Diesel ibilgailuak hibridoengatik aldatuko ditu aurten Lurraldebusek
Diesel ibilgailuak hibridoengatik aldatuko ditu aurten Lurraldebusek
Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak eta Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok gaur aurkeztu dute Lurraldebusen BEG isuriak murrizteko helburuarekin egin den eraginkortasun energetikoko azterketa.
Marisol Garmendia diputatu sozialistak zuzentzen duen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak, garraio publikoa ingurumenari dagokionez jasangarria izan dadin lortzeko helburuari begira, erabaki du berritzea Lurraldebuseko autobusen flota, eta diesel ibilgailuen ordez autobus hibridoak jartzea. Flota berritzeari 2018an bertan ekingo zaio, gutxienez bi autobus hibrido eskuratuko baitira, lehendik dauden bi dieselen ordez. Aldaketa hau Lurraldebuseko linea guztietan emango da, ibilbide luzekoetan izan ezik. Horri dagokionez, Mugikortasuneko eta Ingurumeneko departamentuak lankidetzan jardun dira, Lurraldebusen eraginkortasun energetikoari eta mugikortasun jasangarriari buruzko azterlana egiteko. Azterlan horretan diesel ibilgailuen eta ibilgailu hibridoen arteko alderaketa egin dute, Lurraldebuseko zenbait lineatan. Azterlana Klima 2050 Estrategiaren barruan egin da.
Garmendia diputatuak adierazi duen bezala, «garraioa da Gipuzkoan BEG gehien isurtzen duen bigarren iturria, garraioak eragiten baititu isuri guztien %30,9, eta Mugikortasun Departamentuaren helburu estrategikoa da garraio publiko jasangarriagoa sustatzea. Hori lortzeko, garraio publikoa bultzatu behar da, eguneroko joan-etorrietarako garraiobide gisa. Eta horretan gabiltza buru-belarri, Mugi sistemarekin, gero eta gipuzkoar gehiagok autoa etxean utzi eta garraio publikoaren aldeko hautua egin dezaten. Baina, gainera, erabaki dugu Lurraldebusen autobusak aldatzea, eta autobus hibridoak jartzea, BEG isuriak murrizteko. Aurten bertan hasiko gara ibilgailuak aldatzen. Pixkanaka aldatuko ditugu, ibilgailu mota honek funtzionatu dezakeen linea guztietan.»
Gainera, Garmendia diputatuak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuarekin batera, Mugikortasunaren Aste Europarraren barruan, Lurraldebusen autobusen eraginkortasunari buruz egin den azterketa aurkeztu du. Azterketaren helburu nagusia da karbonorik gabeko mugikortasuneranzko trantsizioa egitea, eta 2018an bertan ekingo zaio trantsizio horri. Azterketak hainbat ekintza proposatzen ditu, Gipuzkoako garraio publikoa isurketarik gabeko mugikortasunerantz bideratzeko, besteak beste: BEG isuri gutxiko mugikortasun plan integral bat egitea Gipuzkoarako edo jasangarritasun energetikoko irizpide baztertzaileak txertatzea garraio publikoko emakida berriak egitean. Honi buruz, Jose Ignacio Asensio ingurumeneko diputatuak mugikortasun jasangarriaren garrantzia azpimarratu du “klima aldaketaren politikan oinarrizkoa da, beraz, ezinbestekoa da isuri baxuko garraioari bultzada sendoa ematea”. “Hurrengo 10 urtetan garraioaren eta mugikortasunaren egoerak behin betiko jauzia eman behar du elektrifikaziorantz eta Lurraldebuseko proiektu hau pauso garrantzitsua da horretan”.
Azterketa hiriburua gertuko bi udalerrirekin lotzen duten 2 autobus lineatan egin da:
- A1 linea: Donostia – Martutene – Astigarraga – Hernani
- A2 linea: Donostia – Astigarraga – Hernani
Aztertu diren autobusak:
- 2 autobus hibrido Volvo 7900
- 2 autobus diesel Man, biak euro V isurpen maila dutenak.
6 hilabetez kontsumoari eta isurpenei buruzko datuak jaso dituzten 4 gailu jarri dira. Gailuek etengabeko neurketa egin dute, eta online plataformara igorri dituzte datuak. Modulu hau: Eco-Drive Can. Gidari bakoitzaren gidatzearen eta ibilgailuen produktibitatearen datu objektiboak eman ditu. Azterketa honen xedea izan da autobus hibridoen eta diesel autobusen benetako isuriak aztertu, neurtu eta alderatzea, Gipuzkoako egoera eta testuinguru zehatzari begira.
Azterketak islatu duena da autobus hibridoak 12.414 euro gasolio aurreztu dituela 2017an, diesel autobusak izan duen kontsumoaren % 24ko aurrezpenarekin. Gainera, autobus hibrido batek 27 tona CO2 gutxiago isuri ditu epe berean. Kostuei dagokienez, autobus hibridoak inbertsio handiagoa eskatzen du hasieran: 79.100 euro. Baina erregaietan aurrezten dena kontuan hartuta (12.414 euro), inbertsio hori 5 urte eta erdin berreskuratzen da. Autobus hibrido bat eta diesel bat alderatzen baditugu, esan daiteke autobus hibrido batekin 11.919 litro gasolio aurreztuko genituzkeela urtean, eta 27 tona CO2 gutxiago isuriko genituzkeela.
Ondorioz, autobus hibrido batek % 24ko aurrezpena dakar gasolioan, eta 27 tona CO2 gutxiago isurtzen ditu. Lurraldebusek egun 245 autobus ditu: 8 hibrido eta 237 diesel. 8 autobus hibrido horiei esker 95.352 litro gasolio aurrezten dira urtean, eta 216 tona co2 gutxiago isurtzen dira. Lurraldebusen autobus guztiak hibridoak izango balira, aurrezpen hauek lortuko lirateke:
*Aurrezpena erregai kontsumoan: 2.920.155 litro.
*6.615 tona CO2 gutxiago isurpenetan, Gipuzkoako isurpenak % 0,52 murriztuz (13.230 zuhaitz landatzearen baliokide).
-2030erako isurpenak pertsonako 5,4 tona CO2 murriztea lortzeko, isurpenak % 1,5 gutxitu behar ditugu urtero. Beraz, Lurraldebuseko autobus guztiak aldatu eta denak hibridoak izateak helburu horren % 35 betetzen lagunduko liguke.
2848