Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Deba eta Mutriku arteko pasealekuaren azken zatia urrirako amaituko du Aldundiak

Deba eta Mutriku arteko pasealekuaren azken zatia urrirako amaituko du Aldundiak

Lizitazioak 491.104 euroko aurrekontua dauka eta 5 hilabeteko exekuzio epea. Urrirako obra bukatzea aurreikusten da.

2021/02/10

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarbeltzetik Debako zubirainoko errepide zatian oinezkoen pasealekua egitea onartu du aste honetako Diputatuen Kontseiluan. Modu horretara, Deba eta Mutriku arteko ibilbide osoan izango dute oinezkoek pasealekua. Iragarpena, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretarako diputatuak egin du, gaur, Mutriku eta Deba artean dagoen zubira egin duen bisitan. Gilen Garcia, Debako alkatea, eta, Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatearekin lagunduta egin duen agerraldian azaldu duenez obraren lizitazioak ia milioi erdi euroko aurrekontua eta 5 hilabeteko exekuzio epea daukala eta, okerrik ezean, urrirako bukatzea aurreikusten dela.

GI-638 errepidea hobetzeko lanak Ondarbeltz eta Mutriku artean egin zirenean, jardun hori, errepide hobetzeaz gain, oinezkoen pasealekua egiteko baliatu zen. ““Urazamendiko ibilbidea aurreko proiektutik kanpo geratu zen, eta, horren ondorioz, pasealekua erabili nahi duten herritarrek, Deba eta Ondarbeltz artean, galtzadatik ibili behar dute eta horrek istripuak izateko arrisku handiko egoerak sortzen ditu”, esan du Aintzane Oiarbidek.  “Orain, obra burutu ahal izateko, saneamenduko kolektorea eraikitzeko proiektua idatzi dugu eta, aldi berean, Ondarbeltzetik Debako zubirako pasealekua aurreikusi. Modu horretara, oinezkoentzat ere Deba eta Mutriku lotuta geldituko litzateke”, gehitu du diputatuak.

Gaur egun Urazamendiko zeharbideak espaloia dauka lehenengo 375 metrotan, baina, ondoren, Ondarbeltzera arte ez, dago ibilbide egokirik. Hasieran jarraipenik gabeko espaloia eta aparkatutako kotxe artean ibili beharra dago eta, ondoren, errepidearen bazterbidetik ibiltzen dira oinezkoak.

“Proiektua Ondarbeltzeko aparkalekutik ateratzen den espaloian hasten da eta estuarioaren ibilbidea jarraituz, eskoilera bat eraikiko da, saneamenduko hodia bertan joango delarik eta gainean oinezkoen pasealekua”, azaldu du Oiarbidek. “Debako zubitik hasiz gero, lehenengo 375 metroetan gaur egungo espaloia aprobetxatuko da. Horren ondoren, pasealeku berrira sartzeko paso semaforizatua jarriko da eta, ondoren, ibaiaren ertzetik Ondarbeltzeraino iritsiko gara 460 metroko pasealeku berritik”. Ibilbide guztia argiztatu egingo da 20 luminaria bitartez.

 “Ibilbide zati horren segurtasun globala nabarmen hobetuko da galtzadatik oinezkoen presentzia kentzen dugunean. Gainera, bi errepide bazterren arteko bidegurutzea antolatuta eta araututa geldituko da. Lanak amaitzen direnean kostako bi herri hauen arteko komunikazioa nabarmen hobetuko da ez ibilgailuentzat bakarrik, oinezkoentzat ere bai. GI-638 errepidea oso ibilia da –eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da–, bi udalerriak lotzeko ia aukera bakarra baita”, amaitu du esanez Aintzane Oiarbidek.

  

2241