Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Crossover. Telesailen Kultura Jaialdiaren VI. edizioak programazioa aurkeztu du gaur goizean

Crossover. Telesailen Kultura Jaialdiaren VI. edizioak programazioa aurkeztu du gaur goizean

Jaialdian honako estreinaldi hauek eskainiko dira: Movistar Plus+-eko Rapa telesailaren bigarren denboraldiko lehen atala, SkyShowtimen Bosé jatorrizko telesailaren hirugarren atala; FILMINen Selftape telesailaren estreinaldia, AXN telebista katearen Three Pines telesail berria, eta HBO Max-en Spy/Master jatorrizko europarra.

2023/03/16
Crossover

Jaialdiaren seigarren edizioa Donostian izango da, martxoaren 27tik apirilaren 1era. Eztabaidak, estreinaldiak, elkarrizketak, jolas-jarduerak eta berrikuntzak izango ditu, Gourmet Telesailak, esaterako. Horiek guztiek programa bat osatzen dute telesailen fikziora hainbat ikuspegitatik hurbiltzeko, betiere kultur sorkuntzaren eta kritikaren protagonista nabarmenen eskutik.

Kulturako diputatu María José Telleriak gaur goizean aurkeztu ditu aurtengo edizioaren xehetasun guztiak, eta, aurrekoetan bezala, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran gauzatuko da. Diputatuarekin batera egon dira Patxi Presa, Jaialdiaren zuzendaria, eta Jon Paul Arroyo, Jaialdiaren ekoiztetxea den Kultur Faktory-ko arduraduna.

Aurten ere, aurpegi ezagunek parte hartuko dute. Javier Cámara, María de Nati, Teresa Fernández Valdés, Miriam Giovanelli, Esty Quesada, José Pastor, Mónica López, Bob Pop, Laura eta Alberto Caballero, Pedro Torrijos edo Ibon Martín dira edizio honetarako egiaztatutako beste izen batzuk.

María José Telleria Kulturako diputatuak ziurtatu du Jaialdi hau erreferentziazko hitzordu bihurtu dela telesailen kultura aztertzen duten formatuen artean. Gainera, Crossover jaialdia Departamentuaren beste apustu bat da, une honetan lehen lerroan dauden kultur ekoizpen eta kontsumoaren alorrei arreta eskaintzeko. «Telesailen fenomenoa hazten joan da azken 25 urteetan, azkartu egin da pandemia garaian, eta, une honetan, leku goren batean kokatuta dago kulturaren eremuan. Telesailak kulturaren erreferente bihurtu dira.»

Rapa, Selftape eta Bosé telesailen proiekzioak, talde artistikoko kide batzuekin.

Astelehenean, hilak 27, 20:00etan, KMKn Spy/Master estreinatuko da, HBO Max-en jatorrizko telesail europarra. Errumaniako eta Mendebaldeko Alemaniako Gerra Hotzaren urteak birsortuz, thriller honek ahobatezko goraipamena jaso du Berlinaleko Telesailen atalean.

Asteartean, hilak 28, Tabakalera Zineman, Rapa telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko da esklusiban, Espainiako fikzioaren arrakasta handienetako bat. Pepe Coirak eta Fran Araújok sortutako Movistar Plus+-eko telesailak mendekotasuna sortzen duen thriller bat proposatzen du Galiziako lurretan, Javier Cámara eta Mónica López protagonista dituena. Biek aurkeztuko dute denboraldi berria, Alfonso Blanco produktorearekin eta Susana Herreras Movistar Plus+-eko jatorrizko ekoizpeneko argitaratze-gerentearekin batera.

Asteazkenean, hilak 29, KMKn, Crossover. Telesailen Kultura Jaialdiak esklusiban aurreratuko du Filminek ekoitzitako Selftape telesail berria, kutsu autobiografikoko fikzioa, Joana eta Mireia Vilapuig ahizpak protagonista (eta koidazle) dituena eta Barbara Ferré zuzendari duena. Hirurak egongo dira CROSSOVER jaialdian telesaila aurkezteko. 

Ostegunean, hilak 30, KMKn, SkyShowtimen Bosé jatorrizko telesailaren hirugarren atala proiektatuko da. Modu independentean goza daitekeen kapitulu bat da, Miguel Bosék eta espektakuluaren beste munstro batek, Julio Iglesiasek,  izan zuten harremanean oinarritzen dena. Horri buruz hitz egiteko, bertan izango ditugu Jose Pastor protagonista, eta Isabel Vazquez atalaren gidoilaria.

