Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver CNISek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Datu Gunea plataforma saritu du, datu soziosanitarioetan egindako berrikuntzagatik

CNISek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Datu Gunea plataforma saritu du, datu soziosanitarioetan egindako berrikuntzagatik

• Zaintza Herrilab estrategiaren zutabe digital gisa, Zaintza Datu Guneak zainketen eredua sustatzen du Gipuzkoan, datuen kudeaketa adimendunaren bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Zaintza Herrilab estrategiak sari berria jaso du Madrilen, oraingoan Zaintza Datu Gunea plataformarengatik. Hala jakinarazi du gaur Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionalak (CNIS), Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimen honen izaera berritzailea azpimarratuz. Hau da estrategiak lortzen duen hirugarren aintzatespena, aurretik QIA sarietan estatu mailan zein nazioartean saritua izan ondoren.

CNISek azaldu duenez, XV. edizioa bereziki lehiakorra izan da, guztira 150 hautagaitza baino gehiago jaso baitira 13 kategoria finalistetan. Partaidetza-maila handi horrek erakusten du administrazio publikoa modernizatzeko eta eraldaketa digitala egiteko ahalegina.

Proiektu aitzindaria

CNISek Zaintza Datu Gunea datu soziosanitarioen gune federatu bat sortu duen proiektu aitzindari gisa definitu du, zainketen arloan arreta eta erabakiak hartzea hobetzeko helburua duen hainbat iturri integratuz. Estrategia horrek eragile publikoen arteko lankidetza indartzen du eta datuen erabilera etiko eta eraginkorra bermatzen du, herritarrak ebidentzian oinarritutako politiken diseinuaren erdigunean kokatuz.

Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua den Maite Peñak azpimarratu du, sari honek Zaintza Datu Gunea plataforma ahalbidetu duten pertsona, erakunde eta administrazio guztien ahalegin kolektiboa saritzea duela, eta, horrekin batera, Zaintza Herrilab estrategiaren garapena: "Gipuzkoan pertsonak ardatz dituen zainketa-eredu bat eraikitzen ari gara, lankidetzan eta berrikuntzan oinarritua, eta sari honek aurrera egitera bultzatzen gaitu. Datuen kudeaketa adimendunak aukera ematen digu arreta hobetzeko, beharrei aurrea hartzeko eta politika eraginkorragoak diseinatzeko, betiere zentroan pertsonen ongizatea jarriz”.

Diputatuak inplikatutako eragile guztien konpromisoa eskertu du; izan ere, haien dedikazio eta ikuspegi partekaturik gabe, proiektu hau ez litzateke errealitate bat izango: "Gipuzkoa zainketen lurralde gisa finkatzen ari da; lanean dihardugu pertsona guztiek duintasunez eta laguntzarekin zahartzeko aukera izan dezaten, eta aitorpen honek helburu honetan jarraitzera animtzen gaitu.

Zaintza Dagu Gunea: datuak biltzea eta trukatzea

Zaintza Datu Gunea Zaintza Herrilab ekimenari lotutako udal datu eta esperientzien plataforma federatua da. Helburua da zaintzarako tokiko ekosistemak sustatzea Gipuzkoako hainbat udalerritan, beren etxeetan bizi diren eta hauskortasun- eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta hobetuz. Datuak bilduz eta trukatuz, plataforma honek erabakiak optimizatzen eta lurraldeko arreta soziosanitarioko zerbitzuak indartzen laguntzen du.

Aitorpen horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren eta zerbitzu publikoen digitalizazioaren esparruan berrikuntzarekin duen konpromisoa berresten du, herritarren ongizatea estrategien erdigunean jartzen duten ereduen alde eginez.

  

2586