149.000 euroko ekarpena Gipuzkoako bost ekoizpen zinematografiko finantzatzen laguntzeko
149.000 euroko ekarpena Gipuzkoako bost ekoizpen zinematografiko finantzatzen laguntzeko
Kulturak 149.000 euro emango die denetara ekoizpen hauei: Aundiya; Dantza; Aquí es posible, comunicación s.l.; Chillida: Esku huts; eta Baskavigin.
Denis Itxaso Kultura diputatuak gaur aurkeztu ditu Departamentuak eman dituen 149.000 euroko laguntzak ikus-entzunezko ekoizpen hauentzat: Aundiya; Dantza; Aquí es posible, comunicación s.l.; Chillida: Esku huts; eta Baskavigin. Azken biak aurtengo Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko dira.
Aurkezpenean Itxasok nabarmendu ditu aurtengo Gipuzkoako ekoizpen zinematografikoen uzta bikaina, eta horietako zenbaiten konplexutasun tekniko eta artistiko handia. Bertan egon dira, baita ere,… Itxasok adierazi duenez “badira zenbait urte film bikainak egiten direla. ‘Gipuzkoa’ markaren adierazle garbiak dira, ikus-entzunezko mapan, bai estatu mailan eta baita nazioarteko mailan, gurea sustatuz toki bat lortu daitekeela erakusten dute, bai talentuaren ikuspuntutik eta bai ekoizpen egituratik”.
Kultur diputatuaren iritziz “ikus-entzunezkoen sektoreak, eta, bereziki, zinema eta dokumentalen ekoizpenak lehen mailako kultura garrantzia du. Zinemak eta ikus-entzunezko edukiek gure munduaren ikuspegia, gure errealitatea, idiosinkrasia eta baloreak adierazteko plataforma dira, eta horiek hizkuntza unibertsal baten bidez adierazteko: irudiaren bidez, hain zuzen ere. Baita ere da euskarri garrantzitsu bat gure kultur ondare nagusiaren –euskararen– hedapenerako eta erabilerarako, baita balio handiko euskarri bat ere euskaren sozializaziorako”.
Kultura hedadura horrek garrantzi ekonomiko handia izan dezake Gipuzkoarentzat; izan ere, Itxasoren hitzetan “ikus-entzunezko edukiak tresna garrantzitsuak dira gure irudia munduan proiektatzeko, eta oinarria izan daitezke aberastasuna eta lana ekartzen dituen bertako industria batentzat. Helburu hori lortzeak estrategia bat eskatzen du, garapena eta ekintza uztartuko dituena Tabakaleraren gisako azpiegituren bidez eta edukien ekoizleentzako babesaren bidez, horren ekintzak eta ikus-entzunezkoen sektorea finkatzeko”.
Itxasok gogora ekarri du iaz 110 ikus-entzunezko filmaketa egin zirela, hau da, 102 titulu ezberdin Gipuzkoako 30 herritan filmatuta. Horrek suposatu zuen Gipuzkoan 7.852.601 euroko inbertsio zuzena egin zela. Guztira 1725 pertsonek parte hartu zuten, batez ere, Euskadin kokatutako ekoiztetxeek 600 egunetik gorako epean egindako filmaketetan. Bestalde, Aldundia lanean ari da, abantaila garrantzitsuak eskaintzeko Gipuzkoan garatzen diren produkzioetan inbertitzen duten enpresentzako, hau da, hainbat zerga onura eskaintzeko. Inbertsioen errendimendua garrantzitsua da; izan ere, % 20 eta 38ren bitartean kokatzen da errendimendu hori bi urteren barruan".
Gaur aurkeztutako filmei dagokienez, Itxasok azpimarratu du beren artean horren desberdinak diren bost ekoizpen horien sorkuntza interesa eta balioa, eta adierazi du amankomunean dutela asmo handikoak eta berritzaileak izatea.
Aundiya, Joan Garañok eta Aitor Arreguik zuzendutakoa eta Morartik eta Irusoinek ekoitzia, “Altzoko erraldoia" pertsonaia historikoari buruzko film luze bat izango da. Filma nagusiki euskaraz filmatuko da, baina zenbait pasarte gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere egongo dira. Asmo handiko proiektu bat da, ekoizpen konplexu bat duena eta eskakizun tekniko handiak dituena; izan ere, garaiko agertokiak eta jantziak islatuko ditu, eta aktore nagusia erraldoi bihurtzeko zailtasuna du. Hori guztia dela eta, aurrekontua 3,5 milioi eurotik gorakoa da, eta, ondorioz, Aundiya historiako euskarazko bigarren ekoizpen garestiena da, Dragoi ehiztariaren atzetik. Hori dela eta, Diputazioak erabaki du ekoizpen horri 80.000 euroko diru laguntzarekin babestea. Une honetan, preprodukzio lanetan ari dira eta helburua da pantailetara 2017an iristea.