Atal berriak eta eztabaidak

Crossover.Telesailen Kultura jaialdiak atal berri bat izango du edizio honetan: “Ikusle gonbidatua”. Bertan, kulturako pertsona garrantzitsuek hitz egingo dute, ikusle gisa, gustuko dituzten telesailei buruz eta horren zergatiaz, ikusteko eta gozatzeko duten moduaz eta telesailen kulturaz duten ikuspegiaz. Edizio honetan, Harkaitz Cano idazleak, Liher taldeko Lide Hernando abeslariak, Iratxe Fresneda zinemagileak eta Enric Albero kazetari kultural eta kritikariak hartuko dute parte. Saioak 17:30ean egingo dira Koldo Mitxelena Kulturunean, astelehen, astearte, ostegun eta ostiralean.

Gainera, eztabaida interesgarriak egongo dira hainbat gairen inguruan, hala nola feminismo berria, gorputz ez normatiboa eta aniztasuna, telesailetako arkitektura, intimitate koordinatzaileak edo krimena irudikatzeko moduak.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak hilaren 27an, astelehena, hasiko dira. Jaialdiaren Turra Tour 2023 atala KMKra iritsiko da, azken hamarkadetako Espainiako ikus-entzunezkoen arrakasta handienetako batzuen egile diren Borja Cobeagak eta Diego San Josek bikote sortzaile gisa betetzen duten 20. urteurrena ospatzeko. Haiekin batera egongo da Esty Quesada «Soy una pringada» youtuber eta aktorea.

Hitzaldia biribiltzeko, bi sortzaile horien lankidetzaren abiapuntua izan zen EITBren Vaya Semanita programa mitikoa omenduko da, eta bertan izango dira programako kideak eta gidoilariak.

Asteartean, hilak 28, Eta gazteentzat, zer? atalean, gazteentzako euskal fikzioaren bi mugarriren protagonistek, María Redondok (Goazen!) eta Nahia Sillerok (Irabazi arte) gazteentzat pentsatutako telesailei buruz hitz egingo dute Gaizka Izagirrerekin, telesail horiek gazteen gai eta kezkekin bat egiten duten jakiteko.

Asteazkenean, hilak 29, KMKn, Baipasa magazinaren Zer ikusi 'atalaren grabazioaz eta zuzeneko emanaldiaz gozatuko dugu. Euskadi Irratiak astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara, emititzen duen saio horretan ikus-entzunezkoen inguruko berriak ematen dira. Oraingo honetan, Gaizka Izagirre, Eider Saez, Ibai Zabala eta Olaia Urtiaga adostasun batera iritsi beharko dira historian zehar izan diren bost telesail onenen inguruan, eta, noski, bakoitzak bere gogokoenak defendatuko ditu hortzez eta haginez, irratiko borroka berezi batean.

Krimena izango da asteazkenean, hilak 29, egingo den mahai-inguruaren gai nagusia. Gonbidatu gisa izango dira Ibon Martín eleberrigilea, genero beltzeko arrakasta batzuen egilea, eta Jon Udakiola Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko burua. Biek krimenaren fikzioari eta errealitateari buruz hitz egingo dute.

Ostegunean, hilak 30, 18:00etan, KMKn, gori dagoen gai bat jorratuko da: nola filmatzen da sexua telesailetan? Mahai-inguru honetan azalduko da nola, gaur egun, tresna batzuk bilatzen diren errodajean zehar espazio seguru bat sortzeko platoan, eta nola sentsibilitate berri horrek aldatzen duen publikoak eszena intimoak hautemateko modua. Nacho telesaileko protagonistak, Maria de Natik eta Miriam Giovanellik telesailaren sortzailea den Teresa Fernández Valdések gai horiei buruz hitz egingo dute.

Ostegunean ere, Tabakalerako 2deo ikus-entzunezkoen laborategian, eta gonbidapenarekin, Serie Hablada programako saio bat egingo da, Autodefensa telesailean oinarrituta. Saio horretan, Berta Prieto, protagonista eta sortzaileetako bat eta, Filmin-eko argitaratze zuzendari den Jaume Ripoll egongo dira, eta Internet banandu duen telesailaren sortze prozesua azalduko dute.Festak, dramak, gehiegikeriak, damuak, lotsagabekeria, ajeak eta antsietate pixka bat dituen telesail paregabea. Huts egiteko aukera duten hogei urteko bi gazteena. Euren buruaren defentsan dibertitzen diren bi lagunena.

Saio berezienetako bat ostiralean izango da, hilaren 31n, Ezinezko arkitektura izenburupean. Saio horrek agerian uzten du telesailek, askotan, ez dituztela benetako arkitekturaren ereduak jarraitzen. Horren adibide dira sitcom-eko ohiko etxeak, fikzioaren zerbitzura dauden etxe ezinezkoak, non bizitza oso zaila izango litzatekeen. Pedro Torrijos arkitekto eta dibulgatzaile ezagunak ezinezko arkitektura horietako asko erakutsiko dizkigu, Ekain Olaizola arkitektoarekin batera, Alberto Rey telebistako kritikariarekin hitz eginez.

