Digitalizazioaren desafio eta aukerak partekatzeko leihoa Tolosan
Digitalizazioaren desafio eta aukerak partekatzeko leihoa Tolosan
Gipuzkoa Encounter informatika-festak 3.000 lagun inguru bildu nahi ditu Tolosan
Inoiz baino jende gehiago erakartzeko asmoa du aurten Gipuzkoa Encounter informatika-topaketak. Hamaikagarren urtez Tolosan gauzatuko den bilkurak digitalizazioaren aurrerapenak gerturatu nahi ditu gizartera eta industria-sektorera. Martxoaren 17 eta 19 artean, berrikuntza sozial eta teknologikoa sustatze aldera, dibulgazio eta formakuntza ekintza mordoa izango dira Usabal kiroldegian, baita teknologiaren erabilera bultzatzeko jarduerak ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du ekitaldi honek.
Zentzu horretan, 600 metro koadroko Opengune zona publikoari irekia egongo da, eta bertan stand teknologikoak, jokoak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira doan. Prestakuntza-saioetan gai anitz jorratuko dituzte adituek: besteak beste, segurtasun informatikoa, 4.0 industria edo sare sozialen erabilera komertziala. Gainera, txikiek robotikako tailerretan parte hartu ahal izango dute, eta adinduek Whatsappa erabiltzen ikasteko tailerra ere izango dute.
Iaz 2.000 pertsona inguruk bisitatu zuten Opengune, eta, beraz, 600 partaideak zenbatuz, 2.600 lagun ibili ziren Usabal inguruan. Aurten, berriz, bisitari kopurua handitzeko erronka jarri du antolakuntzak, ondo pasatzeko eta ikasteko ekintza ugariei esker. Ordenagailu-postuen erreserba-denbora izugarria ikusita, 15 segundo iraun baitzituen soilik izen-emate epeak, 3.000 pertsona inguru elkartzea espero dute antolatzaileek.
Bilkura babesten duten erakundeek, Euskaltel Konekta fundazioarekin batera, elkarlan publiko-pribatua azpimarratu dute eta topaketaren datu ikusgarriak goraipatu dituzte: 15 kilometro kable eta segundoko 10 gigako internet-konexioa. Zifra horiei esker, Estatuko party teknologiko azkarrenen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.
Teknologia berriek eta digitalizazioak etengabe sortzen dizkigu desafio eta aukera berriak. Aukerak lan munduan erabiltzeko, elkarren artean komunikatzeko, gure eguneroko bizitza errazteko eta, zergatik ez, baita gure aisialdirako ere. Horregatik iruditzen zait Gipuzkoa Encounterrek leiho bat zabaltzen dutela aukera horietara.
Instituzioen laguntza
Gaurko prentsaurrekoan, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatu Ainhoa Aizpuruk adierazi du Gipuzkoa Encounter “prestakuntzarako, sentsibilizaziorako eta dibulgaziorako leihoa” dela, eta digitalizazioaren erronkekin erlazionaturiko “galderak” mahai gainean jartzen dituela azpimarratu du. “Erronka horiek gure ongizateari eta ekonomia-sareari eragiten diete", zehaztu du.
Bestalde, Tolosako alkate Olatz Peon pozik agertu da Tolosako herria “teknologiaren hiria” bihurtuko delako datorren asteburuan, eta tolosarrak eta bisitariak Usabal kiroldegira gerturatzera animatu ditu. Izan ere, publikoari zabalik egongo den gunean doako hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak gauzatuko dira.
SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobanerak 4.0 Industria ardatz duten hitzaldien eta tailerren eskaintza ezagutarazi du, eta zibersegurtasunaren inguruko tailerra eta sare sozialen eta merkataritza elektronikoaren erabilerak merkatuan duen eraginari buruzko ikastaroa aipatu ditu.
Euskaltel Konekta Fundazioaren zuzendari Nerea Lupardoren esanetan, berrikuntza sozialaren eta teknologikoaren alde lanean dihardu Euskaltel, eta Gipuzkoa Encounter arrakasta handiko "made in Euskadi" egitasmoa dela gehitu du.
Azkenik, Gipuzkoa Encounterrek enpresa-ekimen berriak bultzatzeko gaitasuna duela jakinarazi du Euskaltel Konekta fundazioko gerente Sabino San Vicentek, profil profesional ezberdina duten pertsonen arteko "ezagutza elkartrukean oinarritzen baita topaketa".
1913