Crohn Gaitza eta Ultzeradun Kolitisa duten Gaixoen Elkarteak morez argiztatuko du Donostiako Udala
Crohn Gaitza eta Ultzeradun Kolitisa duten Gaixoen Elkarteak morez argiztatuko du Donostiako Udala
Ekintza ostiral honetan egingo da, gaixotasunaren munduko eguna dela eta. Gainera, lurraldeko 300 denda eta tabernak baino gehiagok, “Beharra daukat!” ekimenarekin bat egin dute, gaixotasun hori duten pertsonei komunera joaten uzteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Crohn Gaitza eta Ultzeradun Kolitisa duten Gaixoen Elkarteak etzi, ostiralean, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunen Munduko Eguna dela eta elkarteak egingo dituen ekintzak aurkeztu dituzte gaur goizean; izan ere, Gipuzkoan 700 pertsona inguruk dute gaixotasun hori. Ekintza nagusia Donostiako udaletxea morez argiztatzea izango da (21:30); horrez gain, informazio mahai bat egongo da hesteetako hanturazko gaixotasunari eta elkarteak egiten duen lanari buruzkoa (18:00-23:00). Era berean, igandean, hilaren 21ean, Anoetan egingo den Gipuzkoako I. Pilota Egunean, elkarteak txoko solidario bat jarriko du Ferrerias Plazan, 11:00etatik 14:30ak arte; bertan, zumba tailer bat eta haurrentzako jarduerak egongo dira, eta baita pilota partidak ere, non hainbat pertsona ospetsuk parte hartuko duten.
Beste alde batetik, Jone Argoitia elkarteko lehendakariak “Beharra daukat!” ekimen pilotuaren berri eman du; identifikazio eranskailu bat duten denda, taberna eta erakundeetako komunetara azkar eta doan sartzeko sistema berritzailea da, Donostian “oso harrera ona” izaten ari dena. Izan ere, 70 txartel baino gehiago banatu dira erabiltzaileen artean, eta oraingoz Gipuzkoako 300 denda eta tabernek baino gehiagok, hainbat foru zentrok, Donostiako Udalak eta adineko jendearentzako zenbait egoitzek egin dute bat ekimenarekin. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Marije Zelaia ondoan zuela, adierazi duenez, Gipuzkoak “erreferente” izan nahi du atzetik etorriko diren lurraldeentzat, horrela sare zabal bat osatzeko hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Izan ere, Osakidetzak dagoeneko onespena eman du ekimen hau Bizkaira eta Arabara ere zabaltzeko”, gaineratu du diputatuak aurkezpenean, ondoan ere Marije Zelaia Donostiako Udaleko zinegotzia eta Oscar Casbas Gipuzkoako Ostalarien elkarteko ordezkaria.
Argoitiak, berriz, azaldu du ekimen honek nola funtzionatzen duen: “gaixoak familiako medikuari ziurtagiri bat eskatu behar dio bere beharra egiaztatzen duena; ziurtagiri horrekin elkarteak txartela ematen dio eta, horrela, gaixoak ekimenarekin bat egiten duten edozein denda edo tabernetan aurkez dezake txartela komunera joan ahal izateko”. Argoitiak azaldu du “laguntza eta elkarlana” eskatzen dutela, osasun arazo bat dela eta “pertsona horiek komunera presaka eta sarri joan beharra izaten dutelako, eta arazo horrek egoera deserosoak sortzen dituelako”. Amaitzeko, Peñak adierazi du behar bat dela, eta nahiz eta “deserosoa” izan, “ez dela kutsakorra eta ez diela gainerako pertsonei eragiten”. Era berean, adierazi du “Beharra daukat!" proiektuak ez duela "inbertsio eta azpiegitura handirik behar, borondatea baizik” eta, batez ere, arazoarekiko “sentsibilizazioa eta sozializazioa” plazaratu nahi duela, jendea “konturatzeko” pertsona horien “beharraz eta presaz”. Horregatik, denda eta taberna gehiagori dei egin die “ekimen solidario honekin bat egin dezaten”.
“Beharra daukat!" proiektuak ez du inbertsio eta azpiegitura handirik behar, borondatea baizik
1957