Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Datorren larunbatean Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da Gipuzkoan, "Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde" lelopean

Datorren larunbatean Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da Gipuzkoan, "Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde" lelopean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Museoen Nazioarteko Egunaren egitaraua aurkeztu du asteazken honetan. Museoen eguna datorren larunbatean, maiatzaren 18an, izango da, eta `Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde' leloa izango du aurten.

2024/05/15
Goizane Álvarez Kultura Cultura

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Goizane Álvarez-ek eta Kulturako zuzendariak parte hartu dute, hiru foru museoetako -Euskal Itsas Museoa, Igartubeiti Baserri Museoa, Zumalakarregi Museoa- eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko eta Ekainberriko ordezkariekin batera. Gainera, Gipuzkoako museo hauetako ordezkariak ere izan dira: Euskotreneko Burnibidearen Museoa, Alkizako Ur Mara, Oiasso Museoa, Photomuseuma, Arditurri Parkea, Laboratorium Museoa eta Eibarko Makina Erremintaren Museoa.


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Museoen Nazioarteko Egunaren egitaraua aurkeztu du asteazken honetan. Museoen eguna datorren larunbatean, maiatzaren 18an, izango da, eta `Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde' leloa izango du aurten. Prentsaurrekoan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Goizane Álvarez-ek eta Kulturako zuzendariak parte hartu dute, hiru foru museoetako -Euskal Itsas Museoa, Igartubeiti Baserri Museoa, Zumalakarregi Museoa- eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko eta Ekainberriko ordezkariekin batera. Prentsaurrekoan Gipuzkoako museo hauetako ordezkariak ere izan dira: Euskotreneko Burnibidearen Museoa, Alkizako Ur Mara, Oiasso Museoa, Photomuseuma, Arditurri Parkea, Laboratorium Museoa eta Eibarko Makina Erremintaren Museoa.

“Gipuzkoak bat egiten du Museoen Nazioarteko Egunarekin; egun hori mundu osoan ospatzen da 1977. urteaz geroztik, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren Batzar Nagusiak erabakitakoari jarraituz” jakinarazi du Alvarezek, eta, horretarako, “Gipuzkoako museoek era guztietako programazioa antolatu dute”. "Gipuzkoako museoek ere bat egiten dute ekimenean parte hartuko duten Amerika zein Ozeaniako, Europa, Asia eta Afrikako, 120 herrialdetako baino gehiagotako 30.000 museorekin”, eta adierazi du helburua dela arreta jartzea lurraldeko museoetan, izan Foru Aldundiarenak zein ez, eta haien aniztasunean eta kultur eskaintza zabalean. 

Kultur gune horien garrantzia eta "gizartean duten eragina" nabarmendu ditu, eta Gipuzkoan kulturak "ahalmen ikaragarria duela" aitortu du. "Museoak ondarea babesteko, kultura zabaltzeko eta ezagutza sortzeko lekuak dira, ikertu eta hezteko zentroak". Horregatik, Museoen Nazioarteko Eguna aukera bikaina da kontzientziatzeko museoak bitarteko garrantzitsua direla kultura trukerako, kulturak aberasteko, elkar ulertzeko eta lankidetzan aritzeko. 

Ohikoa den bezala, datorren larunbatean, maiatzak 18, museo gehienetan sarrera doan izango da. Zehazki, Euskal Itsas Museoak erakusketa baten atzean dagoen prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera emango du, gaur egun abian dagoen "Moilak. Tradizioz berritzaileak" erakusketan bisita gidatu bereziak eginda. Ospakizun eguna amaitzeko, arratsaldean, familientzako tailer berezi bat egingo da, bakoitzak bere erakusketa sor dezan.  Gaztelaniazko bisita 12:00etan izango da eta, euskarazkoa, 13:00etan. Gainera, arratsaldean, museoak arkeologia deskubritzera gonbidatuko ditu familiak, indusketa baten urratsak aurkituz eta museoetara iritsi baino lehen piezek egiten duten bidea ezagutuz. Jarduera guztiak doan dira, eta erreserba egin daiteke museoaren webgunean bertan (www.itsasmuseoa.eus), telefonoz (943430051) edo posta elektronikoz (komunikazioa@itsasmuseoa.eus).komunikazioa@itsasmuseoa.eus

Igartubeiti Baserri Museoak familiei zuzendutako tailer batekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna.  Museoen Nazioarteko Kontseiluaren Batzar Nagusiak proposatutako leloari jarraituz,   `Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde', familiak gonbidatzen ditu nork bere museoa sortzera, paperez eginda, Aran Santamaría artistaren eskutik, modulu arkitektonikoak, collage teknikak eta pop-art-a erabilita.

Zumakalarregi Museoak, bestalde, tailer bat antolatu du 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, oihalezko poltsak sortzeko Sandra Rodríguez Urretxuko Kotoi paper dendako animatzaile soziokulturalaren eta turistikoaren eskutik. Saioa 16:30ean izango da, museoan bertan; izan ere, hile honetan museoak 35. urteurrena ospatzen du, 1989ko maiatzean ireki baitzen. Tailerrak 5,5 euro balio du, eta mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean eman behar da izena. Gainera, bisita gidatua egingo da Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa baserrira, non kokatuta baitago museoa, eta bertako lorategira.

