Copreci, Aita Menni eta Elkarmediaren ibilbidea saritu dute, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko garaian duten konpromiso eredugarriagatik
Copreci, Aita Menni eta Elkarmediaren ibilbidea saritu dute, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko garaian duten konpromiso eredugarriagatik
Copreci, Aita Menni eta Elkarmediaren ibilbidea saritu dute, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko garaian duten konpromiso eredugarriagatik
‘LH Duala Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia hartu du gaur Urnietako Salestarrak Magale Lanbide Heziketako ikastetxeak; ikasle, irakasle, lantoki, erakunde eta eskoletako ordezkariek praktika onak partekatu dituzte bertan
Urnietako Salestarrak-Magale Lanbide Heziketako ikastetxeak ‘LH Duala Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia hartu du gaur goizean. Bertan, euskarazko Lanbide Heziketa eta ikasleen lan munduratzea euskaraz gauzatzeko garaian erreferente diren lantoki eta ikastetxeen jarduna aitortu eta praktika onak partekatu dira. Aurtengoan Copreci, Aita Menni eta Elkarmediaren ibilbidea errekonozitu dute programaren sustatzaileek, lan eremuan euskararen erabilera sustatzeko erakutsi duten konpromiso eredugarriagatik.
Laneki elkartearen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean oinarrituta, ‘LH Duala Euskaraz’ ekimenaren helburua da ikasleen euskararen ezagutza maila lan mundua euskaratzeko akuilu izatea, euskarak lan munduan duen balioa azpimarratuz. Dagoeneko hirugarren aldiz antolatu dute egitasmo honi lotutako aitortza ekitaldia eta Salestarrrak-Magale ikastetxean elkartu dira, besteak beste, Jorge Segurado Urnietako alkatea; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria; Estibaliz Alkorta eta Nicolas Sagarzazu, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustapeneko zuzendaria eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketaren zuzendaria, hurrenez hurren; Ainitze Blanco, Laneki elkarteko lehendakaria; eta Lanbide Heziketako sareko hainbat irakasle eta ordezkari.
2023an jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 14.633 ikasle izan dira Lanbide Heziketa Dualean. Horietako 4.050 ikasle euskaraz aritu dira, gisa horretan lan mundura salto egiten dutenerako euskararen konpetentzia garatuz. Lurralde honetan, azken bost urteetan, Lanbide Heziketa Duala euskaraz Gipuzkoan 4.016 lantokik baino gehiagok eskaintzen dute euskaraz. (Bizkaian 2.067 eta Araban 450). Guztien artean, etorkizunerako, hazkunderako eta enplegurako aukera ematen duten erakunde eredugarri eta jasangarrien komunitate bat osatzen dute.
Euskara eta jasangarritasuna
Hain zuzen ere, iraunkortasunaren hariari heldu dio ekitaldiko hizlari nagusiak, Urnietan elkartu direnen aurrean. Euskara eta jasangarritasuna, ekonomiaren bultzatzaile? hitzaldia eskaini du Alex Arriolak, SPRIko zuzendari ohiak eta industrian adituak. Ondoren, gai horri berari helduta mahai-ingurua osatu dute Mari Jose Barriolak, Tknika-ko Biozientziak eta Jasangarritasun arloko zuzendariak; Xabi Setienek, Salestarretan irakasleak; eta Alaitz Tolosak, Mitxelena kooperatibako Industria Antolakuntzako ingeniariak.
Ekitaldia amaitzeko, lantokiek euskararen alde egiten duten lana errekonozitzeko unea iritsi da, eta horretarako kontuan izan da Lanbide Heziketako ikastetxeekin duten harremana, ikasleek “LH Duala Euskaraz” urte batean baino gehiagotan egin izana, LH Dualean izandako ikasle horietako batzuk bertan lanean geratu izana eta “LH Duala Euskaraz” egiten den lantokien izaera anitza. Aurtengoan aitortza jaso dute Copreci kooperatibak, Aita Mennik eta Elkarmediak eta horiekin harremana duten Lanbide Heziketako ikastetxeek: Meka LHII, Mariaren Lagundia, Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Miguel Altuna LHII eta Izarraitz lanbide Heziketa LHII.
Ikasleak ere izan ditugu protagonista, Lanbide Heziketako Egunean Behin Lehiaketako ikasle irabazleak saritu dira eta. Saria jaso dutenak izan dira: Tolosaldea LHII-ko ikasle diren Iosune Ezkerra eta Mattin Korta, Goierri Eskolako Oier Aramendi, Mendizabala LHII-ko Asier Garaigordobil, Urola Garaiko Lanbide Eskolako Mikel Zuloaga eta Izarraitz Lanbide Heziketa LHII-ko Goretti Lasa.
“Gure hizkuntza, lehiakortasun estrategien muinean”
Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, zorionak eman dizkie aitortza jaso duten entitateei, “norabide argi bat” markatzen dutelako eremu sozio-ekonomikoan euskara indartzeko “desafio kolektiboari”. “Beti esan ohi dugu gure Lanbide Heziketa sarea harribitxia dela. Eta halaxe da, Europan eredutzat jotzen dute, aitzindaria delako gauza askotan. Euskararen ikuspegitik ere bai, gero eta ikasle gehiagori euskaraz kalitatezko formazioa eskaintzen diolako eta, ondoren, ikasle horiek gure lantokiak eta bereziki gure industria euskalduntzen dutelako”, gogoeta egin du.
Lan munduan euskararen presentzia indartzeko desafioa Gipuzkoa eta Euskadiko “etorkizuneko enpresa ereduarekin” lotu du. “Digitala, jasangarria, lehiakorra, parte-hartzailea, talentua sustatuko duena, pertsonekin eta lurraldearekin konprometitua, nazioartekotua… eta euskalduna. Euskararen erabilera sustatzen duena, modu kontziente eta antolatuan”, definitu du. Izan ere, gure hizkuntzak “balio erantsia” eskaintzen die enpresei eta, horregatik, azpimarratu duenez, “lehiakortasun estrategien muinean” egon behar du.
Urnietako alkateak, Jorge Seguradok, euskara gizartean “elementu bateratzaile eta funtsezkoa” dela azpimarratu du. Gipuzkoako enpresek, ikasleek eta lanbide heziketako ikastetxeek euskararen erabilera sustatzeko egindako ahalegina eta konpromisoa azpimarratu ditu eta LH Duala Euskaraz proiektua nabarmendu du, “ez bakarrik ekimen gisa, baita lanbide heziketan euskararekiko jarrera positiboa bultzatzeko mugimendu gisa ere”. “Beharrezkoa da eremu sozioekonomikoa lehentasunezko gunetzat hartzea euskara biziberritzeko, hezkuntzan eta unibertsitatean egindako aurrerapen nabarmenak aitortuz, euskalduntzeko inbertsioari esker. Euskara erabiltzeko aukera aprobetxatzeko deia egiten dut, euskal nortasuna eta kultura indartuz. Enpresetan euskararen erabilera indartzeak nortasun kulturala indartzeaz gain, enpresen jarduera eta lehiakortasuna sustatzen ditu”, berretsi du.
1913