Crossover Jaialdiaren bigarren eguna: Telesailak, etorkizuna eta folletoia
Crossover Jaialdiaren bigarren eguna: Telesailak, etorkizuna eta folletoia
Lehen solasaldiak telesailek munduaren aldaketak nola aurreratzen dituzten aztertuko du
Bigarren jardueran, Rodrigo Cortés, Juan Gómez-Jurado eta Arturo González-Campos, “Todopoderosos” podcast ezagunaren partaideak, telesailen narrazio tekniken inguruan arituko dira
Asteazken honetan, atzo abiatu zen telesailen kulturari buruzko Crossover jaialdiak beste bi jarduera eskainiko ditu sormen eta ikusle gorakada nabarmena bizi duen ikus-entzunezko genero hau hobeto ezagutzeko.
“Flashforward: fikzioa errealitatearen aurretik” solasaldia izango da lehen jarduera, Koldo Mitxelena Kulturunean 18:30etan. Telesailak gizartearen ispilu izan dira askotan, iraganaren edo egungo errealitearen inguruko gaiak jorratuz. Azken urteotan, ordea, oraindik ezagutzen ez dugun etorkizunaren isla izateko ahalegin handia egin dute telesail ugarik, dela distopia futuristak baliatuz, dela pertsonaia, rol edo narratiba berriak erabiliz. Telesailak baitira agian gure errealitatea eta honen aldaketa sakonek sortarazten dituzten ardurak hobeto jasotzen duen lengoaia.
Katixa Agirre eta Irati Jimenez idazle eta kazetariak eta Gaizka Agirre telebista kritikaria telesaileen korronte honen inguruan arituko dira solasean. Xabier Paya gidoilari eta bertsolaria izango da dinamika ezohikoko solasaldi honen moderatzailea. Ikus-entzunezko elementuek garrantzi handia izango dute hizketaldian (adibidez, gonbidatu bakoitzak bere burua definitzen duen bideo bat aukeratu behar izan du), eta publikoaren parte-hartzea app baten bidez kudeatu ahal izango da.
Bigarren jarduerak “Todopoderosos” kultur podcast ezagunaren hiru partaide biltzen ditu: Rodrigo Cortés zuzendaria, Juan Gómez-Jurado idazle eta kazetaria eta Arturo González-Campos gidoilari, aktore eta umorista. “El folletín, el feo y el ‘hype’: de Dickens a Michael Knight” da solasaldi bitxi eta dibertigarri honen izenburua. Tabakalerako Prisman izango da, 20:00etan.
Tituluak ez du bakarrik gaia aurkezten, baita hiru hizlari bikain hauen estilo umoretsu eta ausarta, pittin frikia ere. Eztabaida kulturalak modu honetan jorratzeak arrakasta handia ekarri die, bai publikoaren aldetik eta baita sare sozialetan duten ohiartzunaren aldetik ere (hiruren artean 450.000 follower dituzte Twitter-en)
Zer du telesailen kontatzeko moduak mundo osoan milioika ikusleren arreta bereganatzeko? Umorez betetako hizketaldi honetan telesailen narrazio teknikak sustrai sakonak dituela azalduko dute hirurek, eta Charles Dickens bera Knight Rider telesail ezagunaren (Espainian, El coche fantástico) aitzindarietako bat dela.
Jarduera honetan aldez aurretik gonbidapena jaso behar da. Bihar, 19etatik aurrera Tabakalerako Info puntuan eskuragarri egongo dira zenbait gonbidapen.
1423