Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver Crossoverrek errekorra lortu du 8. edizioan eta hainbat ekimen iragarri ditu lurraldean zehar eta maiatzean estreinaldia egingo du Donostian

Crossoverrek errekorra lortu du 8. edizioan eta hainbat ekimen iragarri ditu lurraldean zehar eta maiatzean estreinaldia egingo du Donostian

Victoria Eugenia Antzokia izango da Desagertuta, Primeran telesail berritzailearen lehen emanaldia, aldi berean gaztelaniaz eta euskaraz filmatu dena. Urrian, María Guerrak eta Mariola Cubellsek "La substancia. Actrices contra el tiempo" ekimena Irunen, Zumarragan eta Eibarren errepikatuko dute.

2025/04/11
Cultura

Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory kultur agentziak "Crossover. Cultura de series" jaialdiaren zortzigarren edizioa egin dute martxoaren 24tik 29ra. Koldo Mitxelena Kulturunean (KMK) eta Tabakaleran antolatu dira saioak, eta parte-hartze errekorra izan du. Errekor hori lortu da bai gonbidatuen kopuruan, bai bertaratu diren ikusleen kopuruan, bai presentzialki etorri direnak eta baita ere streaming bidez jarraitu dutenak. Hori dela eta, jaialdiak bere apustua indartu du. Urtean zehar lurraldeko hainbat tokitan hitzaldiak eta erakusketak eskainiko ditu eta maiatzean, Donostian, "Desagertuta" telesailaren estreinaldia eginez hedatu du bere programazioa. Hala adierazi dute gaur goizean Goizane Alvarez Kultura diputatuak, Isaac Palencia Kultura Sustapeneko zuzendariak eta Patxi Presa Kultura Sustapena eta KMKko zerbitzuburua.


Alvarezek azpimarratu duenez, "bai edizio berri hau, bai 2025erako aurreikusita dagoen programazioa, jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa da jaialdirako. Crossover, Telesailen kulturari buruzko erreferentzia bilakatu da Euskadin, eta telebistako fikzioaren estatu-eremuan duen prestigioa berretsi du. Jauzi kualitatiboa plataformekiko harremana indartu duelako izan da, eta, horri esker, estreinaldi anbizio handikoak izan dira, hala nola "Mariliendre" edo ‘Las hijas de la criada’" bezalako telesailak. Kontaktu sare bat finkatu izanak ere, jaialdiaren ibilbideagatik eta prestigioagatik, lehen mailako gonbidatuak ikusteko aukera eman digu, hala nola Arturo Valls, Nacho Vigalondo edo Ane Gabarain ".

Hala, Crossover sei eguneko jaialdira soilik ez mugatzeko ariketa horretan, eta 2024an "Cristobal Balenciaga" seriearekin egin zen bezala, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak "Desagertuta" telesaila estreinatuko du maiatzean, Primeran telesail berritzailea, gaztelaniaz eta euskaraz aldi berean filmatu dena.

Gainera, "Caricature resolution" erakusketa, maiatzaren 1era arte Donostiako Santa Teresa Komentuan, gaur egun KMK-ren egoitzan, bost marrazkilariren (Lindsey Olivares, Josu Maroto, Unai Gaztelumendi, Mikel Antero eta Dei Gaztelumendi) talde-lana Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera eramango da irailean. Ikusleen aldetik erantzun bikaina izan du erakusketak.

Azkenik, Crossoverrek jaialdiko apusturik berezienetako bat nabarmendu nahi dute prentsaurreko honetan, "Elkarrizketak", hain zuzen ere. Espazio hauek baliagarriak dira hausnartzeko nola bihurtu diren serieak leiho hainbat joera sozial eta kultural aztertzeko eta ulertzeko, eta nola eragiten duten gure jokabideetan eta elkarrizketetan. Horregatik, Palentziak azaldu duen bezala, “urrian Mariola Cubells eta María Guerra protagonista dituen ‘La Substancia. Actrices contra el tiempo’ ikuskizunaz berriro gozatzeko aukera izango dugu” Urrian egongo dira Irunen, Zumarragan eta Eibarren.

