Cristobal Balenciaga Museoak erakusketa berria aurkeztu du, “Moda eta Ondarea. Cristobal”
Cristobal Balenciaga Museoak erakusketa berria aurkeztu du, “Moda eta Ondarea. Cristobal”
Moda eta Ondarea,elkarrizketa ezinezkoa, iragankorra eta iraunkorra aurrez aurre jartzen duena: indarraldia unetik eratorria duen hori eta, aurrean, iraganetik balioa jasotzen duena. Hala ere, elkarrizketa hori badabil Cristóbal Balenciaga hizpide hartzen dugunean.
2018an Ondarearen Europako Urtearekin bat etorrita Moda eta Ondarea serie kuratoriala abian jarri zenetik, Cristóbal Balenciaga Museoak helburu izan du gogoeta egitea Balenciagaren obra moda izatetik ondare izatera igarotzeko prozesuari buruz. Prozesu metakor modura gauzatu da seriea, aurretiko eta gaur egungo ikerketak bilduz eta barne hartuz, betiere diskurtso kronologiko komun batean oinarriturik baina erakusketa bakoitzerako arretagune desberdin bat proposatuz eta emanaldi bakoitzerako museografia aldatuz eta berrikusiz. Aurreko erakusketetan, Balenciagaren obraren erreferente bisualez jardun gara, eta testuinguruan kokatu ditugu haren lan prozesua, bilakaera eta legatua.
Aurten, Cristóbal Balenciagaren jaiotzaren 125. urteurrenarekin bat, serie kuratorialaren baitako hirugarren erakusketa egingo da. Oraingo honetan, hauxe izango da erronka: argitara ateratzea «errezelaren atzeko» pertsona, markaren atzean dagoen izen propioa, goi mailako joskintzako maisuaren atzean dagoen senitartekoa, laguna edo nagusia. Aurreko erakusketen oihartzunekin batera, Cristóbal Balenciagaren zenbait objektu pertsonal ere aurkituko ditugu obra hautatu hauen ibilbide kronologikoan txertaturik. Hain zuzen ere, ibilbidean zehar, mitoa alboratzeko eta Cristóbal bera imajinatzeko gonbita egingo digute jantzi, lanabes, gutun, liburu nahiz apaingarri horiek.
Erakusketa
Moda eta Ondarea, Cristóbal erakusketaren ibilbide kronologikoak bere baitan hartzen du Cristóbal Balenciagaren ibilbide profesionala, horrekin batera, ikuspegi berri bat ere proposatzen du: ikuspegi biografikoa.
Cristóbal Balenciaga publikoaren ikusmiratik kanpo egoten saiatzen zen alderdi profesionalari dagokionez, eta erabateko diskrezioa bilatu zuen bizitza pertsonalean ere. Garai hartako prentsaren arabera, gizon misteriotsua zen, iheskorra. Ez zen hedabideen aurrean agertu zalea; ez zen bere bezeroekin zuzenean aritzen —adiskidetasuna zela medio egiten zituen salbuespen bakanetan izan ezik— eta ez zen oso pertsonaia ohikoa XX. Mendearen erdialdeko hamarkadetako Parisko bizitza sozial, artistiko eta intelektual bizian. Urruntasun horrek, ordea, ospea ez galarazteaz gainera, esklusibotasunaren ikur eta bere garaiko publikoaren ikono bihurtu zuen haren izena.
Oso bestelako jarrerez mintzo dira haren hurbileko pertsonen lekukotasunak. Oso bestelakoa zen haren lankide, adiskide eta senitartekoek ezagututako Cristóbal hura: irmoa baina adeitsua; serioa lanean, baina lasaia eta irribarretsua intimitatean; zorrotza baina eskuzabala; beti izan zituena etxekoen babesa eta laguntza, adiskideen leialtasuna eta jaiera, eta enplegatuen errespetua eta mirespena. Hala, Cristóbal Balenciagaren obraren nondik norakoak erakusteaz gainera, Cristóbal bera imajinatzeko aukera ematen digu erakusketak, haren objektuen presentziaren bidez. Erakusketaren komisario eta Museoko bildumen zuzendari Igor Uriaren arabera: «Gure asmoa ez da azalpen biografiko bat egitea, baizik eta gogora ekartzea beti itzalean, errezelaren atzean, lantegian gorderik, ideiak hausnartzen, sorkuntza lan isilean jardun zuen gizon hura —eta, agian, gure buruari galdetzea zergatik iritsi diren objektu jakin horiek guregana eta zer kontatzen diguten gizon hari buruz—».
Datu batzuk
Erakusketa bost aretotan antolatuko da, eta 700 m2-ko azalera hartuko du, guztira. 80 jantzi pieza bilduko ditu, gehienak lehenago erakutsi gabeak. Museoko bilduman sartu berriak dira, eta honako erakunde eta bilduma hauen gordailutzeak eta legatuak: Parisko Archives Balenciaga, Solano-Belausteguigoitia bilduma, Gorostola-Portorcarrero bilduma, Astoreca bilduma eta Medina-Balenciaga bilduma. Bestalde, Moda eta Ondarea. Cristóbal erakusketaren epilogo gisa, edo haren eranskin gisa, areto berezi bat irekiko da, Museoaren eta Parisko Archives Balenciagaren arteko lankidetza berezi bati esker, Balenciaga etxearen egoitzan gorderiko ondarea erakusteko. Erakusketa diskurtsoa eta hari laguntzeko hautatutako piezak nahiz espazioaren kontzeptualizazioa eta diseinua Museoko bildumen zuzendari Igor Uriaren eta Judith Clark fashion curator ezagunaren arteko elkarlanetik eratorritakoNplanteamendu berritzaile baten emaitza dira. Jarraipena eman diote serie honekin hasitako lankidetzari, baina edizio honetan, gainera, Londresko University of the Arts unibertsitateko Centre for Fashion Curation zentroaren babesa izango dute. «Moda eta Ondarea serie kuratorialaren hirugarren edizioak alderdi biografikoa erantsiko dio aurreko erakusketetan bildumaren eta instalazioaren, artxiboaren eta museologiaren artean sortutako elkarrizketari. Cristóbal Balenciaga beti egon da presente bere silueta ikonikoen bilakaeran, baina argazki ez hain ezagunen bidez agertuko da, oraingoan, baita haren jabetzakoak izandako objektu sorta baten bidez ere. Batzuk eta besteak, pertsonaia enigmatikoaren talisman edo fetitxe bihurturik ia», azaldu du Judith Clarkek.
1791