Hasi da 2022-2023 ikasturtea Elias Querejeta Zine Eskolako bosgarren promozioko ikasleentzat
Hasi da 2022-2023 ikasturtea Elias Querejeta Zine Eskolako bosgarren promozioko ikasleentzat
18 ikaslek ikasteko laguntzak izango dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ibermediaren eta Projeto Paradisoren beken bidez.
15 herrialdetako 25 emakumek eta 20 gizonek osatzen dute promozio berriko ikasle taldea.
18 ikaslek ikasteko laguntzak izango dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ibermediaren eta Projeto Paradisoren beken bidez.
Eskolako ikasleen lanek presentzia nabarmena izan dute udako hilabeteetan egindako jaialdien programazioan.
Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkie bosgarren promozioko ikasle berriei, ongietorria eman eta harrera eginez. Gaur hasi da 2022-2023 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2023ko abenduan, EQZEko ikasleek eskolan egindako lanen aurkezpenarekin. Lehenengo aste honetan, ikasleen hiru taldeekin (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) eta horien koordinatzaileekin lehen topaketak egingo dira, Ikasketa Plana aurkeztuko da, eta EQZEren kide diren erakundeen proiektuak aurkeztuko dira.
2022-2023 ikasturteko ikasleak EQZEren Zuzendaritza Akademikoak (Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariak dituenak) hautatu ditu, onarpen epean 28 herrialdetatik aurkeztutako 165 hautagaien artetik, eta 25 emakumezko eta 20 gizonezko dira: 4, EAEkoak; 12, Estatukoak; eta 29, beste herrialde batzuetakoak, hala nola Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Frantzia, Mexiko, Nikaragua, Peru, Portugal, Errumania, Suitza eta Uruguaikoak. Ikasleen batez besteko adina 30 urte inguru da.
EQZEko ikasleen profila oso heterogeneoa da: zinema jaialdietan estreinatu eta saritutako film laburren, film luzeen eta instalazioen errealizadoreak, gidoilariak eta editoreak, edo museoetan eta galerietan ikusgai jarritako piezenak; Antropologia Bisualean, Arte Bisualetan, Mediku Zientzietan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Arte Ederretan, Zuzenbidean, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Giza Zientzietan eta Kazetaritzan gradudunak, mundu osoko unibertsitateetan (Peruko Unibertsitate Katoliko Pontifizioko Arte Fakultatea, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Arte eta Diseinu Fakultatea, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko Gizarte Komunikazioko Fakultatea, Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskola, King`s College, Sorbonne Nouvelle, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Limako Unibertsitatea, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea, Kordobako Unibertsitatea, Texaseko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Pompeu Fabra Unibertsitatea, Eskozia Mendebaldeko Unibertsitatea…); zine eskoletako egresatuak (Bande à Part, ECAM, ESCAC, Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskola, San Antonio de los Bañoseko Zinemaren eta Telebistaren Nazioarteko Eskola (EICTV), Mexikoko Arte Zinematografikoen Nazioarteko Eskola, Arte Dramatikoko Diziplina Anitzeko Eskola, Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionala, TAI, Madrilgo Zine Institutua, Torcuato Di Tella Unibertsitateko Zine Programa, Universidad del Cine (FUC)…); unibertsitateko irakasleak; produkzio eta banaketa zinematografikoko espezialistak; zinema jaialdi, filmategi, ziklo, programa edo erakusketa eta instalazio artistikoen produkzioan, kudeaketan eta programazioan esperientzia duten komisarioak; kritikari zinematografikoak, kolektibo zinematografiko independenteetako kideak, kontserbazioaren arloko espezialistak, ikertzaileak, edo edizioan, muntaian, fotografian, soinuan, diseinuan eta abarretan esperientzia handia duten profesionalak.
Ikasturte akademikoa gaur hasi da, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazioa baino lau egun lehenago, eta EQZEko laugarren eta bosgarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean; hala, proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gain. Behin Zinemaldia amaituta, irailaren 26an eskola erregularrak hasiko dira.
