Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Deportivity, futbol-zelaietan joko garbia eta errespetua sustatzeko programa

Deportivity, futbol-zelaietan joko garbia eta errespetua sustatzeko programa

Deportivity programa Foru Aldundiko Kirol Departamentuaren, Gipuzkoako Futbol Federazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gesto Deportivoren artean lankidetzan landu da.

2023/11/10
deportivity

Gaur goizean aurkeztu da Deportivity programa Foru Jauregiko prentsa-aretoan.  Programa honen helburua da prebenitzea futbol-zelaietan istiluak izan daitezen, eragile guztiak kontzientziatuta, bereziki kirolari gazteak eta entrenatzaileak. Aurkezpenean izan dira Goizane Álvarez Irijoa Kiroletako diputatua, Manu Díaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea eta Gesto Deportivoko Álvaro Sáenz. 

Programaren helburua da hainbat balio irakastea: joko garbia, aurkaria errespetatzea, arbitroak errespetatzea eta zelaian nahiz zelaitik kanpo kirol jarrera positiboa izatearen garrantzia. Ekimen honen funtsezko parte da entrenatzaileek eta kirolari gazteek aktiboki parte hartzea partiden kalifikazioan eta kirolaren aurkako jokabideak identifikatzen.

Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak proiektua babestu du eta oso pozik azaldu da «lurraldean kadeteen futbolean kiroltasun eta errespetu handiagoko» giroa sustatzen duelako. Deportivityk futbolean joko garbia eta errespetua bultzatu nahi ditu. Horrelako programak bultzatu eta babestu behar ditugu, entrenatzaileak, arbitroak eta partidetan parte hartzen duten guztiak inplikatzen dituztenak, elkarrekin kirol-giro osasungarriagoa eta errespetutsuagoa sor dezagun. Gure gazteek lehiakortasuna sustatzen duen ingurune batean hazi behar dute, baina betiere errespetutik eta fair play-tik abiatuta. Kiroletako diputatu naizen aldetik, lan egingo dut Gipuzkoako futbolean eta kirol guztietan kultura aldaketa hori sustatzeko».

Programa honen jatorria da Alfredo Sáenzen oinarri-futboleko kiroltasunari eta indarkeriari buruzko doktorego tesia. Tresna nagusia da futbol partidak ebaluatzeko erregistroa, 2019an egokitu zena Deportivity aplikazioa sortzeko. Programak fase hauek jorratzen ditu: prebentzioa-sentsibilizazioa, kiroltasunekoak ez diren partiden ebaluazioa-detekzioa eta horietan esku hartzeko protokoloa. Aplikazioak aukera ematen du entrenatzaileek eta arbitroek partidak ebaluatzeko, kiroltasunekoak ez diren partidak identifikatu eta esku hartzeko protokolo bat aktibatzeko ondoren. Federazioak asteroko txostenak jasotzen ditu eta programaren eraginkortasuna ebaluatzen da parte-hartzearen, kiroltasunezkoak ez diren partiden kopuruaren eta beste analisi batzuen bidez.

Proiektu hau Arabako Federazioak iaz jarri zuen martxan, eta denboraldi honetan jarri da abian Gipuzkoako futbolean. Hartara, kadete kategoriako partida guztien jarraipena eta monitorizazioa egiten da, gizonezko nahiz emakumezkoen 11 futbolean eta areto-futbolean.

Manu Díaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak adierazi duenez, "erronka zoragarria da hain asmo handiko proiektu bat abian jartzea, eta espero dugu laster horren ondorio positiboak ikustea. Informazio asko emango digu gertakarien kausak aztertzeko, eta, gainera, jokoaren protagonistekin elkarreragin zuzena izateak adin goiztiarretan hain beharrezkoak diren errespetu eta kiroltasun ohiturak ezartzea erraztuko du».

Gesto Deportivoko Álvarok azaldu duenez, "Deportivityk hiru ikuspuntutatik heldu nahi dio kiroltasun ezaren inguruko lanari. Lehenengoa da prebentzioa eta inplikatutako eragile guztien sentsibilizazioa. Bigarren alderdia Deportivity aplikazioaren bidez gauzatzen da. Alderdi horrek helburu bikoitza du: kiroltasunik gabeko partidak hautematea eta kiroltasunez lehiatzea. Taldeek aukera dute beren kiroltasun maila eta beren eragileena (entrenatzaileak, jokalariak eta harmaila) ezagutzeko. Hirugarren ikuspegia esku-hartzea bera da, hau da, prestakuntzako neurriak aplikatzea kiroltasunik gabekoak edo indarkeriazkoak diren egoerak hautematen diren kasuetan".

Entrenatzaile bakoitzak lau alderdi aztertu beharko ditu partidaren ondoren: beste taldeko entrenatzailearen jarrera, beste taldeko jokalarien portaera, arbitroaren jarduna eta zaleen jokabidea. Alderdi horiek kalifikatuko dira 0tik 10era, eta sailkapen bat sortuko da, topaketan ikusitako kiroltasun-maila islatuko duena. Ebaluazio-eskala bi zatitan banatzen da: 0tik 4ra, kiroltasunik gabeko mailei dagokiena, eta 5etik 10era, kiroltasun mailetan zentratzen dena. Maila bakoitzarekin batera, ñabardura espezifikoak nabarmentzen dituen definizio bat dator, eta maila bakoitzari lotutako portaeren adibideekin aberasten da. Gidak partida jakin bateko jokabideak ebaluatzearen konplexutasuna azpimarratzen du, eta prozesu horretan objektibotasunak eta konpromisoak duten garrantzia nabarmentzen du. Gainera, hizkera komuna sustatzen du kiroltasunezko eta kiroltasunik gabeko portaerak identifikatzeko eta deskribatzeko.

2023-24 denboraldian 2.600 partida inguru monitorizatuko dira, eta 196 taldek hartuko dute parte.

Proiektu honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, berretsi egiten dute jokalekuetatik kiroltasunik gabeko jokabideak desagerrarazteko eta futbolariak eta familiak kirol-jardunean giro segurua lortzeko beharraz kontzientziatzeko duten konpromisoa.

  

2096