Itxasok Bidasoako kultura eragileekin eztabaidatu du lurraldeko proiektuez
Itxasok Bidasoako kultura eragileekin eztabaidatu du lurraldeko proiektuez
"Kultura sistema iraunkor bat behar dugu, parte-hartzailea eta eraldatzailea"
Denis Itxaso Aldundiko Kultura diputatuak hainbat eskualdeetara egingo dituen bisitekin hasi da, bertako kultura eragileekin biltzeko. Elkar ezagutzea da kontua, Departamentuaren egitasmoak aurkeztea eta partaidetza kate bat zabaltzea iritziak eta esperientziak trukatzeko eta lehen eskutik Gipuzkoa osoko kultura errealitatea ezagutzeko, hartara Departamentuak burutuko dituen proiektu eta jarduera ildoak planifikatzeko. Gaur arratsaldean Irunen izan da Bidasoako eskualdeko kultura eragileekin.
Itxasorekin batera, María José Tellería kultura zuzendaria eta Patxi Presa, aholkularia izan dira, eta bertaratu direnei eskerrak eman eta elkarrekin lan egiteko eskaintza zabaldu die, zonaldeko kultura proiektuak garatzeko.
Kultura diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoak kultura sistema berri bat behar du, erronka sozial, ekonomiko eta kultural berriei erantzuteko. Horregatik ari da bere Departamentua kultura aldaketaren politika bat eramaten, oinarri izango dituena iraunkortasuna, parte-hartzea eta eraldaketa.
Iraunkortasuna
"Errealitate sozio-ekonomikoak baliabide ekonomikoen kudeaketa on bat eskatzen du, administrazioa arrazionalizatuz eta gizartearentzat erabilgarriak diren proiektuei ekinez, eraginkorki eta gardenki. Hori dela eta, giza baliabideak eta ekonomikoak bikaindu egin behar dira, ekipamenduen mapa ordenatu egin behar da, erakundeen zeharkakotasuna indartu egin behar da eta programazioa koordinatu egin behar da, lankidetza programak sustatuz", esan du Itxasok.
Parte-hartzea
Kultura diputatuaren ustez, gizarte zibilak izan behar du protagonista, eta herri administraziori herritarren ekimena erraztea dagokio. Horretarako, Departamentuak Kultura Kontseilu bat sortzea onartu du, bertan aditu eta itzala duten profesionalak bildu daitezen. Gainera, partaidetza indartzen ari dira teknologia digital berriak erabiliz eta sarean lan eginez eragileekin eta entitateekin.
Eraldaketa
Kultura politikaren hirugarren ardatza eraldaketa da; izan ere, Aldundiko kultura arduradunen ustez, modelo eraldatzaile bat behar da, tokiko talentua sustatuko duena. Horretarako, baliabideak bideratuko dira sortzaileengana eta proiektu berritzaileak lagunduko dira, pentsamendu kritikoa sustatzen dutenak elkarbizitzaren oinarri gisa.
Gipuzkoan aldaketa sozial bat izateko Plan Estrategikoa
Itxasok azaldu du ardatz, helburu eta jarduketak Plan Estrategiko baten barruan daudela, zeinak helburu baitu kultura aldaketaren eta hobekuntza sozialaren alde jartzea Gipuzkoan, hiru eremutan eraginez:
- Zentzu sozial handiagoa duen kultura bat, iraunkortasuna eta lankidetza sareak sustatuz.
- Kultura ekosistema orekatu bat, kulturan oreka, irismena eta partaidetza bermatuko duena lurralde osoan.
- Balioen kultura bat, lankidetzaren eta gizarte kohesioaren alde.
"Kulturak balio du gizartea balio jakin batzuen inguruan antolatzeko: bizikidetza, berdintasuna eta elkartasuna, besteak beste. Horretarako, kultura politikek inbertsioa kultura proiektuetara bideratuko dute lehentasunez, azpiegituren gastuen gainetik; baliabideak programa eta sortzaileengana bideratuko ditu; gizarte zibilaren rola sustatuko du kultura ekoizpenean; eta teknologia berriak ere inbertsioen xede izango dira, harreman eta sorkuntza gune berriak zabaltzeko", esan du.
Egitasmo hau proiektu jakin batzuetan gauzatzen da: besteak beste, zinema eskola bat eta pentsamenduaren gela bat sortzea Tabakaleran. Orobat, Gipuzkoako sortzaileen talentua eta sorkuntza sustatzeko lana egiten ari dira, eta, horretarako, abian jarri da Katalpulta izeneko musika zirkuitu bat, aukera bat emango diena artista gazteei. Orobat abiarazi da Kultur Dealers ekimena, mikro-ipuinak makina banatzaileen bidez zabaltzeko.
Itxasok esan du premiazkoa dela bide berriak ezartzea, diru sarrera gehiago ekarriko dituztenak kultura munduaren iraunkortasuna indartzeko. Hori dela eta, Departamentuak hainbat neurri hartu ditu: esaterako, BEZ kulturala itzultzea kultura bonuaren bidez; mikromezenazgo programa berri bat abiaraztea; laguntza eta diru laguntzen irizpideak aldatzea proiektuek lehentasuna izan dezaten egitura edo entitateen aurrean; eta kultura mapa bat egitea, hartara tresna bat edukitzeko Gipuzkoako kultura eragileak eta proiektuak identifikatzeko
Azkenik, ekipamenduei zeregin dinamizatzailea ematea da Departamentuaren helburua. Zentzu horretan. Gordailuaren egitekoa suspertu behar da ondare arkeologikoa, etnografikoa, artistikoa eta historikoa zaindu, ikertu eta sustatzeko zentro gisa, kultur programazioaren dinamizatzailea izan dadin.
1380