2025eko balantze oso positiboa

Zentzu horretan, Patxi Presak jaialdiaren balantzea egin du, eta zortzigarren edizio honek bertaratze errekorra gainditu duela azpimarratu du: 1.500 pertsona inguru izan dira aretoak betetzen, eta berrogeita hamar bat gonbidatu. Gainera, lurraldeko 30 agentek parte hartu dute, jaialdiaren ekoizpenean eta gauzatze teknikoan zuzenean eta zeharka parte hartu dutenak.

www.crossoverseriesfestival.com webguneak 32.000 bisita baino gehiago izan ditu 3.000 erabiltzaile bakar baino gehiago lortuz. Sare sozialetako jarraitzaileen artean ere gorakada nabarmena izan da; eta streaming bidez emandako jarduerek jarraipen handia izan dute, "Mariliendre" -ren aurkezpenak, esaterako, ia 700 ikusle izan zituen aldi berean. Gainera, jaialdiaren Instagram profilak 180.000 bistaratze baino gehiago gehitu dizkio jaialdiari.

Gainera, aurtengo gonbidatuen artean, Crossoverrek Oscarretarako izendapen bat, Emmy sariaren irabazle bat, Goya sari baten irabazle bat eta Planeta sariaren irabazle bat izan ditu. "Duela urte gutxi hori ez zen posible izango, baina argitalpenen baturak helburu eta emaitzetan haztea ahalbidetu digu", azpimarratu du diputatuak.

Horren erakusgarri da Crossover-en egin diren zortzi edizioetan plataforma ospetsuenetako telesailak estreinatu direla, hala nola Atresmedia, Atresplayer, Movistar Plus+, Primeran, SkyShowtime, AMC+, AXN, Disney+, Filmin, Cosmopolitan, Max eta Prime Video.

Zortzigarren edizio honetan Movistar Plus+-en ‘La caza del solitario’ estreinatu da, Carles Porta sortzailearen eta Jorge Ortiz Movistar Plus+-eko Ez Fikziozko Originalen gerentearen eskutik. Halaber, ‘Mariliendre’-ren lehen atala proiektatu zen, Atresplayer-en jatorrizko telesaila, Javier Calvok eta Javier Ambrossik ekoitzia. Javier Ferreiro sortzaileak eta Martín Urrutia eta Omar Ayuso aktoreek aurkeztu zuten.

Horrez gain, Movistar Plus+-en ‘La vida breve’ komedia originalaren lehen atala proiektatu zen. Cristobal Garrido eta Adolfo Valor ('Reyes de la noche') sortzaileek eta Carlos Scholz ('Awareness') protagonistak aurkeztu zuten.

Aipatzekoa da publikoak emanaldi guztiak bete dituela, eta 'Mariliendre'-ren estreinaldiaren kasuan gonbidapenak hogeita hamar minututan agortu zirela.

Bestalde, David Lynchi omenaldia egin diote SkyShowtimeren eskutik, bere lan nagusia, 'Twin Peaks', aztertuz, Nacho Vigalondo zuzendariarekin eta Borja Crespo kultur kritikariarekin.

Aldi berean, 'Las hijas de la criada' telesailaren lehen irudiak aurkeztu dira. Sonsoles Ónegaren eleberrian oinarritutako telesaila da, eta idazlea aurkezpenean izan zen paperetik pantailarako bidaia horri buruz hitz egiteko.

Crossover-en zortzigarren edizioan ere euskal fikzioaren indarraren berri eman da, 'Desagertuta' Primeran telesail berritzailearen aurkezpenarekin. Telesaila euskaraz eta gaztelaniaz filmatu da aldi berean, eta aurkezpena Xabi Zabaleta sortzailearekin, Ane Rot protagonistarekin eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariarekin egin zen.

Aipagarria da, halaber, ‘Ikusle gonbidatua’-k jaso duen erantzun ona. Atal honetan, artearekin eta kulturarekin lotutako hainbat pertsona ezagunek telesailen munduari buruzko beren ikuspegi berezia eskaintzen dute. 'Caricature Resolution 'erakusketaren arduradun diren marrazkilarien kolektiboak, Mikel Yarzak, Joseina Etxeberriak, Elena Caballero ‘La Basu’-k eta Yurre Ugartek hartu dute parte aurtengo edizioan.

Fan Zone

‘Fan Zone’-n, Crossover bere ohiko atalei leial izan zaie, Euskadi Irratiko ‘Baipasa’ saioko ‘Zer ikusi’ zuzeneko grabaketarekin hasita. Ohikoa denez, ‘Series Gourmet’ oso-osorik bete zen Arturo Valls aurkezle eta aktorearekin eta Diego San Jose gidoilariarekin izandako solasaldian.

Publiko leial eta parte-hartzailea duten bi hitzordu klasiko ere errepikatu ziren: ‘Cosecha del 25’ eta ‘Batalla de series’. Azken kasu honetan 'Los Simpson' eta 'Padre de Familia' aurrez aurre jarri zituen, Matt Groeningek sortutako seriearen garaipenarekin.

  

6398