Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Diputatu nagusia Elgoibarko alkatearekin bildu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko

Diputatu nagusia Elgoibarko alkatearekin bildu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko

Hiritar orori “enplegua, babesa eta etorkizuna” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Elgoibarko Udalak eta Aldundiak.

Elgoibartarrek etorkizunari begira egindako proposamen nagusiak udalerriak behar dituen azpiegiturei buruzkoak dira, baita mugikortasunari eta gizarte-politikei buruzkoak ere. Hala adierazi dute Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez azaroaren 4an Elgoibarren jasotako 82 herritarren ekarpenek. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Ane Beitia alkatearekin izandako bileran eman ditu datu horiek, hainbat udalerritan egiten ari den bileren testuinguruan, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzeko eta herritarrek egindako ekarpenak elkarrekin aztertzeko helburua dutenak.

Beitiarekin izandako bileran, non Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak ere parte hartu duen, udalerriko proiektu nagusiei buruzko ikuspegiak partekatu dituzte, baita zainketen arloan abian jarritako ekimenei buruzkoak ere, pertsona guztientzako “enplegua, laguntza eta etorkizuna” helburu hartuta. Diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoa “lurralde aurreratua eta solidarioa dela, egunero lan egiten duena bere ekonomiaren lehiakortasunari eusteko eta desberdintasun sozialei muga jartzeko, eta gizarte eta ekonomia arloetan ere garatzen jarraitu nahi duena, begirada etorkizunean ipinita”. Gaineratu duenez, ezinbestekoa da lankidetza ildoak “estutzea” eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea.

“Ziurgabetasun handiko garaiak bizi ditugu, are gehiago pandemiaren eta Ukraina kolpatzen duen gerraren itzalpean, ondorio latzak dakartzana, bai arlo sozialean, bai ekonomikoan. Lan handia egiten ari gara krisi berri honen ondorioak arintzeko eta etorkizunari itxaropenez eta konfiantzaz begiratzeko", adierazi du. Horregatik guztiagatik, Olanok gaineratu du erakundeen arteko lankidetza eta harreman ildoak estutzen jarraituko dela, baita herritarren proposamenak eta iritziak entzuteko eta erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzatik politika publiko berriak garatzeko bideak ere.

Bestalde, Ane Beitiak nabarmendu du “entzute aktiboa eta herritarren eta erakundeen arteko harremana funtsezkoak direla aurrera egiteko eta Elgoibar eta Gipuzkoa hobea, kohesionatuagoa, berdinagoa, aurreratuagoa eta berdeagoa eraikitzeko. Gure udalerrian Etorkizuna Eraikiz kapsularen esparruan egindako partaidetza-prozesuaren arabera, herritarren proposamenak nagusiki azpiegiturei, mugikortasunari eta garraioari, eta gizarte-politikei lotuta daude, eta Udala arlo horietan ari da buru-belarri lanean. Olaizaga kiroldegiko igerileku berria, Urazandi edo San Rokeko igogailu berriak, Errotaberriko hurrengo igogailua, Udalbusa edo Gizarte Zerbitzuen Mapa osatzeko apustua nabarmendu ditzakegu, beste askoren artean”, azaldu du.

Alkateak gaineratu du Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremana “etengabea” dela, batez ere gizarte-zerbitzuen esparruan, “eta ildo estrategiko hori partekatzen dugu bai eskaintzen ditugun zerbitzuen katalogo zabalean, bai San Lorenzo egoitzan edo etorkizuneko Errezabal egoitzan. Helburua da udalerri eta lurralde hobe baten alde lan egitea, garapen komunitarioan eta aurrerapen sozial eta ekonomikoan oinarrituta, modu inklusibo eta jasangarrian”, ondorioztatu du.

Azpiegiturak, mugikortasuna eta gizarte politikak

Iazko azaroaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarren kokatu zuen Etorkizuna Eraikiz kapsula. Bertan, 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetzen zitzaien bizilagunei. Elgoibarko kapsulak 80 ekarpen baino gehiago jaso zituen, eta horien artean, azpiegiturei, mugikortasunari eta garraioari, eta gizarte politikei lotutako proposamenak nabarmentzen dira. Ondoren, ingurumenarekin, gazteriaren aldeko politiken beharrarekin, genero-berdintasunarekin eta euskararekin lotutako alderdiak.

Bi urtez luzatzen ari den pandemia baten testuinguruan, diputatu nagusiak azaldu du ezinbestekoa dela gipuzkoarrei entzutea eta haien beharrak, iritziak eta gizartearen proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 24 udalerritan eta lau unibertsitate campusetan egon da, herritarren 2.500 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, diputatu nagusiak gaur azaldu duenez.

Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik,  herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Ahalegin horretan, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” gaineratu du.

  

1995