Ekainberrin, bisitarien artean arrakasta handiena duen jardueretako bat berreskuratu dute berriz ere. 1969an Ekain kobazuloa aurkitu zuteneko atmosfera berregin nahi da.  Horretarako, argiak itzaliko dira eta, horrela, bisitariak arkeologo eta espeleologo bihurtuko dira, eta zaldi multzo handia, bisontearen marrazkia eta hartzarena lehenengo aldiz ikusi zituztenen antzeko sentsazioak biziko dituzte, izan ere, Ekaingo kobazuloa Europako historiaurreko santutegi nagusietako bat da.

Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, berriz, ostiralean, hilaren 17an, ospatuko du Museoen Eguna; larunbatean itxita egoten baita. Horretarako, bi bisita gidatu antolatu dituzte doan -17:00etan gaztelaniaz eta 18:15ean euskaraz-, “Museoak Gordailuan/Los museos en Gordailua” lelopean jendeak ikus dezan nola kontserbatzen eta zaintzen diren Gordailuan ondare bildumak.  Gainera, zentro horrek piezak maileguan uzteko duen zerbitzua azalduko zaie.

Gipuzkoako museoak

Cristobal Balenciaga Museoak aukera ematen du «Balenciaga.Izaera» eta «Chillida Balenciaga. Forma Tolesten» orain irekita dauden erakusketetara doan sartzeko maiatzaren 18an, 11:00etatik 18:30era bitartean, edukiera bete arte. Ezingo da aurrez erreserbarik egin. Horrez gain, doako bi tailer ere eskaintzen dira, 6 eta 14 urte bitarteko adingabeak dituzten familientzat, museoaz eta haren edukiaz modu dibertigarri eta aberasgarrian gozatzeko. Plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira. Izena emateko azken eguna maiatzaren 16a da, osteguna (14:00), edukiera osatu arte.  Tailerrei buruzko informazio gehiago https://www.cristobalenciagamuseoa.com/aprende/actividades-en-familia/talleres-para-familias /

Bergarako Laboratorium museorako sarrera ere doan izango da larunbatean. Gainera, bi bisita gidatu egingo dira: 10:30ean eta 17:00etan. Halaber, Kataluniako Paleontologia Institutuko Kontserbazio eta Prestakuntza Arloko buru Xenia Aymerch-ek hitzaldi bat emango du 12:00etan “Historias guardadas en frascos” ("Flaskoetan gordetako istorioak").  Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Euskotrenen Burnibidearen Euskal Museoak igandean, maiatzaren 19an ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Museoa 10:30etik 14:00etara bitartean egongo da irekita, eta tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko dizkie bisitariei, honako hauek, hain zuzen: 11:00etan, Vasco-Asturiano tren konpainiako 1004 diesel lokomotorea aterako da, Alsthom enpresak 1965ean Tarben eraikia; 12:00etan, Ferrocarriles Vascongadoseko "Euzkadi" lurrun lokomotoreak, Kraussek Munichen 1920an eraiki zuenak, egingo du joan-etorria; eta, azkenik, 13:00etan, Amorebietatik Gernikarako treneko "Zugastieta" lurrun lokomotorearen txanda izango da, zeina Sharp Stewartek eraiki baitzuen Glasgown, 1888an.

Alkizako Ur Mara museoak erakusketa bat inauguratuko du Museoen Nazioarteko Egunean. Euskadiko 7 eskultorek (Eider Vale, Luisa Aldaburu, Virginia Bosch, Pablo Zuriarrain, Amaia Imaz, Uxue Lasa eta Angel Navas) osatutako erakusketa kolektiboa da. Halaber, Alex Harok (saxo tenorea, saxo sopranoa) eta Gonzalo Encinalek (pianoa) osatzen duten Ura Duok jazz kontzertu bat eskainiko du. Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua. Jarduera honetara joan nahi dutenek helbide elektroniko honetara idatzi behar dute: urmara.alkiza@gmail.com

Zarauzko Photomuseuma larunbatean doan izango da, eta bisita gidatuak egingo dira, bai goizez 10:00etan (euskaraz), bai arratsaldez 17:30ean (gaztelaniaz). Parte hartzeko, 943 13 09 06 telefonoan eman behar da izena.

Bestalde, Irungo Oiasso Museoak, maiatzaren 17an, ostiralean, 19:00etan, Ana María Benito arkeologoaren hitzaldi hau antolatu du: "Una historia sorprendente sumergida en la bahía de Getaria. La nave de Iturritxiki" ("Getariako badian murgildutako historia harrigarria. Iturritxiki ontzia"). Hitzaldi honekin amaitutzat emango da Emakume Arkeologoen Erakusketaren jarduera osagarrien programa. Gainera, maiatzaren 18an, larunbatean, 12:00etan, Zohartu Galan arkeologoak Oiassoko terma publikoetako aztarnategian egindako esku-hartze arkeologikoen berri emango du, eta maiatzaren 19an, igandean, bisita gidatuak egingo dira Xantalen ermitara. Bisita horietan TIR aplikazioa erabiliko da. Ibilbide horri esker, Irungo aurkikuntza arkeologiko nagusiak ezagutu ahal izango dira.

  

2080