Aspace, Atzegi eta Gautenarekin hitzarmenak sendotu dira
Aspace, Atzegi eta Gautenarekin hitzarmenak sendotu dira
Desgaitasuna duten pertsonei arreta ematen dieten elkarteekin dituen hitzarmenak indartu ditu Aldundiak
Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonei arreta ematen dieten elkarteekin dauzkan elkarlanerako hitzarmenak indartuko ditu Foru Aldundiak, 1.364.810 eurorekin. 17,8 milioi euroko diru atala onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak, Aspace, Atzegi eta Gautena elkarteei bideratuko dena, 2018an lurraldean desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza edo bestelako zerbitzuak eskaini ditzaten. Horrek esan nahi du % 8,3 handitu duela Aldundiak diru babesa, iazkoarekin alderatuta. Hiru elkarteek pertsona horien gizarte inklusioaren, integrazioaren eta autonomiaren alde egiten duten lana goraipatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak, eta gaineratu du gaur onartutako neurriarekin, “berdintasunean” oinarritutako etorkizuna eraikitzeko apustua indartzen duela Aldundiak, “inor atzean utzi gabe”.
Aspacek adimen atzeratasuna, garuneko paralisia edo antzekoak dituzten pertsonak artatzen ditu eta hitzarmen berriaren arabera 7.076.182,42 euro jasoko ditu guztira, 2017an baino 207.699 euro gehiago: 3.256.541,20, laguntzak dituzten egonaldi iraunkorreko egoitza zentro eta etxebizitzetarako; 3.446.743.63 eguneko zentrorako; eta 285.272,39, laguntzak dituzten aldi baterako egoitza zentro eta etxebizitzetarako.
Atzegik, berriz, 6.091.490,18 euro jasoko ditu adimen urritasuna duten pertsona desgaituentzako egoitza zerbitzuak eta jarduerak eskaintzeko, iragan urtean baino 853.412 gehiago: 932.884,28 euro egoitza zentro eta laguntzadun etxebizitzetarako; 45.747,90 eguneko zentrorako; eta 112.858 bizitza independentearen laguntzarako zerbitzurako.
Gautenak, bere aldetik, autismoa eta garapeneko desoreka orokortua duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonei hainbat zerbitzu ematen dizkie: egoitza arreta eta eguneko jarduerak, eta beren familiei laguntzeko zerbitzuak. 4.633.089,32 euroko diru ekarpena egingo zaio, azken hitzarmenean baino 303.699 gehiago. Horietatik, 2.835.344,70 euro etxebizitza zerbitzura bideratuko dira; 1.619.134,43 eguneko zentrora; eta 178.610,19 eguneko zentroko zerbitzu osagarrietara.
Hitzarmen horien bitartez, egoitzetan 380 plaza eta eguneko zentroetan 355 plaza kontzertatu inguru eskaintzea ahalbidetzen da hainbat, modalitatean. 2018rako plaza berriak sortzea aurreikusten da, gainera. Foru bozeramaileak nabarmendutakoaren arabera, “desgaitasuna duten pertsonei eta euren familiei arreta eta zerbitzu egokiak eskaintzea lehentasun osoa da gobernu honentzat legealdi hasieratik”. Ildo horretan, gogorarazi du Aldundiak hitzartuta dituen lau plazetatik bat, gutxi gorabehera, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela –2.500 inguru baino gehiago-.
Desgaitasuna duten pertsonen familiek eta gertuko ingurukoek elkarte horietan jokatzen duten papera ere azpimarratu du. “Balio handiko zerbitzu publikoa eskaintzeaz gain, gure lurraldean gizarte zibilak duen indarraren erakusle ere badira. Familien ongizatea eta merezi duten atsedena bermatzea bilatzen dugu, diru laguntza hauen eta beste batzuen bitartez. Zaintzailea zaindu esamoldea betetzea ere gure ardura da eta horretarako hainbat programa desberdinak daude. Izan ere, familiak egon ziren entitate hauen sorreraren eta bultzadaren atzean. Eguneroko funtzionamenduan ere ezinbestekoak dira gaur egun”, adierazi du.
Azkenik, balioan jarri du hiru elkarteek pilatutako “eskarmentua”, gogoraraziz gutxienez 40 urteko ibilbidea dutela guztiek: 1971n sortu zen Aspace, 1960an Atzegi, eta 1978an Gautena. “Lehen eskutik ezagutzen dituzten dauden beharrak, eta hain justu horregatik, beraiek erantzun ditzakete inork baino hobeto, eskuratu duten ezagutzagatik. Sentsibilizazioan lan eskerga egiteaz gain, kalitatezko arretarako soluziorik berritzaileenak bilatu eta aplikatu dituzte. Erakundeok babesa eman behar diogu Gipuzkoan hain garatuta dagoen gizarte eredu honi, bidelagun izatea dagokigu. Hirugarren sektorearekiko elkarlana da gure indargune handienetako bat, desgaitasunaren alorrean eredu izatera eraman gaituena, eta eutsi egin behar diogu horri”.
Baserri bideak
Gipuzkoan landa bideak berritzeko deialdiaren berri ere eman da gaurko agerraldian. Foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 1.600.000 euro bideratuko dira helburu honetara; beraz, iazko inbertsioari eutsiko zaio. Gipuzkoako udalek eta beste tokiko entitateek, oro har, zailtasun handiak dituzte landa azpiegituretan eta landa bideetan inbertsioak garatzeko beraien aurrekontuetatik. “Hori dela eta, azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiten lagunduko diegu aurten ere”, esan du Lasak.
Joan den urtean, esaterako, 67 herri eta toki-erakunderen eskutik, 117 proiektu gauzatu ziren deialdi horren baitan. Udalek egin zuten ekarpena gehitzen bazaio, 3.105.000 euroko inbertsioa eragin zen guztira. Horri esker, 70 kilometro baserri bide berritu edo asfaltatu ziren aurreneko aldiz. 2016an egindako lanak kontuan hartzen baldin badira, guztira 155 kilometro berritu dira. Hori horrela, deialdiaren “irismena” eta “eragin positiboa” azpimarratu du Lasak.
Gaur egun erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan, eta “horiek mantentzea eta berritzea da herriek, batez ere 2.500 biztanle baino gutxiago dituztenek, egiten diguten eskaera nagusietako bat”.
Aldundia Gipuzkoako landa eremu osoan lantzen ari den Landagipuzkoa+ egitasmoaren programetako bat da gaur onartutakoa, argi indar sarea berriztatzeko programarekin batera. Ekintza horiek Gipuzkoan lurralde oreka finkatzera doaz zuzenduta: “Horretarako, zuzendaritza berria sortu genuen legealdi hasieran”, gogorarazi du foru bozeramaileak.
“Gipuzkoa ezin da ulertu landa eremurik gabe. Landa inguruneko herriak eta udalerri txikiak Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat dira, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu dugu. Herri horietan bizi diren pertsonen bizi kalitatea duina izatea bermatzeko konpromisoa dugu. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea dugu helburu, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko. Herri txikiak eta eskualdeak indartsu eta bizi nahi ditugu, ezinbestekoa baita helburu dugun Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea eraikitzeko”, argitu du.
1783