Dantza film luzeak, Zarauzko Telmo Esnalek zuzendua eta Donostiako Txintxua Films SLk ekoitzia, hainbat generotako sortzaileak bildu ditu, esaterako, Esnal, Koldobika Jauregui artista plastikoa, eta Juan Antonio Urbeltz koreografo euskal dantzetan aditua. Hortaz, hiru unibertso artistikoren arteko topaketa da: ikusmen arteen, arte plastikoen eta arte eszenikoen artekoa. Filmak bateratuko ditu doinu eta dantza tradizionalen ikuspegi berritu bat du eta estetika eta koreografia berriak, abiapuntu hartuta dantza tradizionalaren esanahia, jatorria eta sinbologia. Errodaia udazkenean hasi eta datorren udazkenean amaituko da.
Ikus-entzunezko proposamen esperimental bat da, genero desberdinetako bertako zenbait talentu biltzen dituena, eta, horregatik, Kultura Departamentuak 40.000 euroko ekarpena egingo du.
Baskavigin, euskal baleazaleen hilketa Aitor Aspe Last Smile eta Mi lucha film laburren autorearen lehenengo film luze dokumentala da, eta Katixa de Silvak ekoitzi du. Dokumental historiko bat da, Islandian, Ingalaterran, Puerto de Santa Marian, Pasai Donibanen, Getxon, Bermeon eta Madrilen filmatua izan dena, eta bertan Islandiaren historiako pasarterik beltzenetako bat jorratzen da: 31 baleazale euskaldunen hilketa, hango kostaldeetan, 1615ean. Oso gertaera ezaguna da Islandiako biztanleen artean. Euskadin, ordea, ez da ezagutu harik eta 2015ean euskaldunak hiltzea baimentzen zuen lege bat indargabetu zen arte. Dokumentalean analizatzen da, mundu osoko adituen eskutik, zeintzuk izan ziren gertaera hori jazotzea bultzatu zuten arrazoiak eta zeintzuk izan ziren bertatik eratorritako ondorioak.
Ekoizpen hau Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko da, eta 18.000 euroko laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.
Chillida esku huts: lo profundo es el aire, Donostiako eskultorearen biografia atipikoa, Juan Barrero zuzendariaren lehenengo filma da, eta Marmoka Filmsek eta Explora Filmsek ekoitzi dute. 74 minutu irauten du, eta eskultorearen obran zeharreko ibilbidea eta haren ibilbide guztia egiten dituen lehenengo filma da.
Era berritzailean filmatua izan da 4K formatuan. Dokumentalak deskribatzen du XX. mendeko eskultore unibertsalenetako baten sormen prozesua, munduko hainbat txokotan kokatuta dituen obren bitartez, hala nola Donostian, Parisen, Madrilen, Gijónen, Cuencan eta Saint-Paul-de-Vencen. Horretarako, familiako eta gertuko lagunen testigantzak bildu ditu, eta artistaren ikuspegi bakarra eta desberdina erakusten ditu. Ekoizpen hau Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko da, eta 6.000 euroko laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.
Ikertzek ekoitzitako Aquí es posible, comunicación s.l. film laburra errealizatuko dute zinemako profesionalek eta lehenago zinemaren mundu teknikoan edo artistikoan esperientziaren bat izandako desgaitasuna duten pertsonek. Gurutzatzen diren eguneroko bizitzei buruzko istorio bat da. Umorearekin narratzen du desgaitasuna duten pertsonen zailtasuna era “normalean” ikusiak izateko. Bertatik sortutako film laburra, laneko prozesuaren making offarekin eta unitate didaktiko batekin batera, gizarteratzeko eta lan munduan txertatzeko heziketa proiektuaren parte izango dira. Proiektu artistiko eta profesional bat da, eta helburutzat du gizarteratzeko eta lan munduan txertatzeko erakusgarri bat izatea, baita aurreiritzi eta beldurrak kentzen laguntzea, eta ikusgaitasun positibo bat zein harreman normalizazioa sortzea. Ikertzek 1985. urteaz geroztik darama heziketa programak garatzen arte plastikoen, zinemaren, filosofiaren eta kulturaren bitartez. Duela 10 hasi ziren Zinema Ikasgelan programa garatzen, eta bertan 55 film labur garatu dituzte.
1938