Datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak jaso ditu Aldundiak Zumarragan
Datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak jaso ditu Aldundiak Zumarragan
Ugle eskolako ikasleekin batzartu zen foru erakundea
Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria Ugle eskolako ikasleekin batzartu zen atzo, Aldundiaren jardunaren berri emateko, eta haien proposamenak eta erronkak entzuteko. Aurrekontu irekien prozesuaren barruko topaketa izan da. Prozesu horri esker, gipuzkoarrek aukera dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontuak prestatzen parte hartzeko.
Batxilergo ikasleek parte hartu zuten topaketa honetan. Muxikaren aurkezpenarekin eman zioten hasiera: “Hitza eman nahi dizuegu, zuen proposamenak jasotzeko”. Hainbat ekarpen eta iradokizun egin zizkioten gazteek Partaidetzako zuzendariari. Hala, ondorengo gaien inguruko interesa erakutsi zuten, eztabaida zabalduz: kirol minoritarioak gehiago sustatzea, eskoletan ematen den sexu informazioa areagotzea eta gazteentzako lokalak egoteaz gain, gaur egun dauden zerbitzuak handitzea. Halaber, Aldundiari eskatu zioten txirrindulariek errepideetan jasaten dituzten istripuak murrizteko, horretarako errepideak zabalduz, edo beraientzako errepide bereziak sortu. Bestalde, lurraldeko beste herriekin garraio publikoen zerbitzuak hobetu nahi dituzte, bai ordutegietan, bai ibilbidetan.
Ildo horretan Aldundiak dituen proiektuen berri eman zien Muxikak, bere aldetik. Parte-hartzaileei beren jarrera ona eskertu zien eta topaketa “oso aberasgarritzat” jo zuen, bertan entzundakoak kontuan hartuko dituztela aginduz. Zuzeneko komunikazioaren balioa goraipatu zuen, erakundearekiko gertutasun handiagoa sortzeko eta oraindik ere gaur egun dagoen “ezagutza falta handiari” aurre egiteko: “Gainera, aurrez aurreko saio hauek oso baliagarriak dira herritarrei pultsua hartzeko”.
Hurbiltzeko aukera izan ez zuten norbanako eta kolektiboek etzi arte proposamenak aurkezteko aukera izango dute, bai etxeetan banatu den eskuorria betez eta udal erregistroan entregatuz, bai eta sarean ere, gipuzkoa.eus/partaidetza atariko aurrekontu irekien atalean. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.
Proposamen guztiak memoria batean jasoko dira, zein proposamen onartzen diren eta zein ez argudiatuz eta arrazoiak emanez. Parte-hartzaile guztiei bidaliko zaie. Gainera, aurrekontuetan sartu diren eskaerak eta proiektuak nola gauzatzen diren ezagutzeko eta horien jarraipena egiteko aukera egongo da.
1633