Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen lau proiektuk parte hartuko dute Donostia Zinemaldian
Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen lau proiektuk parte hartuko dute Donostia Zinemaldian
Amat Vallmajor del Pozok Misión a Marte bere lehen lana aurkeztuko du euskal zinemari buruzko Zinemira sailean Natalia García Clark-en Las estatuas lana Nest Film Students sailean ikusi ahal izango da Hikaru Uwagawa eta Génesis Valenzuela ere izango dira, Ulysses eta Tres balas lan berriekin, Ikusmira Berriak sailean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan
Elias Querejeta Zine Eskolak presentzia handia izango du berriz ere Donostia Zinemaldian. Lehen bost promozioetako ikasleek eskolan sortutako proiektu ugari ikusgai egongo dira, SSIFFren 71. edizioko programazioan eta jardueretan.
Zinemaldiaren 69. edizioan WIP Europa sailetik igaro ostean, Amat Vallmajor del Pozoren (Verges, 1996) Misión a Marte lana irailaren 24an eta 25ean proiektatuko da Zinemira saileko programazioaren barruan, hau da, SSIFFn euskal zinemari bereziki eskainitako sailean. EQZEren bigarren promozioko ikaslearen film hori 2022. urtean estreinatu zen, Gijón/Xixóngo FICX Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 60. edizioan, eta Zinema espainiarraren epaimahaikideen Aipamen Berezia jaso zuen. Misión a Marte lanak, bestalde, Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Zinema Jaialdian parte hartu du (eta Film onenaren saria eskuratu du Latexos sailean), baita Bartzelonako D’A jaialdian ere. Nazioarteko estreinaldia, berriz, Berlingo Kritikaren bederatzigarren Astean izan zen, Berlinale jaialdiarekin batera antolatzen den erakustaldi batean. Estatu osoko zinema aretoetan ere estreinatuko da filma, irailaren 29an.
Edizio honetan ere, EQZEko ikasle baten filmak parte hartuko du zine eskoletako ikasleen Nest Film Students sailean. Natalia García Clark (Mexiko, 1994) zuzendari duen Las estatuas film laburra; bosgarren promozioko ikasle horren lana beste hamabi filmekin batera izan da hautatua 53 herrialdetako 209 zine eskoletako 421 proposamenen artetik. Irailaren 28an izango da proiekzioa. Las estatuas filmaren munduko estreinaldia Suitzan izan zen, Visions du Réel jaialdian. Urrian, film laburrak Morellako Nazioarteko Zinema Jaialdian parte hartuko du, Latinoamerikako jaialdirik garrantzitsuenetako batean.
Eskolako ikasleen beste bi proiektu zinematografiko ere izango dira SSIFFn ikusgai, garapenean daude film moduan: alde batetik, laugarren promozioko ikasle izan zen Hikaru Uwagawa-ren (Japonia, 1996) Ulysses, Ikusmira Berriak programaren barruan, eta bigarren promozioko ikasle izandako Génesis Valenzuela-ren (Dominikar Errepublika, 1988) Tres balas, Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren barruan. Proiektu horrek hiru sari garrantzitsu jaso zituen abuztuan Locarnoko jaialdiaren esparruan izan zen Locarno Open Doors industria sailean: Open Doors Grant, Prix ArteKino International eta Berlinaleko Open Doors World Cinema Fund saria. Zinema Akademiaren Egonaldien programako bosgarren edizioaren barruan hautatutako proiektuetako bat da Tres Balas.
EQZEko ikasle ohiek eta ikasleek Zinemaldiko beste arlo batzuetan ere parte hartuko dute (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak, etab.), praktika profesionalen programaren bidez eta SSIFFk zuzenean kontratatuta.
Elias Querejeta Zine Eskolan 2023-2024 Ikasturtea hasi eta lau egunetara hasiko da Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa. Eskolako bosgarren eta seigarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean, eta proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gain.
EQZE ere Kabia ekimen berriaren parte da, Tabakalerarekin eta SSIFFekin batera. Kabia talentu zinematografikoari eskainitako jardunaldia da. Hilaren 25ean Nest saileko filmetako lantaldeak Ikusmira Berriak egoitza-programako egoiliarrekin, Noka programan hautatutako errealizadoreekin eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleekin bilduko dira. Kabiaren asmoa da espazio bat sortzea, zinemagileek ideiak trukatzeko eta proiektuak partekatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, EQZEk proiektu pedagogiko berdingabe eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatua: Artxiboa, Komisariotza, eta Sorkuntza. Eta programa horiei forma emateko, oinarrizkoak dira eskolaren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza esparruak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. Elias Querejeta Zine Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentroa da.
1549