Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Deba eta Mutriku berriro lotzen dituen itsasadarreko zubia birgaitu da

Deba eta Mutriku berriro lotzen dituen itsasadarreko zubia birgaitu da

Zubiak Deba eta Mutriku lotzen ditu berriro, 2018ko uztailean zubiaren egonkortasuna arriskuan jarri zuen kolapso partzialaren ondoren.

2022/06/01
Debako zubia

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak, Javier León obra zuzendariak, Gilen García Debako alkateak eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak prentsaurrekoa egin dute Debako itsasadarreko zubia birgaitzeko lanen xehetasunen berri emateko. Zubiak Deba eta Mutriku lotzen ditu berriro, 2018ko uztailean zubiaren egonkortasuna arriskuan jarri zuen kolapso partzialaren ondoren.

Horri dagokionez, Harkaitz Millan Kulturako diputatuak adierazi duenez, «egindako birgaitze lanari esker, zubiaren jatorrizko egoera berreskuratzeaz gain, haren egonkortasuna bermatu dugu, eta, gainera, instalazioak eta akaberak hobetu dira, hala nola, argiztapen apaingarria eta galtzada-harrizko zoladura; horrela, bada, zubia duindu egin da bere ondare-balioen mailaren arabera». Era berean, Millanek azpimarratu duenez, «obra amaitu ondoren, esan dezakegu esku-hartze guztiz berezia izan dela bere kategoriaren barruan, konplexua, baina, era berean, oso interesgarria eta suspergarria ondarearen ikuspegitik. Lan horri esker, diziplina anitzetik lan egin ahal izan dugu, komunikazioetarako horrelako funtsezko egituren funtzionamendua eta eraikuntza-tekniken ezagutzan arakatuz.

Debako Alkate Gilen Garciak lanen konplexutasuna aitortu du, baina herritarren egunerokora ekarri nahi izan du gaia: “Debako eta Mutrikuko herritarrek lotura naturala dugu gure egunerokoan, eta bi herriak lotzen dituen zubiak horretan laguntzen du. Urteotan zaildu egin zaie hori, bereziki Urasamendiko bizilagunei, baina berriz ere berreskuratuko dugu zubiaren lanak amaituta. Obra handia izan da, eta ondorioz, albo ondorioak ere eragin dituena”. Garciak bertako bizilagunei ere eskerrak eman nahi izan dizkie lanek iraun duten bitartean izan duten pazientziagatik.

Zubia birgaitzeko obrak 2021eko apirilean hasi ziren, eta 13 hilabete iraun dute, gutxi gorabehera. Kontratuaren adjudikazioduna Moyua-Harri aldi baterako enpresa batasuna izan zen, eta obra zuzendaritza Fhecor-Injelan aldi baterako enpresa batasunak egin du. Zubia Debako eta Mutrikuko udalen jabetzakoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak du eskumena  Gipuzkoan kokatutako kultura-ondarea kontserbatzeko, hobetzeko eta zaharberritzeko.

Zubia zaharberritzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Debako eta Mutrikuko udalek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, zubia erabat birgaitu arte egin beharreko jarduerak antolatzeko. Hitzarmen horren bitartez, Aldundiak bere gain hartu du oso-osorik larrialdi fasean zein birgaitze fasean egindako jarduketa guztien kostu ekonomikoa. Guztira, 7.131.153 euro izan dira, larrialdi fasea eta birgaitze fasea barne.

Azken proiektua garatzeko hautatu zen alternatiba premisa hauetan oinarritu zen: larrialdiko jarduketaren lehen fasean instalatutako zinbria mantentzea, obraren zatirik handienean, oinezkoen pasabidea bermatzeko, eta 2. zutabearen gainean jardutea hura desmuntatu gabe. Horretarako, honako jarduketa hauek egin ziren: 2. zutabea azpi-berritzea, 2. eta 3. gangak erabat desmuntatzea, 2. zutabearen goiko geometria lehengoratzea, 2. eta 3. gangak berreraikitzea, eta, gainera, 1. estribuko zimenduak eta 3. zutabea azpi-berritzea.

Larrialdiko lanetan bi ertzen arteko komunikazioa bermatzeko eraiki zen egitura mantendu egin da zubia birgaitzeko obrak ia amaitu arte, eta oinezkoentzako komunikazioa ahalbidetu du, baita obra prozesuan zehar ere.

Harlanduzko zubi hori 1866an eraikia da, eta aitortutako ondare-balio handia du, babes bereziko kategoriarekin babestuta baitago Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren barruan (2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzo kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa).

Amaitzeko, Kulturako diputatuak teknikari guztien inplikazioa eta lana eskertu nahi izan du, baita ere Moyua-Harri ABEEaren lan ona, Debako eta Mutrikuko agintarien lankidetza eta bi udalerrietako herritarren ulermena, ulertu baitute zubi horrek bere ondare-balioen mailako obra bat merezi zuela.

  

2939