Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoa erreferente gisa kokatu dute Silver Economyn, nazioarteko foro batekin
Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoa erreferente gisa kokatu dute Silver Economyn, nazioarteko foro batekin
Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoa erreferente gisa kokatu dute Silver Economyn, nazioarteko foro batekin
Adinberri Silver Forum Euskadin egiten den horrelako lehenengo topaketa izango da, eta zahartzearen arloko etorkizuneko etxea aurkeztuko da bertan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Euskadiko Silver Economyren lehen Nazioarteko Foroa aurkeztu dute gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Biltzarra datorren azaroaren 8an eta 9an izango da, Donostiako Kursaal Jauregian. Topaketan punta-puntako adituek parte hartuko dute, eta zahartzearen arloko berrikuntza interesgarriak aurkeztuko dira bertan, etorkizuneko etxea barne; horrela, Gipuzkoa "Zilarrezko Ekonomia" deitzen den esparruan erreferente gisa kokatuta geldituko da.
Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Rakel San Sebastián Adinberriko zuzendariak azaldu duten bezala, nazioarteko foro honen bidez Foru Aldundiak zahartzearen inguruko estrategia are gehiago indartu nahi du, eta Gipuzkoak "Silver Economy" delakoaren arloan dituen aukerak erakutsi nahi ditu. Merkatu hori hazkunde bete-betean dago, lurraldeko BPGaren % 5,5 baita (1.472 milioi euro), eta 31.000 enplegu baino gehiago baititu. Europari dagokionez, kalkuluen arabera, 2025ean, "Zilarrezko Ekonomia" EBren BPGaren % 32 izango da, eta 88 milioi lanpostu sortuko ditu, hau da, enpleguaren % 38.
Datu horiek kontuan hartuta, Foru Aldundiak, Adinberrirekin batera, garapen ekonomikoa indartu nahi du, Gipuzkoak "Silver Economy" deituriko horretan duen potentziala sustatuz. Horretarako, enpresa proiektu berriak sortu nahi ditu, produktu eta irtenbide berriak ateratzeko eta lanpostu berriak sortzeko: "Adinberrik erantzun positiboa eta berritzailea ematen dio gizartearen zahartzeari, produktu, zerbitzu eta ekimen berrien bidez adinekoen bizi kalitatea hobetuko duen elkarlaneko ekosistema bat sortuz eta adineko pertsonen zerbitzura egongo den jarduera ekonomiko berri bat bultzatuz", azpimarratu du diputatuak.
Adinberri estrategiaren barruan hainbat lan ildo daude abian, eta horietako bat Silver Economy delakoari dagokio, "izan ere, oso aukera zabalak eskaintzen ditu, eta Gipuzkoa egoera hori aprobetxatzen ari da, gizarte esparrutik, eta nola ez, ekonomia eta enpresaren alderditik", erantsi du Peñak. Adierazi duenez, Adinberriren erronka da eremu horretan sinergiak eta hazkunde aukerak sortzea, bizitza-luzearen industriako eragileen arteko lankidetzaren bidez, hala nola ezagutzaren eragileen, enpresaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren bidez. Topaketa honen helburua da enpresen berrikuntzak eta konponbideak ikusaraztea, eskariaren beharrak eskaintzarekin lotzea eta joera eta negozio eredu berrietan inspiratzea, azpimarratu du Rakel San Sebastianek, fundazioko zuzendariak.
Azoka eta kongresua azaroaren 8an eta 9an
Testuinguru horretan egingo da Adinberri Silver Forum, eta formatu bikoitza izango du: alde batetik, kongresu bat egingo da, nazioarteko eta nazio mailako adituek parte hartuko dutena, eta, bestetik, azoka bat, esparru horretan gertatzen ari diren berrikuntza nagusiak ikusgai jarriko dituena. Azoka, gainera, hilaren 9an arratsaldean jendearentzat irekita egongo da, eta bisitariek etorkizuneko etxea ikusi ahal izango dute bertan; Habic klusterrak egindako proiektua da, eta azokan aurkeztutako zahartzearen arloko ekimen berritzaileenak biltzen ditu.
Foro horretan parte hartuko duten adituen artean, Saila Rinne-ren ponentzia nabarmentzen da, Europako Batzordeko osasun digitalaren, ongizatearen eta zahartzearen unitateko arduradun gisa. Parte hartuko dute baita ere aditu hauek: Ad van Berlo, Holandako ingeniaria, Smart Homes eta e-Health delakoen esparruan esperientzia handia duena; Dov Sugarman, AgeTech arloko aditu ezaguna; Keren Etkin, gerontologoa eta ‘The AgeTech Revolution’ liburuaren egilea; eta Sarah Thomas, zahartzaroaren arloko berrikuntza estrategian aditua. Gainera, inguruko ekimen eta esperientziak ere aurkeztuko dira.
Azokari dagokionez, hainbat jarduera eremutako 40 erakusketari izango ditu, hala nola arreta eta zainketak, bizitza-luzerarako etxea eta ingurunea, zahartze aktiboa eta osasungarria eta finantza plangintza. Adinberri Silver Forumak, halaber, "living lab" bat egitea aurreikusten du, 30 demo tailer baino gehiagorekin, eta "one to one" bilerak antolatzea eskaintzaren eta eskariaren ordezkarien artean.
Prentsaurrekoan bi erakusketarik ere parte hartu dute -Euskaltel eta Alisys-, eta azokara eramango dituzten konponbideak erakutsi dituzte. Euskaltelek adineko pertsonentzako teknologia eta telekomunikazio ekosistema bat aurkeztu du, erloju eta telefono adimendunek, tabletek eta sentsoreek osatua, eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko app mugikor bat duena. Bestalde, Alisys enpresak osasunerako robotak eskaintzen ditu, osasun profesionalek laguntza zentroetan eta ospitaleetan erabil ditzaten, eta adineko pertsonek nork bere etxean bizitzen jarraitzeko behar duten laguntza izan dezaten.
Adinberri Silver Forum biltzarra Adinberri Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute; Eusko Jaurlaritza lankide da, eta Kutxabank, Caser taldea, Alisys robotika enpresa eta Mapfre ditu babesle.
2298