Kontziliazioa erantzunkidea, etorkizuneko erronka
Kontziliazioa erantzunkidea, etorkizuneko erronka
Emakumea bazara, gutxiago kobratzen duzu eta lan gehiago egiten duzu. Presaz jokatzen ez badugu, hurrengo belaunaldiarentzat ere hala izango da.
Emakumea bazara, gutxiago kobratzen duzu eta lan gehiago egiten duzu. Ez du axola noiz ari zaren esaldi hori irakurtzen: egiazkoa da gaur, eta, presaz jokatzen ez badugu, hurrengo belaunaldiarentzat ere hala izango da. Emakumea bazara, gutxiengoaren parte izango zara enpresara bideratutako lanbide heziketan; izan ere, gutxiengoaren parte izango zara edozein prestakuntza tekniko edo zientifikotan, baita enpresan erabakiak hartzeko edozein organotan ere, horietan parte hartzeko asmoa baduzu.
Jardueren eta baldintzen berdintasunean, Gipuzkoako emakume batek, batez beste, 7.000 euro gutxiago jasotzen ditu haren lankide gizonezko batek baino. Halaber, batez beste, emakume horrek % 61 gehiago lagunduko du etxeko lanetan eta zaintza lanetan.
Horrenbestez, emakumea bazara, zure denbora librea baldintzatuko dute, gehienetan, ordutegiek, ardurek eta zaintzari dagozkion mota guztietako eginbeharrek. Denbora hori, bestalde, ez da antolatzen bizitzaren jasangarritasun irizpideetan oinarrituta, ezpada lanaldi zatituekin, beste ezein jarduerarekin bateratu ezin diren lan ordutegiekin edo eskola ordutegiekin.
Bi faktoreen batuketak marrazten ditu berdintasuna bultzatzeko politika publikoen alor nagusien profilak, eta erakusten du zein den gaur egun gizarte moduan dugun erronka nagusia. Gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunaren eraginez, egungo bizitza sistema sostengaezina da. Desberdintasuna bizkar gaineko zama dugu, emakumeen gainekoa, batik bat, eta gizarte osoaren ongizatea baldintzatzen du.
Ebidentzia nahikoa solidoak dirudite esateko berdintasuna dela gure belaunaldiko erronka handiena; izan ere, ez dugu geroko utzi behar emakumeen garapena zigortzen duen injustizia bideratzea, eta gure lurraldeak ezin du onartu bere biztanleen erdiek ez izatea aukerarik beren burua garatzeko eta ongizate komunari laguntzeko.
Eskura ditugun karta guztiekin jokatu behar dugu, eta, ez dago zalantzarik, bizitza profesionalaren mahaian jokatzen dela berdintasunaren partidaren zati garrantzitsu bat. Lana da espazioetako bat gure bizitza proiektuak, bizimodua, eta beste batzuekin eta inguruarekin ditugun harremanak argien antolatzen dituena. Hori dela eta, aktibatu behar dugun aldaketa sakon horrek beharrezkoak ditu mundu ekonomikoaren konplizitatea, erabakitasuna eta lidergoa ere.
Gipuzkoan, erronka horrek lanean harrapatu gaitu: abantaila hori dugu. Gipuzkoako Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana onartu zenetik (2017. urtean) baditugu ikuspegi partekatu bat, helburu batzuk eta tresna konkretu batzuk, antolatzeko eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztien lana. Baina hori baino garrantzitsuagoa da hitzartu dugula zein den gizarte moduan jarraitu behar dugun anbizioa, hala gure hiritarrei berdintasunezko baldintzak eskaintzeko, beren bizi proiektuak gara ditzaten.
Ia hiru urte daramatzagu alor honetan lanean, Etorkizuna Eraikiz programaren babesean, zeinak, Lurraldeko ongizatearen gakoak identifikatzerakoan, garbi adierazi baitzuen berdintasuna dela Gipuzkoaren etorkizuneko ikuspegiaren sostenguetako bat.
Joan den astean, lan horren guztiaren emaitza zehatz bat ikusi genuen. Gipuzkoako 30 enpresa inguruk –desberdinak direnak egituran, tamainan, sektoreetan eta konposizioan– Erantzukide Sarea izeneko lan sarea eratzea hitzartu dute, zeina jaio baita adorea emateko gainerako ehun sozioekonomikoari, eta, batez ere, Gipuzkoako enpresei. Sare horren aurkezpenak –Tabakaleran egin genuen Berdintasuna eta Kontziliazioa Topagunean eginikoa– irakaspen garrantzitsuak utzi zizkigun; orain, aplikatu egin behar ditugu.
Igaroaldi batean gaude. Gure bizitzak antolatzen ditugu, banaka edo kolektiboki, dagoeneko zaharkituta dauden eta gizarteak aspaldi gainditu zituen premisa batzuen gainean, nahiz eta gure bizitza proiektuei eusten dieten egitura handiek ez duten nahikoa eboluzionatu oraindik. Chimamanda Ngozi Adichie idazleak dioen moduan, oso zuzen esan ere, estereotipoek duten arriskua ez da haiek faltsuak izatea, osoak ez izatea baizik. Gainera, esan genezake eragozpen ikaragarri bat direla gure etorkizunarentzat.
Joan den asteko topaketak agerian utzi zuen, beste gauza batzuen artean, gizonen inplikazioak zenbateko garrantzia duen zaintzaren mapa berrosatzeko, eta antolatzeko, hura zeregin partekatu bat bihur dadin. Politika publikoek eta enpresetako kulturen kontziliazio arduratsuaren helburuan bat egiten duten lekuetako esperientziek markatzen dute Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko hartu behar duen bidea.
Gure belaunaldiari igarotze bide horretan ibiltzea dagokio, eta eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzea, estereotipo mugatzaileak eta gizarte osoaren etorkizuna zigortzen duten egoerak gaindituko dituzten baldintzak sortzeko. Ez zait bururatzen hori baino zeregin ilusionagarriagorik.
2076