Deskargako errepidea eraikiko du Aldundiak, Gipuzkoako gaitasun handiko sarea osatzeko
Deskargako errepidea eraikiko du Aldundiak, Gipuzkoako gaitasun handiko sarea osatzeko
Antzuola-Bergara amaituta, eskualde eta herritar guztiak konektatuta egongo dira Gipuzkoako Biribilgunearekin
Gipuzkoako gaitasun handiko sarea osatzeko falta zen errepidea eraikitzea onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. Hain zuzen ere, Antzuola eta Bergara lotuko dituen Deskargako errepidearen proiektua onartu du Gobernuak, Gipuzkoako Biribilgunea deritzona amaitzeko gelditzen zen zatia. Obra honi esker, eskualde eta gipuzkoar guztiak konektatuta egongo dira. Lurralde orekaz gain, Deskargak eragin zuzena izango du lurraldeko ekonomian.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Aintzane Oiarbidek, GI-632 errepide honen inguruko zehaztasunak eman dituzte Diputatuen Kontseiluaren ostean. Olanok azpimarratu du bide azpiegituren alorrean Diputazio honen legealdiko proiektu estrategiko nagusienak abian direla jada, hau da, legealdiko lehen urtean martxan jarri direla N-1 errepidean ibilgailu astunei kobratzeko AT sistema eta Antzuola-Bergararen eraikuntza.
“Gipuzkoari falta zitzaion bide azpiegituretako azken obra nagusia onartu dugu gaur. Honi esker, lurraldeak punta puntako gaitasun handiko sarea izango du”, jakinarazi du.
Oiarbidek jakinarazi duenez, GI-632 errepidearen zati horren trazatu berriak 5.000 metroko enborra du. Bergarako Bentaberri inguruan hasten da eta Deskargako tunel berria baino zertxobait lehenago amaitzen da. Bi galtzadako autobidea izango da: noranzko bakoitzean 3,50 metroko bi errei izango ditu eta 2,50 metroko bazterbideak kanpoaldean eta metro batekoak barrualdean.
Obrak 55 milioi euroko aurrekontua du eta 25 hilabete iraungo duela aurreikusten da.
Errepide honek garrantzia berezia dauka eraikuntza proiektu hau amaitzean Gipuzkoako Biribilgunea osatuta egongo delako, eta edozein gipuzkoarrek gaitasun handiko errepide bat izango duelako 15 kilometrotako esparruan. “Gipuzkoar guztiak konektatuko gaituen biribilgunea izango da eta berebiziko pisua izango du lurralde orekan eta ekonomian”. Izan ere, Antzuola-Bergara amaitzen denean, industriak berebiziko garrantzia duen bi eskualde, Goierri eta Debagoiena, gaitasun handiko autobideaz lotuta egongo dira. “Errepide egokiak edukitzea ezinbestekoa da lurralde bateko enpresak lehiakorragoak izateko; azpiegiturek paper garrantzitsua jokatzen dute ekonomiaren garapenean” defendatu du.
Gipuzkoako biribilgunea osatzen duten errepideetako zatirik konplikatuena da Antzuola-Bergarakoa. Bide Azpiegituretako diputatuak proiektuaren ezaugarrien berri eman du eta 5 kilometroko zati horren orografia zaila azpimarratu du: “zonalde horretako lurrak etengabeko mugimenduan daude eta horri gehitu behar dizkiogu aurreko proiektuak kaltetuta utzi zituenak. Proiektu honek hobekuntza nabarmenak dauzka eta, aurreikusten zen aurreko soluzioan ez bezala, etorkizunean AP-1arekin lotura egitea baimentzen du”.
“Gipuzkoar guztiak konektatuko gaituen biribilgunea izango da eta berebiziko pisua izango du lurralde orekan eta ekonomian”
Orain artean ez bezala, gainbegiratze berezia izan du proiektu honek, bai geologian eta baita geoteknian ere. Proiektua idatzi duen ingeniaritza enpresak Miguel Angel Oliveros eta Jose Maria Rodriguez Ortiz geologo adituen aparteko errefortzua izan du. Eta, horrez gain, Diputazioak beste gainbegiratze bat egin du Euroestudios enpresaren bitartez. Oiarbidek adierazi duenez, “geologian guztia aurreikusi ezin bada ere, obran zehar gertatu daitezkeen ustekabeko gehienak aurreikusten saiatu gara zonalde horretan betidanik dauden arazoei konponbidea emanez”.
Antzuola-Bergara zatiak neurtzen dituen 5 kilometro horietan mendi magalak eusteko pantaila ugari egingo dira. Horietako lau, azpiegitura handietan soilik ikusten diren 80 cm eta 120 cm bitarteko piloteekin josita egongo dira.
GI-632 errepidearen zati hau amaitzeak onura ugari ekarriko ditu zonaldearentzat. Besteak beste, errepidearen eraikuntza lanak aprobetxatuz, bestela ezinezkoa izango litzake, Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorria egingo da. Aipatu behar, baita ere, GI-632 errepideak, Antzuola herrigunetik gertu dagoen gaur egungo errepidetik milaka ibilgailu aterako dituela, batez ere, astunak.
2271