Deutsche Schule ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa
Deutsche Schule ikastetxeak irabazi du fiskalitatea berritzeko ideien gazteen ideia lehiaketa
Azkeneko ikasturtean, 92 ikastetxek eta 3.597 ikaslek hartu dute parte Gipuzkoako foru Ogasunak sustatzen duen zerga heziketako unitatean.
Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu du lehen saria Fiskalitatea Berritzeko Ideiak gazteei zuzendutako lehiaketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko ikastetxeetan ematen duen zerga-hezkuntzako unitatearen esparruan antolatzen da lehiaketa hau. Proiektu irabazleak gazteenetan jartzen du arreta, eta maskota bat sortzea proposatzen du, zerga iruzurraren kontrako borroka eta TicketBAI ekimena ezagutarazteko. Bigarren saria hutsik geratu da, baina bi aipamen berezi banatu dira, bata sari nagusia irabazi duen ikastetxe bereko beste talde bati, eta bestea Irungo El Pilar ikastetxeari.
Sari banaketa gaur goizean egin da Donostian, Foru Jauregiaren beheko solairuan dagoen Etorkizuna Eraikiz Gunean. Bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia; Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua eta lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkari eta ikasleak. Olanok, bere hitzaldian, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia dela lurraldea Europa mailan desberdintasun-maila txikienak dituztenen artean kokatzea. Helburu hori lortzeko, administrazio publikoek jokatzen duten paperaren garrantzian jarri du azpimarra, aberastasuna birbanatzeko rola betetzen baitute. “Hau horrela izan ohi da gizarte aurreratu guztietan, eta hori da hain zuzen ere Gipuzkoan izan nahi duguna”, azpimarratu du. Horretarako, gogorarazi du administrazio publikoek baliabideak behar dituztela, errepideetako mantentze-lanak, gizarte-politikak edo suhiltzaileen zerbitzua bezalako esparruak finantzatu ahal izateko, adibide batzuk aipatzearren.
Ildo horretan, nabarmendu du Ogasuna dela finantzaketa hori bermatzen duen erakundea, eta iruzur fiskalak zuzenean erasotzen diola eskema horri. “Iruzur egindako euro bakoitza euro bat gutxiago da gure osasun-sistema edo jasotzen dugun hezkuntza finantzatzeko. Eta ez hori bakarrik: jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik, betetzen duten zergadun guztiei lehia desleiala egitea dakar”, azaldu du diputatu nagusiak. Horren aurrean, berretsi du Ogasunak ezin duela bakarrik lan egin: “Gizartearen konplizitatea behar dugu, batez ere gazteena, zuek baitzarete etorkizuna. Hori da unitate didaktiko honen helburua: zerga-kultura izan dezazuela, eta jakin dezazuela iruzur fiskalak zer kalte eragiten duen, eta horrek horrelako jarreren deslegitimizazio soziala zabaltzen lagunduko du. Zergak saihesteari aurre egin diezaiokegun neurririk eraginkorrena zarete”, azpimarratu du.
Ideia irabazleak
Ideia berritzaileen lehiaketa irabazi duen Deutsche Schule ikastetxeko taldeak ideiari “EsTi-cketBai” deitu diote. Ideia honek proposatzen duena da maskota bat sortzea, gazte eta umeen arreta erakarri eta horrela gizarte osora heltzeko. Maskota honen funtzioa TicketBAIren irudia izatea litzateke, eta mezu argi eta sinplez lagunduta agertuko da beti, fakturazio sistema berriari buruz. Gainera, kalera atera nahi dute kanpaina guztia. “Helburua, azken finean, txikienen arreta lortzea, TicketBAI kalean ikusaraztea eta ekimen hau zertan datzan eta zergatik den beharrezkoa azaltzea da”, azaldu dute ideiaren sustatzaileek.
Aipamen berezia lortu duten ideien kasuan, Deustche Schule ikastetxeko ideiak iragarki bat proposatzen du, ‘ad hoc’ sortu den kanta batekin, kasu honetan ere TicketBAI sistema ezagutarazteko. Berea aldetik, Irungo El Pilar ikastetxeak, aipamen berezia lortu duen bigarren eskolak, ikus-entzunezko proposamen bat egiten du baita ere. Kasu honetan, zergak ordaintzearen eta ez ordaintzearen arteko alderaketa moduko bat egiten da, batez ere bigarren jarrera honek sortzen dituen kalteak erakutsiz, eta batez ere gazteen ikuspegia eta gai honi buruz duten posizioa adieraziz.
Unitate didaktikoa
Peronak ikastetxeak ekimen honetan parte hartzen jarraitzera animatu ditu. “Orain arte lan egin dugun zentroekin daukagun esperientzia oso positiboa da eta, horregatik, interesa duen oro pausua eman eta proiektuarekin bat egitera animatu nahi dugu”, esan du. Unitate didaktiko honen helburua, webgune baten bidez, ekonomiari eta zergei buruzko oinarrizko jakintza ikasleengana hedatzea da, DBHko 4. mailatik aurrera, kontzientzia fiskala handiago bat pizteko xedearekin. Webgunean, euskal zerga sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzen dira, Administrazioak zerga bidez jasotako diruarekin zer zerbitzu publiko eskaintzen dituen identifikatzen da eta, azkenik, iruzur fiskalaren aurkako borrokaren inguruko eztabaida sustatzen da. “Kontzientziazioan aurrera egiteak sekulako jauzi kualitatiboa emate dakar iruzurraren kontrako borrokan, eta helburu horretara bideratzen da gure ahalegina”, osatu du.
Unitate didaktikoa 2014 urtean jarri zen martxan Gipuzkoan, eta 2017an Araba eta Bizkaira hedatu zen. Lehen kurtso hartan, sei ikastetxek hartu zuen parte ekimenean, 190 ikasleko talde batekin. Lehenengo urte hartatik, unitate didaktikoa gero eta ikastetxe gehiagora hedatzen joan zen, urtez urte. Azken ikasturtean, 2021/2022an, Gipuzkoan 92 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, guztira 3.597 ikaslerekin. Euskal Autonomia Erkidegoko mailan, parte hartzen ari diren ikastetxeak 250 baino gehiago dira, eta urtero 8.000 ikasle baino gehiagok jasotzen dute Ogasunak sustatzen duen zerga heziketako formakuntza.
3835