Ikasketa bekak
Guztira 18 ikaslek jasoko dituzte Elias Querejeta Zine Eskolaren proiektua zuzenean babesten duten erakundeek ikasketetarako ematen dituzten laguntzak. 14 ikaslek 3.571 dolarreko beka jasoko dute Iberoamerikako Ibermedia Laguntza Funtsetik, berriz ere EQZE hautatu baitute Prestakuntza Programei Laguntzeko modalitatean (2021eko deialdia); Latinoamerika osoko ikus-entzunezkoen industriako zine edo telebista eskolek, unibertsitateek, lanbide heziketako zentro espezializatuek eta sozietate pribatuek edo erakunde eta elkarte profesionalek izan dute beka horiek jasotzeko aukera. Prestakuntza Programei Laguntzeko dirulaguntzen batzordeak “zinemaren egungo arazoak modu berezian jorratzen dituen EQZEren proiektuaren anbizioa eta grazia, haren eredu pedagogikoaren kalitatea, eta parte hartzaileei beren sormen prozesuei ekiteko ematen dien aukera” baloratu ditu, besteak beste. Estatuko bi zentrok lortu dute funtsaren babesa kategoria horretan: Elías Querejeta Zine Eskolak eta Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Eskolak (ECAM). Bestalde, Gipuzkoako hiru ikaslek Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren “Izango Zara” beka bana jasoko dute; Aldundiak 2.500 euroko hiru laguntzak emango ditu matrikulaziorako. Gainera, Brasilgo nazionalitatea duen ikasle batek Olga Rabinovich Institutuaren (Brasil) Projeto Paradiso ekimeneko beka jaso ahal izango du.
Ikasketa beka bat lor dezaketen ikasleen kopurua handitu egin liteke, Peruko Gobernuko Kultura Ministerioaren “Zinema eta ikus-entzunezko jarduerarako estimulu ekonomikoak 2022” programako “Gaitasunak indartzeko estimulua” laguntza multzoaren postulazio prozesua amaitu ondoren; programa horren helburua da ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren arloko espezialisten prestakuntza sustatzea. Elias Querejeta Zine Eskola lehenetsitako 4 zentroetako bat da, ECAM (Madril), ESCAC (Bartzelona) eta EICTVrekin (Kuba) batera.
EQZEko filmen presentzia handia zinema jaialdietan
Eskolako ikasle ohien eta ikasleen lanek presentzia nabarmena izan dute uda honetan egindako zinema jaialdietan. Curtas Vila do Conde (Portugal) zinema jaialdian, Cannesko zinema jaialdian, Locarnoko zinema jaialdian, edo FIDMarseille, IndieLisboa eta Sheffield Doc Fest jaialdietan lehen lau promozioetako ikasleen filmek parte hartu dute. Film eta proiektu horietako batzuek sariak lortu dituzte; adibidez, Óscar Vincentelli garatzen ari den Se van sus naves filmak Camargo saria lortu du FIDMarseille jaialdiko FIDLab garapen laborategian, eta Locarnoko zinema jaialdiko egonaldien esparruan aukeratu dute; bertan, Ana Cristina Barragánek ere parte hartu du, Sopor y Ave proiektuarekin. Mario Sanzen Zehn minuten vor mitternacht, Amanda Devulskyren Vermelho Bruto eta Maria Ines Gonçalvesen O banho filmek ere parte hartu dute FIDMarseillen; azken hori IndieLisboan ere aurkeztu dute. Curtas Vila do Conden Valentina Pelayoren Trazos de silencio programatu dute, eta Sheffield Doc Fest, Shorts International Film Festival eta Gollut jaialietan, berriz, Artur-Pol Camprubíren Podul de piatrâ. Azkenik, Jorge Castrilloren Un viento roza tu puerta filmak Canneseko zinema jaialdiko New Spanish Shorts sailean parte hartu du.
SSIFF jaialdiari dagokionez, irailaren 16an hasiko da, eta EQZEko ikasleen bost film aurkeztuko dituzte bertako sailetan: Ana Cristina Barragánen La piel pulpo, Carlota González-Adrioren La casa de los cáctus eta Mikele Landaren Noizko Basoa Horizontes Latinos, Made in Spain eta Nest Film Students sailetan aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren, eta Jaume Clareten Estrany riu eta Ana Cristina Barragánen La hiedra Ikusmira Berriak programan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sortua eta finantzatua, EQZEk proiektu pedagogiko berdingabe eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatua: Artxiboa, Komisariotza, eta Sorkuntza. Eta programa horiei forma emateko, oinarrizkoak dira eskolaren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza esparruak; Euskadiko Filmategiaren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Donostia Zinemaldiaren ezagutza esparruak, hain zuzen. 2019az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentroa da EQZE.
2464