Gourmet Telesailak atal berriak afaria eta aperitiboa hartzen ditu barne.

Ostirala “Gourmet Telesailak” atal berriarekin amaituko da. Atal horrek telesailei buruz hitz egitea proposatzen du, menu goxo bat dastatzen den bitartean. Oraingo honetan, telesailen afariko gonbidatu ospetsuak Alberto eta Laura Caballero anai-arrebak izango dira, Espainiako ikus-entzunezkoen sortzaile garrantzitsuenetako bi. Beraienak baitira Aquí no hay quien viva, La que se avecina edo Machos Alfa telesail arrakastatsuak. Solasaldia Covent Gardeneko areto ingelesean egingo den afari-cocktail batean izango da.

Larunbatean, apirilak 1, 12:00etan, eta “Gourmet Telesailak” atalaren barruko hitzaldi batean, CROSSOVER jaialdia Tabakalerako LABe-ra eramango da. Bertan, telesailen inguruan arituko dira eta gastronomiara nola hurbiltzen diren azalduko dute, The Bear zirraragarria, Hannibal kezkagarria edo Foody Love goxoa bezalako adibideak erabiliz. Jorge Bretón eta Sasha Correa Basque Culinary Centerreko taldekideak dira, eta aperitibo-elkarrizketa seriefilo bat eskainiko dute burua eta ahoa gozatzeko. Horretarako propio sortutako mokaduen dastaketa bat eskainiko da,  Breaking Bad edo El juego del calamar telesail ospetsuetan oinarrituta.

Edizio honetako Telesailen Borroka atalak Anillos eta Dragones jarriko ditu aurrez aurre.

Larunbatean, hilak 1, Jaialdiak VI. edizio hau biribilduko du Koldo Mitxelena Kulturuneko Komikitekan hasiko den jardunaldi trinko batekin. 12:00etan, Animeak, Japoniatik datozen telesail animatuak: Dagron Ball izenburupean, Judas Arrietak hausnarketa egingo du gure etxeetara iritsitako Japoniako telesail animatuei buruz.

Arratsaldean, jardunaldia Tabakalerako Kutxa Kultur-en izango da. 17:00etan Three Pines-en estreinaldia izango da, AXNren proposamen berria. Alfred Molina protagonista duen misterioko telesail bat, Louise Penny idazle kanadarraren eleberri arrakastatsuak egokitzen dituena.

Ondoren, Adriana Izquierdok, Belén Prietok eta Álex Pruñonosak, Enric Alberoren gidaritzapean, 2023ak ekarriko duen telesail tsunamiaz hitz egingo dute. Izan ere, itxura guztien arabera, aurten telesail ahaztezinen sorta handi bat izango dugu, HBO Max-en The Last of Us jatorrizko europarrarekin gertatzen ari den bezala.

Eta aurreko edizioetan bezala, jaialdia amaitzeko ohiko Telesailen Borroka izango da. Fantasiazko bi titan aurrez aurre: alde batetik, El señor de los anillos: Los anillos de poder, Tolkienen unibertsoak telesailen fikziora egindako jauzia; eta bestetik, La casa del dragónJuego de tronos apartaren prekuela. Adriana Izquierdo, Belén Prieto, Mikel Sánchez eta Álex Pruñonosa, Ylenia Benitok moderatuta, izango dira borroka berezi horretan aurrez-aurre jarriko direnak.

Jaialdiko jarduera guztietarako sarrera dohain da edukiera osatu arte, “Gourmet Telesailak” atala osatzen duten afari-cocktaila eta aperitiboa izan ezik, ordainpekoak baitira; eta Rapa telesailaren estreinaldia eta Serie Hablada solasaldia izan ezik, gonbidapena beharko baita. Ordainpeko sarrerak eta gonbidapenak jaialdiaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira: crossoverseriesfestival.com

Crossover-en apustua eta laguntzaileen sarea

Edizio honetan, Crossoverrek telesailen kultura aztertzen jarraitzen du ikuspegi desberdinetatik, betiere publiko zabal batean pentsatuz, dibertsioa eta eztabaida konbinatuz eta ikus-entzunezko sektoreko plataformen produkzioaren erakusleiho izatea bilatuz.

Jaialdiak Donostiako Zinemaldiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren lankidetza du, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian gauzatzen den 2deo Serieak telesailen proiektuak garatzeko programaren bidez; baita aliatu garrantzitsuen babesa ere, hala nola Donostia Turismorena. Gainera, aurten Basque Culinary Centerren lankidetza ere izango du.

  

2805