmentzekoa da, batez ere, Ekintza Dasalud eta Lagael elkarteetan egindako lana; baina boluntario gisa egindako lana ez da puntuala izan, bere pertsonaren eta bere bizitzaren parte baita". Bide horretan, beti lagun izan ditu bederatzi lankide; bere bizitzan erreferente diren emakumeak, 1994tik elkarrekikotasunean lan egiten dutenak. Emakume horiek uste dute boluntariotzaren ahotsa eta ikusgarritasuna ezinbestekoak direla gobernantza eraldatzeko, eta gobernantza emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izatea lortzeko.
Gaur egun Lagael elkartean jarduten da boluntario lanean intentsitate eta dedikazio handienarekin; elkarte hau emakumeen arretaz eta kudeaketaz arduratzen da, mendekotasunak dituzten emakumeen autonomiari laguntzeko, haiek ahaldunduz. Charo Martinezek adierazi du beste emakume batzuengandik ikastea dela gehien atsegin duena, eta funtsezkotzat jotzen du generoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean trebatzea, boluntariotza beste ikuspegi batekin egiteko. Boluntariotzak esperientzia berriak biziarazi dizkio; boluntariotzari esker gehiago aintzatesten ditu bai bere burua, bai beste pertsona batzuk ere; emakumeek emakume izateagatik pairatzen dituzten desberdintasunen jakitun da; eta askoz konprometituagoa dago berdintasunarekin.
Maite Peña foru diputatuaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria "oso lagungarria" da "egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina" ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osorako duen "garrantziaz eta onuraz" kontzientziatzeko. Gipuzkoa lurralde solidarioa da, 700.000 biztanle pasatxo gara, eta boluntarioen arloan lan egiten duten 4.500 elkarte baino gehiago ditugu". Diputatuak gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte horiei laguntzen jarraituko duela, "ezinbestekoak" baitira Gipuzkoa "lurralde gero eta berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa" izateko.
Gipuzkoako Boluntariotza Sariak mende laurdena beteko du aurten; Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen duela 25 urte, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko asmoz. Azken edizioetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011); Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015); Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017) eta Jose Mari Soroa (2018).
1805